Atzealdea

Gipuzkoako Aldundiak eta Urretxuko Udalak adostu dute elkarrekin lan egitea Iparragirre jaio zeneko 200. urteurrena ospatzeko

Gipuzkoako Aldundiak eta Urretxuko Udalak adostu dute elkarrekin lan egitea Iparragirre jaio zeneko 200. urteurrena ospatzeko

Denis Itxaso eta Jon Luqui Udalean bildu dira Kulturako taldeekin batera proiektuak bateratzeko, agendak adosteko eta finantzazio ildoak aztertzeko

-ren irudia Gipuzkoako Aldundiak eta Urretxuko Udalak adostu dute elkarrekin lan egitea Iparragirre jaio zeneko 200. urteurrena ospatzeko

2020ko abuztuaren 12an, 200 urte beteko dira José María Iparragirre abeslari eta olerkari urretxuarra jaio zenetik. Bizitza ibiltaria izan zuen, abenturazalea, eta koblakari gisa ezaguna izan zen, beti gitarra alboan eta kantu eta bertsoak sortuz. Izan ere, bertsolari bikaina izan zen. Bere lana euskaraz idatzia da batez ere (orobat erabili zituen gaztelania, frantsesa, ingelesa eta italiera), eta Euskadin eta Nafarroan egun ere abesten diren kantu ezagun eta herrikoi ugari biltzen ditu.  Guztien artean nabarmenena, Gernikako arbola ereserki ezaguna.

 

Hori dela eta, Kulturako foru diputatuak eta Urretxuko alkateak bilera bat egin dute gaur goizean; bertan izan dira Maria Jose Telleria foru erakundeko Kultura zuzendari nagusia eta Maialen Fidalgo Kultura zinegotzia ere.  Topaketan bi erakundeek aztergai izan dituzte Iparragirreren figura gogoratzeko eta omentzeko datorren urtean aurrera eraman nahi dituzten ekimenak. 

 

Kultura Sailak proposatu du ospakizuna "lehentasunezko jardueratzat" jo ahal izatea. Figura horrek onura fiskal bereziak dakarzkie programa honetan egiten diren jarduerak finantzatzeko ekarpenak egiten dituzten enpresa guztiei.  Era berean, Aldundiak Tokiko laguntza lerroak jarri ditu Udalaren esku, udalei zuzendutakoak; halaber Mundura laguntza lerroak ere eskaini ditu, kanpoan jarduera artistikoak garatzen dituzten eta Gipuzkoan asmatu eta ekoitzitako ikuskizunak nazioartekotzeko bide bat diren erakundeei zuzenduak.  Ildo hori bereziki egokia izango litzateke euskal diasporari eta euskal kultur etxeei zuzendutako proiektuak zehaztuko balira, tradizionalki Iparragirreren figura bereziki gustuko izan baitute. 

 

Oraindik zehazteke dagoen formatuko ikuskizun bat ekoizteko borondatea agertu du Aldundiko Kultura Departamentuak, Gipuzkoako hainbat hiri eta herritan barrena ibili ahal izateko. Xede izango du euskal poetaren ibilbide artistikoa eta bilakaera pertsonala errepasatzea eta sakontzea, baita bizitzea egokitu zitzaion garaiko testuinguru politikoa ere. Era berean, Aldundia prest agertu da laguntzak emateko euskal poetaren figura ezagutzera ematen laguntzen duten ikus-entzunezko lanen finantzaketan urteurrena dela eta. Babesa, kasu honetan, Lanabesa dir-laguntzen ildoaren bidez etorriko litzateke.