Atzealdea lparraldea Bertan zikloa Koldo Mitxelena Kulturunera itzuli da

lparraldea Bertan zikloa Koldo Mitxelena Kulturunera itzuli da

22. edizioa da, eta musikari, literaturari eta zinemari buruzko hiru saio izango ditu, hilaren 7an, 14an eta 21ean.

lparraldea Bertan zikloa Koldo Mitxelena Kulturunera itzuli da

Koldo Mitxelena Kulturuneak "Iparraldea Bertan" urteroko zikloaren 22. edizioa hartuko du martxoan. Aurtengo hiru proposamenak astearteetan egingo dira (7, 14 eta 21) eta musikaren, literaturaren eta zinemaren ingurukoak izango dira.

Lehenengo saioa, martxoaren 7koa, Julen Achiary eta Maddi Oihenarten kontzertu bat izango da. Lehenengoak biltzen ditu Euskal Herrian jaiotako arbasoen abestien tradizioa (haurtzaroan jasotakoak) eta munduan zehar egindako bidaietan ezagutu dituen kultura desberdinen eraginak. Oihenartek, berriz, oso ondo ezagutzen du Zuberoa inguruan iraun duen mendiko artzainen kantu tradizioa; a cappella abesten du, haiek bezala, eta naturarekin lotutako gaiak jorratzen ditu, betiere emozioa azpimarratuz. Biak elkartu dira euskal kultura herrikoiaren legatu ederrenetako bat eskaintzeko gau-emanaldi hunkigarri batean.

Martxoaren 14an, asteartean, Adur Larreak Lurbinttoko ohoinak eleberri grafikoa aurkeztuko du, Elkar-ek 2022an argitaratua. Bertan, Bilboko marrazkilariak Lapurdin 1795ean izandako gertakari historiko baten berri ematen du: Konbentzioaren Gerra amaitu ondoren, Ezpeletako, Itsasuko eta Kanboko soldadu ohiak garai batean deportatu eta erbesteratu zirenetako batzuekin elkartu ziren, eta gerran eskuratutako esperientzia eta armak baliatu zituzten frontera bidali izanaren erredunak jazartzeko. Saio horretan, Larreak bere sortze-prozesuan sakonduko du, eta eleberriaren kokapen historikora bidaiaraziko du publikoa.

"Iparraldea Bertan" zikloa amaitzeko, hilaren 21ean Bañolet filma proiektatuko da, eta ondoren mahai-inguru bat egingo da. Maia Iribarne Olhagarai-k eta Paxkal Irigoyen Etxeberriak idatzi eta zuzendutako filma Eiheralarren grabatu zen 2021eko udan, eta herriko biztanleak berak aritu ziren aktore lanetan. Filmak fikziozko herria aurkezten du, testuinguru geopolitiko berezi batean eraikia eta herri zapalduak berriki berreskuratu duen lurralde batean kokatua. Narrazioa haurtzaroaren begiradatik abiatzen da, haren hausnarketak eta jolasak erreferentziatzat hartuta.

Filmaren zuzendariak hilaren 21eko saioan egongo dira eta, film luzea proiektatu ondoren, solasaldi bat eta kontzertu txiki bat eskainiko dute, proiekturako konposatu eta grabatu duten jatorrizko musika zuzenean interpretatuz. Gainera, moderatzaile lanetan Beñat Iturrioz Perez zinemagile hernaniarra izango dugu.

Iparraldean Bertan’ zikloaren 22. edizio honetako hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etatik 21:00etara, Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian.