Atzealdea Ikusgai dago Nathalia Heim-en 'Lurraldeak' erakusketa, PATRIM+ egonaldi artistikoaren emaitza

Ikusgai dago Nathalia Heim-en 'Lurraldeak' erakusketa, PATRIM+ egonaldi artistikoaren emaitza

Erakusketa hau 2019ko uztailean hasitako prozesu baten emaitza da, Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak antolatutako Patrim+ mugaz gaindiko egonaldi artistikoaren testuinguruan.

Ikusgai dago Nathalia Heim-en

Uda honetan Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak, Chateau de Seix (Courserans) eta Espacio Pirineos-ekin batera (Graus, Hueska), PATRIM+ sareko mugaz gaindiko egonaldi artistikoen programan parte hartu du. Prozesu hau irailaren 12an irekitzen den eta azaroaren 30era arte ikusgai izango den Nathalia Heim artista bisualaren Lurraldeak [Territorias] erakusketarekin amaitzen da. Gipuzkoan antolatzen den mugaz gaindiko lehen egonaldia izan da.

Egonaldi hau kultur ondarea praktika artistiko garaikideekin uztartzen duen museoaren lan ildoan txertatzen da. “Gaurkotasunetik museoaren gaiak berrikustea eta ezaguera berriak sortzea da asmoa, PATRIM+ Egonaldiari dagokionez, landa inguruneko emakumearen paperaren inguruko hausnarketatik abiatuz”, azaldu du Kizkitza Ugarteburuk, Igartubeiti baserri museoko arduradunak.

Jarduera honek pertsonak beraien lurraldean ikusgai izan daitezen eta arte prozesuetan parte hartzea sustatzeko mugaz gaindiko lankidetza dinamikak sortzea du helburu.

Emakumea eta lurraldea

Horrela, 30 egunez, Urola Garaiko eta Goierriko 18 emakumeri elkarrizketak eta argazkiak egin zizkien Natheim (Nathalia Heim) artistak. “Helburua, normalean landa inguruneko emakumea moduan ulertzen dena auzitan jartzea izan zen, bakoitzaren historia pertsonalean barrena eginiko ibilaldi baten bitartez”, azpimarratu du Nathalia Heim artista bisualak.

Nathalia Heimek, emakume bakoitzak bere historiarekiko eta ingurunearekiko ezartzen dituen emozio eta loturen argazki erretratuen forman, itzulpen poetikoa burutu du. Erakusketaren inaugurazioan, argazki instalazioaren protagonistak performance-a egingo dute.

Egonaldiaren egunerekoa

Igartubeiti Baserri Museoak egonaldi artistikoaren esperientzia museoko web gunearen bitartez kontatu du. “Museoak Nathaliarekin bizi izan duen prozesua erakutsi nahi izan dugu, 4 astetan artista bat bertan izateak guretzat suposatzen duena ezagutzera emateko: gure inpresioak, hasierako zalantzak, gure lurraldearekiko eta kulturarekiko Nathaliak duen ikuspegiak eskaini diguna... Ez genuen uste hain esperientzia baikorra izango zenik”, azaldu du Ugarteburuk. Eguneroko hau web gunean dago eskuragarri