Atzealdea

Hamaikatxu kopla...!

Egitasmoa: Hamaikatxu kopla...!

Eragilea : Roberto Etxebarria

Telefonoa
652708060
Kontaktua
Roberto Etxebarria

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Musika

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Euskara
Natur zientziak
Musika
Zein balio sustatzen ditu
Kultura transmisioa eta partehartzea
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
DBH1 - DBH2
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
750€ + %21eko BEZa
Jardueraren deskribapena:
Jarduera, 60 minutuko saio bakarrean burutuko da eta musikaz jantzitako koplen mundua izango da ardatz; saio didaktiko musikatua da eskeintzen dena, talde-lana bultzatuz. Roberto Etxebarria trikitilariak ibilbidean zehar ezagutu, erabili eta aztertu izan dituen kopla sortatariko
batzuk mahaigaineratuko dira; alde batetik ezagutzera emateko, modu honetan transmisioa bermatuz, eta bestalde entzuleak berak aztertu eta lantzeko, proposatuko diren kasu praktikoen bidez. Garai bateko hizkera edo kopletarako erabili ohi ziren gaiak, gizartearen islada direnak,
gaur egunerokoarekin alderatuko dira saioan, eta horren inguruko hausnarketa proposatuko da, besteak beste.
Aspektu teknikoago batetik, musikariak berak, berak sorturiko obra musikaletan egiten duen koplen txertaketa azaleratuko da, eta entzuleari kopla horien azterketa praktikoa proposatuko zaio, emanaldian partaidetza aktiboa sustatuz. Aurkezten diren letrak ezagutu, edo kasu batzuetan, horien zantzuak emanda, entzuleak osatu ahal dituen sorkuntza lanak landuko dira.
Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Jarduera saio bakarrean burutzeko proposatzen da, eta horretarako beharrezko azpiegitura eta baliabideak honek dira:

  • Espazioa: interpreteak eta entzuleak egoteko gela nahiko zabala.
  • Proiektorea.
  • Beharrezko jotzen den kasuan, 2 musikarien soinuztapena.
Jarduerari buruzko txostena:

ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALA

Irizpide kontzeptualak:
Koplen inguruko aspektu batzuk ezagutzera emango dira, koplagintzak duen presentziari lotuta: jatorria, gizartean duen funtzioa, izan dituen eta dituen aldaerak, erabilpena,...
Irizpide interpretatiboak:
Entzuleak jasoko dituen doinuen eta hitzen interpretazioa askea izango da; doinuek norbanakoak interpretatu ahal duen esanahia izan ahal du, jasotzen dueneko momentua edo musikaren inguruko ezagutzaren araberakoa izango dena.
Irizpide artistikoak:
Partaidetza aktiboa bultzatuko den momentuan, entzulearen adierazpen artistikoa martxan jarriko da: alderdi erritmiko zein melodikoan.
Irizpide historikoak:
Kopletan agertzen den hizkera ere aztergai izango da beharrezko ikusten den kasuetan, entzuleak horreen inguruan duen ezagutzaren arabera; hiztegia landu ahal izango da, ezagutzen izan ez dituen aldaerak aztertuz, adibidez.
Bestalde, kopletan erabiltzen diren gaiak ere behatuko dira; ahozko transmisioari esker mantendu eta iritsi zaizkigun garai bateko kopletan gai zehatz batzuk agertzen dira, gizartearen eta ohituren islada direnak kasu batzutan, eta beste adibide batzuetan berriz, gai konkretu bat
ez duten kopla sortak aztertuko dira.
Nondik gatozen ezagutu behar dugu, gure sustraietatik abiatuz, ikuspegi zabal bat erakitzeko.

ARLO PEDAGOGIKOA

EDUKIAK
-Euskal doinu tradizionalak.
-Sorkuntza propioko doinuak.
-Koplak.

HELBURUAK
-Doinu tradizional zein sorkuntzako obrak ezagutzea.
-Koplen inguruko oinarrizko ezagutza lantzea.
-Gizartean, urteetan zehar, transmisioaren bidez kultura mantentetzearen garrantziaz ohartaraztea.
-Musikaren esparruan, aspektu teknikoagoak izan ahal diren ahotsa eta erritmoa kasu praktikoen bidez lantzea.

METODOLOGIA
Saioan, bi esparru landuko dira nagusiki; alde batetik entzulearen arreta eskatzen duen musika saioa, eta bestetik, partehartzea bultzatzen duen atala, non entzuleak kantuan zein koplen lanketan kasu praktikoak landu ahal izango ditu.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Roberto Etxebarriak 35 urtetik gora daramatza soinu txikiaren (trikitixaren) munduan, tresna, bere lanbide delarik.

Trikiti munduan, koplek pisu handia izan dute; pieza mota batzuen letrak jartzerakoan kopletara jo ohi da, eta koplari lana, tradizioz behintzat, panderojoleak izan ohi du. Egileak, 20 urteetan zehar Kepa Arrizabalaga panderojole eta koplariarekin batera egin du ibilbidea, aurretik beste
panderojole erreferente batzuk ere ezagutu zituelarik (Pruden Azpiazu, Maurizia Aldeiturriaga,...).

Aurkezten den jardueran planteatuko diren kopla asko Kepa Arrizabalagarekin batera egindako bidean ezagutu izan ditu, eta horreekin batera, bere eremu-ikerketaren lanketarekin etorri zaion ezagutza da, liburuetan bildutakoak aztertuz, zein datu-bilketan bildutako koplak.

Musikari lanetan, sorkuntza lanak, horiekin irabazitako trikitixa pieza berrien txapelketak, eta beste hainbeste esparru jorratzearekin batera, nabarmentzekoa da egindako bidea irakaskuntzan. 1988an irakasle lanetan hasten da, etxean trikiti eskolak emonez. Etxeko eskolak hasi eta jarraian hasiko da bere irakasle bidea zabaltzen: Erromoko Kultur etxea, Gasteizko Trikitixa eskola, Itxartu Dantza Taldea, Mungiako Udal Musika Eskola eta hainbat ikastetxe eta ikastola.

2002az geroztik, Bilboko BilbaoMusika Udal musika eskolan ari da irakasle lanetan.

Kasu honetan, egileak, Hamaikatxu kopla...pandero baten konture! bere azken lanean
oinarrituko du saioa.

Kopla zaharrak, ahotsa eta panderoak osatzen dute lan horren ardatza, errepertorio tradizionaleko melodiak, Robertok berak egokitutakoak, zein sorkuntza propioko lanak direnak, koplaz jantzita azaltzen dira; kopla herrikoiak, gehienak, Javier Kaltzakortak bildutakoak, eta Labayruk argitaratu izan dituenak (Dantza-kopla zaharrak liburua).

Nabarmentzekoa lan honetan, koplen txertatzea, modu berritzaile batetan ematen dela kantuetariko batzutan; Roberto beraren hitzetan: “guk koplaren partea deitzen diogun eta beti kantatu izan dugun zati horretaz gain, agian zati musikalak, beti ezagutu ditugun moduan baino, kantatuak izan ohi zirenaren ideia, buruan darabilt aspalditik, zati musikalen doinuei apaingarriak eta pasoko nota batzuk kenduta, gure dantza-kopla laburrak ederto baten txertatzen direla ikusirik. Hori praktikan jarri, eta hortxe Maria Erramonaren atazak eta Fruiz
doinuak, nire uste, susmo edo agian..., fantasiaren emaitza!”

Koplen dimentsio berriak arakatuz, betiko trikiti doinuetatik haratago, doinu eta erritmo desberdinak uztarturik lortzen den zerumuga desberdin batera begirada irekitzeko aukera ematen digu lan honek, Roberto alabarekin batera plazaratuz, transmisioaren sokaren garrantzia agerian utziz.

DISKOGRAFIA
Bihotzetik bihotzari (1993)
Hamaikatxu kopla...pandero baten konture! (2020)