Atzealdea Joxean Artzeren funtsa eskuratu du Aldundiak

Joxean Artzeren funtsa eskuratu du Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak Joxean Artze musikari eta poeta gipuzkoarraren funtsa eskuratu du, bere obra zaindu eta ezagutzera eman asmoz.

Joxean Artzeren funtsa eskuratu du Aldundiak

Joxean Artze musikari eta poeta gipuzkoarra Euskal Poesia Berriaren sortzaileetariko bat izan zen; haren eskutik iritsi zitzaizkigun euskarazko poesia esperimentala eta abangoardiakoa 60ko eta 70eko hamarkadetan, eta berak sortu zuen, Xabier Leterekin batera, Euskal Poesia Berria, hau da, ahozko literaturatik abiatuta tradizioa integratu eta berritu zuen mugimendua.

Liburutegian zeuden lehendik ere Artzeren lanik esanguratsuenak; zehazki, haren idatziak eta haren figurari buruzko azterlan kritikoak biltzen dituzten hirurogeita hamar argitalpenetik gora. Joxean Artzek bere familiari adierazia zion hori guztia zaintzeko nahia, eta haren alargun Karmen Estebanen erabakiari esker, aparteko ondare hau gehitu zaio funtsari.

Bi ardatz nagusi ditu funtsak: euskal kultura tradizionala eta metafisika, bere bizitzako azken sorkuntza aroan garatutako interes espiritual sakonaren erakusle. Horrez gain, dokumentazio pertsonalak (argazkiak, ziurtagiriak, txartelak, etab.), korrespondentziak, laneko paperek eta dokumentuek, argitalpenen iturri izandakoek, eta lan poetikoarekin loturiko objetuek osatzen dute funtsa.

Eskainitako dokumentuek babestu beharreko ondare bibliografiko bat osatzen dute, bere jarduera intelektualaz gain, bere lan metodo eta interesak ezagutzeko ere balioko baitute. Laneko paper horietan ageri dira gerora argitaratu zituen obra ugariren aztarnak; batik bat, poesia esperimentalari eta abangoardiakoari dagozkionak.

Bildumaren osagarri diren objektuek artistaren lan poetiko eta musikalaren eszenaratzea inspiratzen dute eta testuinguruan jartzen; haren obratik ezin bereiz daitezkeen piezak dira (Oihana auhenka, Omenaldia Udarregiri...).

Dokumentazioak berezko duen balioaz gainera, Joxean Artzeren funts bibliografikoak interes berezia du, Koldo Mitxelena Liburutegian gordeta dauden euskal kulturaren inguruko beste funts batzuen osagarri delako, hala nola, Xabier Leteren bildumarena, duela gutxi katalogatua eta liburutegiko katalogoaren bidez eskuragarri jarria. Biak ala biak «Ez dok Amairu» taldeko kide izan ziren eta harreman estua izan zuten. Artzeren eta Leteren bildumak katalogatu izanari esker, ikuspegi pribilegiatu bat dugu orain euskaraz ekoitzi zuten bi egile esanguratsuren sorkuntza prozesuaz.

Artzeri loturiko funts gehiago ere badira, hala nola Herri Irratiarena –ezinbestekoa izan zen disko ekoizpenaren eta kontzertuen aurkako zentsura are hertsiagoari itzuri eginez Ez dok Amairu zabaltzeko– eta literatura esperimentala argitaratzen zuten Donostiako aldizkarienak (hirurogeita hamar eta laurogei hamarkadetako Kurpil edo Kantil argitalpenak, esaterako). Antonio Zavalaren funtsarekin ere bada loturarik, funts horretan baitago bilduta XX. mendearen bigarren erdiko abangoardia horrek berraurkitu, aberastu eta berritu zuen ahozko tradizioa.

XX. mendeko euskal poetak eta idazleak ikertzeko, ikerketa-beka

Funtsa eskuratzeaz gain, Foru Aldundiak, EHUko Mikel Laboa Katedrarekin lankidetzan, ikerketa-beka bat sortu du, Joxean Artze izenekoa, doktorego tesi bat egiteko XX. mendeko euskal poesia eta literaturari buruz. Hautatutako pertsonak doktoratu aurreko kontratu bat lortuko du, urtebeterako, ondoz ondoko beste hiru urtean berritu ahal izango dena, doktorego tesia EHUko sail edo institutu batean egin dezan. Foru Aldundiak, aurten, 22.000 euro ditu helburu horretarako, eta beste horrenbeste, datozen hiru urteetarako.

Proposamenak ebaluatzeko orduan, alderdi hauek balioetsiko dira: proiektuaren eta metodologiaren helburua eta interesa, ikasketa-espedientea, azterketak berekin eramatea Foru Aldundiaren ondarea erabil eta aintzat har dadila, eta euskaraz egin dadila.