Atzealdea Kurssal Eszenaren denboraldi berria

Kurssal Eszenaren denboraldi berria

Usandizagaren “Mendi Mendiyan” eta Mozarten “La flauta mágica” izango dira Kursaal Eszenaren denboraldi berriko protagonistak

Kurssal Eszenaren denboraldi berria

Kursaal Eszenaren 2019ko lehen denboraldia bi opera protagonistetako batekin hasiko da. Mozarten “Txirula magikoa” operarekin, hain zuzen, otsailaren 22an eta 23an, Opus Lirica-k ekoitzita. Musikaren historiako opera entzutetsuenetako bat da hau, eta Vienako ipuin tradizional dramatizatuak ilustrazioko ideal humanistekin konbinatzen ditu, antzezpen erritu berean. Ekainaren 29rako dago lotuta denboraldiko ezinbesteko hitzordua: José María Usandizagaren “Mendi Mendiyan” altxor lirikoa Calixto Bieitok eszenaratuko du. Berriz ere egin beharko dio aurre maila goreneko euskal autore baten obra eszenaratzeko erronkari. Produkzioa Arriaga Antzokian estreinatuko da eta jarraian aurkeztuko da Kursaalen.

Otsailaren 23an, haurrentzako “Isiltasunaren haitzuloa” musika-ipuina izango da Kursaalen, Musika Familian ekimenaren programazioan. Non hartzen du atseden musikak haren soinurik entzuten ez dugunean? Galdera horri erantzun nahi izango dion neskatila baten istorioa kontatzen du. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gela proiektuak ekoitzi du lan hau.

Horrez gain, otsailaren 24rako “Txirula magikoa” operaren haurrentzako piano bertsioa diseinatu du Opus Liricak, Musika Familian ekimeneko bigarren hitzordua.

Otsailaren 26an abiatuko da musika klasikoko abonuaren programazioa: La Cetra Barockorchester Basel eta Patricia Petibon sopranoa arituko dira, Mundu Zaharraren eta Berriaren arteko bidaian. Aria ezagunak interpretatuko dituzte, besteak beste. Mundu Zaharra melodia barroko frantses, ingeles eta espainiarrek ordezkatuko dute, eta berria, ostera, Latinoamerikako kantu herrikoiek.

Martxoaren 7ko kontzertua izango da denboraldiko azpimarragarrienetako bat: Mahlerren “3. sinfonia”, konpositoreak naturari zion maitasuna adierazteko idatzi zuena, entzuteko aukera izango da Gustav Mahler Jugendorchester gazteen orkestraren eskutik. Webern, Mozart, Dvorak eta Van Bree ekarriko ditu, aldiz, programa original batekin, Concertgebouw Chamber Orchestrak, apirilaren 7an.

Maiatzean, bi hitzordu izango dira: batetik, Ruper Ordorika, maiatzaren 5ean, eta, bestetik, Akademie Für Alte Musik Berlin, maiatzaren 25ean. Ordorikak bere luxuzko Mugalaris taldearekin emango du kontzertua: sasoi ezberdinetako kantuak joko ditu hamabost disko baino gehiago atera dituen euskal kantugileak. Berlindik datorren ganbera orkestrak barrokoko pieza ezagunenetarikoa den Haendel-en “Uretako Musika” interpretatuko du, urarekin lotutako beste nazio batzuetako obrekin batera.

Uztailaren 2an, Beirut talde estatubatuarra “Gallipoli” bere azken diskoarekin helduko da Kursaalera. Izen hori Italiako herri txiki batetik datorkio diskoari. Zach Condon diskoa grabatzen ari zela, Erdi Aroko Gallipoli uharte gotortuan izan zen eta bertan prozesio bat ikusi zuen: haize-instrumentuekin batera santu bat herriko kaleetan zehar zeraman apaiz talde bat. Hurrengo egunean bertan disko osoaren logika gidatzen duen kantua idatzi zuen, taldearen doinu zahar eta berriak gogora dakartzan musika-lana.

Loreena McKennitt-en kontzertuak emango dio amaiera denboraldiari, aire zelta eta folk doinuekin, uztailaren 11n. Hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea egin duen musikariak “Lost souls” argitaratu du. Diskoan memoria gai da noraezean igarotzen dugun denborari zentzua emateko eta munduan gure lekua topatzen laguntzen digu.

ESKOLA KONTZERTUAK

Zuzeneko musika klasikoa gure inguruko eskola-umeei gerturatzeko jarduera hau antolatu du Kursaal Eszenak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin lankidetzan. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasgela berezi bilakatuko da Kursaal Auditorioa martxoaren 25 eta 26an. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Musika Gelan ekimenaren “Pianissimo” ekoizpena 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzat prestatuta dago.

KURSAAL ESKURA

Kursaal Eszenak, oraingo denboraldi honetan ere, aurrera egingo du Kursaal Eskura proposamenarekin; Donostiatik urrutien dauden gipuzkoar udalerrietatik datozen zaleei Kursaalera etortzea errazteko asmoz.

Antzuola, Arrasate, Bergara, Elgoibar, Getaria, Ezkio, Itsaso, Legazpi, Urretxu, Oñati, Tolosa, Zarautz, Zumaia eta Zumarragako entzuleek izan dute jadanik ekimen honetaz gozatzeko aukera, Kursaal Eszenak antolatutako kontzertuetan, eta laster beste udalerri batzuek ere proiektu honetan parte hartzea espero da.

Kursaal Eskura 2014. urtean sortu zen, Kursaal Eszenaren eta Gipuzkoako zenbait udalen elkarlanaren bidez. Doako autobus-zerbitzu bat jartzen du zaleen esku, udalerri horietatik abiatzen dena, eta, Kursaaleko kontzertua/ikuskaria amaitzen denean, jatorrizko abiapuntuetara itzultzen dena.

ABONUAK ETA SARRERAK

Abonuen eta sarreren salmenta astelehenean hasiko da, abenduaren 17an, Kursaleko leihatilan (astelehenetik ostiralera 11:30etik 13:30era; ostegun eta ostiraletan baita 17:00etatik 20:00etara; larunbatetan 17:00etatik 20:00etara) edota Kursaaleko webgunean (www.kursaal.eus). Gogoan izan helbide hau dela sarrerak online erosteko baimenduta dagoen kanal bakarra.

Musika klasikoko abonua erosteko azken epea otsailaren 26a izango da. 5 kontzertutarako abonua da (La Cetra Barockorchester Basel & Patricia Petibon, Gustav Mahler Jugendorchester, Concergebouw Chamber Orchestra, Akademie für alte musik Berlín eta “Mendi Mendiyan” opera antzeztua). Sarrera arrunten aldean, abonua erosteak prezioaren %20a aurreztea dakar, baita bestelako abantailak ere.