Atzealdea

Kresala Ikonografiak

Egitasmoaren izena : Kresala Ikonografiak

Eragilea : Kresala dantza taldea

Telefonoa
666 675 494
Kontaktua
Faustino Aranzabal

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Dantza

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Musika
Gorputz hezkuntza
Plastika
Zein balio sustatzen ditu
Inklusioa, generoa eta aniztasuna.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
200€ (BEZa barne) saio bakoitzeko
Jardueraren deskribapena:

IKONOGRAFIAK dantza proiektu tailer praktiko bat da.
Gai eta izaera jakin bateko irudien multzoen tailer lanketa.
Oinarria, euskal dantza tradizional garaikidea da.

Jarduera

Ikasleek dantzaren oinarriak landuko dituzte, beren adinera egokituta: gorputzaren kontzientzia hartzea, espazioaren erabilera, musika eta erritmoari buruzko lana, rolen eta ikonoen estereotipoei buruzko hausnarketa. Elkarrekin lan egitera gonbidatzen ditugu, proiektu proposamen hau guztion artean osatzeko. Adibide gisa, Soka-dantzak gizarte komunitatean duen elementu integratzaile eta kohesionatzaile modura landuko dugu gaur egungo ikuspuntutik.

Tailerra

Aurkezpen labur baten ondoren, hasierako erritualari ekingo zaio, berotze ariketa txiki bat burutuz. Jarraian, ariketa didaktiko batzuen bitartez, urrats ezberdinak partekatzen dira eta hauek elkartuz aldairak edota esaldiak txirikordatzen dituzte. Bakarka, hausnarketarako mugimendu eta keinuen lanketa burutzen da, ikasleek aukeratutako gai zehatz baten inguruan keinuen hizkuntza dramaturgia baten bitartez dantzan txertatuz, horren inguruko erreflexioa lagun. Amaitzeko, zatika landu den material guztia osotasun batean egituratzen da. Azkenik, egindakoari buruzko bakarkako eta taldekako barne azterketa dator.

Erregistroa

Proiektuan egindako lan guztiaren memoria irakurketa bezala, amaieran erregistro grafiko bat burutzea planteatzen da, aztarna artistiko gisa. Euskarria, oinarrizko paper txuria. Pintzela, ikasleen oinak. Kolorea, zuri-beltza. Saio bakarrean mugimendu sekuentzia ezberdinak errepikatuz, estanpazio grafikoko tirada pare bat burutuz. Ondoren, grabatu obra hauek ikastetxean erakusgai jartzea proposatzen da.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:
KASTETXEAK JARRI BEHARKO LITUZKEEN HIRU BALIABIDEAK
  • LEKUA: Soinketa gela (kirol-gela, aire zabaleko espazioa edo delakoa).
  • MUSIKA EKIPOA: Audio erreproduzigailua (CD eta USB irakurgailuentzat).
  • PAPER ZURIA: Bobinetan datorren paper zuria (20 bat metro).
Jarduerari buruzko txostena:

JARDUERAREN ALOR KONTZEPTUALA

IKONOGRAFIAK mundu tradizionalaren ikuspegi berriztatua eskaintzen duen dantza proiektu bat da. Keinua, artea eta mugimendua estuki lotuz gorputz bakarrean moldekatua. Ikuskera berri bat du, lengoaiaren fisikotasunera gerturatzen dena, niaren gizabanakoaren kodean, herritarron guaren giza kolektiboarekin konektatzen duen izaki bizidun gisa.

IKONOGRAFIAK proiektuan emozioa eta arrazoia uztartzen dira, pultsio animiko bilaka litezkeen ikonoen bidez, mugimendu kodifikatuaren konplizitatea bidelagun bakar dutela. Jarduera denboratik kanpo kokatzen da eta fisikoki ikusgai egiten du, keinuen bidez memorian ainguratuta geratzen dena.

ALOR ARTISTIKOA ETA HISTORIKOA

IKONOGRAFIAK proiektuarekin dantza lantzeko tresna bat ematen diogu geure buruari, halako moldez non horrek aipamen bat gehitzen dion gaur egun dantzari buruz dagoen arketipoen eta historiaren irakurketak aztertuz, beste interpretazio batzuei sarbidea emanez. Etenik gabe mugitzen den ezagutzazko denbora bat konfiguratzeko bulkadatik ekin, aurrez ezarritako irudikerietan hasita.

Proiektuaren harira, dramaturgiari eta emoziotik sortutako mugimenduaren koherentziari garrantzi berezia ematen zaio. Praktika zirraragarri bat, etenik gabe aldatzen dena denboraren esfera biraraziz partekatutako sentimendu bizia kodean sortzeko xedez, abangoardia historikoak eta mugimendu artistikoak lotuz, denboratik kanpoko parabola eta metaforekin batera. Euskal kulturaren ikonoak diren: Oteiza, Chillida, Laboa edota Atxaga moduko sortzaileen obrekin euren lanak azalduz eta partekatuz.

MEMORIAREN ERREGISTROA ETA ERAKUSKETA

IKONOGRAFIAK dantza proiektuan egindako lan guztiaren memoria irakurketa bezala, tailer amaieran erregistro grafiko bat burutzea planteatzen da, aztarna artistiko gisa. Euskarria, oinarrizko paper txuria. Pintzela, ikasleen oinak. Kolorea zuri-beltz. Saio bakarrean mugimendu sekuentzia ezberdinak errepikatuz, estanpazio grafikoko tirada pare bat burutuz. Alegia, ikastetxean zein udal aretoan erakusgai jarri daitezken IKONOGRAFIAK dantza proiektuari buruzko erakusketa grafikoa.

IKASKUNTZA ESPERIENTZIA BERRI GISA

Ikasleen prestakuntzarako dantza hurreratzeko lan integratzailea da, ikasle zabalentzat aurreikusita. Proiektu hezitzailea ikastetxean ekite-lerroak indartuz programa espezifikoak abian jarriz, sarbidea erraztuz pertsona babesgabeenei ere, dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua dutenei. Estrategia eta sentsibilizazio akzioak eskola-zentroetara iritsiz, dantza-komunitate ahalik eta handiena osatzeko, elkar elikatuz leku horietako begirada gurutzatuekin. 

Dantza-jardunaldian gorputz-adierazpenaren hizkuntzen dibertsitateari lotutako diskurtsoen askotarikotasunari bidea ematen diogu. Ikasleentzat interesgarriak diren bilaketak egin, jakin-mina eskatzen dutenak beren prozesura zein gaur egun bizirik dauden hainbat eta hainbat kodetara hurreratzeko. Testuinguruak arakatu ohiturak sortzeko, zeintzuetan begirada lana bezain subjektiboa den, eklektizismora hurbiltzeko hautemate baterako bideak aurki ditzan.

GIZARTE BALIOAK: INKLUSIOA, GENEROA ETA ANIZTASUNA

Ikasleen heltze-bidearen barruan irudi anitzak eraiki: sortu, komunikatu eta pentsatu. Zentzumenen hautematera zuzentzen gara, jakin-minera, emozioetara, ametsen alderdirik ezkutu eta sakonenetara. Sormenaren inklusio jolasak eskainitako aukera multzo bat zabaltzeko eta erakusteko, praktikan eskuragarri bihurtzen den horretara iritsita, baita zentzu sozial sendagarri batetik begiratuta ere. Azken finean, norbaitekin komunikatzea da, zerbait komunikatzeko.

Geure buruari galderak egin ziurtzat ematen diren gauzei buruz. Elementuak txertatu –aurretik inoiz planteatu gabekoak– ordezkatzen dutenarekiko erlazioan, jarrera horrek haietara iristeko beste modu batera eraman gaitzan. Dantzak berezitasun bat baldin badauka, horixe da hain zuzen ere: generoek ezarritakoari beste paradigma bat ezartzea. Desmuntatu eta beste modu batez hautematen ikastea. Nahitaez autokritikoa izan behar duen begirada baten exijentzia inplikatzen duen urrutiratze bat.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Faustino Aranzabal. Dantza tradizionalean, akademikoan eta historikoan trebatua hainbat irakaslerekin. Arte eszenikoetan graduatua eszenografia espezialitatean. Artelekuko arte-tailer ugaritan parte hartutakoa. 1993tik gaurdaino, Kresala konpainiaren zuzendari artistikoa da, talde horrentzat 64 obra berriak sortuz Euskal Herriko errepertorio koreografikoan txertatu direnak. 2000. urtean, Han dantzarako ikergunea sortu zuen. Dantza maisua da, eta ikastaro monografikoak ematen ditu Euskadin eta atzerrian. Hezkuntza alorrean dantzaren sentsibilizaziorako hainbat proiektu eta tailer zuzentzen ditu.
Hainbat liburu argitaratu ditu.

  • 1993-94 ikasturtetik gaurdaino, dantza-maisua DBH eta BATX-ko maila guztietan. Santo Tomas Lizeoa. Donostia.
  • 1993-94 ikasturtetik gaurdaino, dantza-maisua LH-ko maila guztietan. Zurriola Ikastola. Donostia.
  • 1993-94 ikasturtetik gaurdaino, dantza-maisua HH-ko maila guztietan. Zuhaizti Eskola Publikoa. Donostia.
  • 1993-94 ikasturtetik gaurdaino, dantza-maisua akademiako maila guztietan. Kresala Dantza Eskola. Donostia.
  • 1994. urtetik gaurdaino, dantza-maisua atzerrian gazteentzat udako dantza tailerretan: Porton, Veronan, edota Quiton.

Euskal Herriko dantza konpainia, Gipuzkoan sortua. 1993az geroztik, Faustino Aranzabal da zuzendari artistikoa. Sorkuntzarako inspirazio iturritzat mundu tradizionala hartuz, eredu originala sortu du, mugimenduaren kalitateari garrantzia emanez. Obra hauek nabarmentzen dira: Hostoak (1996), Soka (1998), Bestaberri (2000), Marixe (2002), Sehaska (2006), Buba eta Bubu (2011), Oteizaren kaxa beltza (2014), Zeruko (2017) eta Amoria & Dolore (2020). Abangoardia historikoen eragina du, eta bere lana hainbat biurtekotan erakutsi du, Lyonen, Wuppertalen, Venezian eta Kasselen besteak beste.