Atzealdea Memoria historikoa eta herritarren partaidetza uztartuz

Memoria historikoa eta herritarren partaidetza uztartuz

Gerra Zibilean Gipuzkoan gertatutakoari buruzko proiektu bat jarriko da martxan, memoria tailerrekin eta parte-hartze prozesu batekin

Memoria historikoa eta herritarren partaidetza uztartuz

Gipuzkoaren historia zabaldu egiten da, oinarritik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimen honen ekarpenarekin: «Historiaren memoriak. Gerra Zibila Gipuzkoan: erresistentzia eta duintasuna». Proiektu memorialista eta parte-hartzailea da, gatazkan parte-hartze zuzena izan zuten gizon zein emakumeen izenak ahanzturan eror ez daitezen laguntzea bilatzen duena.

Horrela, isilarazitako historia berregin nahi du Kultura Departamentuak, eta, aldi berean, omenaldi bat egin askatasunaren alde borroka egin zuten guztiei. Proiektuak hausnarketa bultzatu nahi du, eta uztartu nahi ditu, batetik, historiaren arloa, jardun profesional zientifiko gisa ulertua, eta memoriaren arloa, identitate prozesu kolektibo gisa, iraganari, orainari eta etorkizunari dagokienez.

Parte hartzeko, bi bide

Batetik, etxean beren senitartekoren baten dokumentazioa eta objektu pertsonalak dituzten horiek, hala nola argazkiak, karnetak, igarotzeko baimenak, egunerokoak, koilarak, betaurrekoak, zorroak, eta abar, Departamentuaren esku utzi ditzakete, aldi baterako, honek balioetsi dezan ea sar daitezkeen KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakusketa Aretoan antolatuko duen memoriaren espazioko erakusketan.

Bestalde, ekainean, uztailean eta abuztuan zehar «Memoria tailerrak» antolatuko dira, «History Workshops» ekimenean inspiratuta, gertakarien inguruko memoriak berreskuratzeko helburuarekin.  Memoria tailerretan izena emateko epea gaur irekiko da, eta, behin epe hori igarota, profil desberdinetako hamar-hamabost pertsona inguruko taldeak sortuko dira. Talde horietako bakoitzari data bat eta ordu bat emango zaio. 

Proiektua Aitor Azurki kazetari donostiarrak eta Aitzol Arroyo historialari hondarribiarrak planteatutako ekimenetik sortu da, bigarren honek artxiboetan aurkitutako dokumentazio ugariaren ondorioz, eta Azurkik egindako planteamendu historiko eta parte-hartzailearen ondorioz.

Duela urtebete aurkeztu zioten Aldundiari beren proiektua, urte horietan guztietan «era batera edo bestera» parte hartu zuten pertsonen «izen eta abizenak» berreskuratzeko xedez. Ez alferrik, bata zein bestea memoria historikoaren eta giza eskubideen arloan lanean ari dira aspalditik. Azurki alderdi sozialean dago zentratuta batez ere: bizitzen inguruko dokumentazioa eta kontakizunak biltzen ditu, eta horiek hainbat artxibo publikotan gorde daitezen eta egunkari, aldizkari eta liburuetan argitaratu daitezen bilatzen du. Arroyo, bestalde, historiografiaren arloan jarduten da zehazki, artxibo desberdinak ikertuz, ekimen memorialistak sustatzeko, eta artikulu eta liburuak argitaratzeko.

Garaian inspiratutako diseinua

Ekimenaren komisarioa Antoni Nicolau historiagilea da, kultur ondarean espezializatua; berak prestatuko ditu bai memoriaren espazioa, bai parte-hartze tailerren oinarri izango den metodologia.

Parte hartzeko telefono bat

Ekimena datozen hilabeteotan gauzatuko da, eta horretarako herritarrek bi bideetatik parte hartu dezakete: dokumentazio ekarpena eginez nahiz tailerrean parte hartuz. Argibide gehiago nahi izanez gero, edo ekarpenen bat egin nahi izanez gero, telefono honetara deitu behar da: 665724752.

Materiala jasotzeko epea gaur bertan ireki da, eta 2019ko apirilaren 11n amaitzen da. Data horretatik aurrera memoriaren espaziorako materiala hautatuko da; gainerakoa jabeei itzuliko zaie. 

Bestalde, «History Workshops» izeneko tailerrak KOLDO MITXELENA Kulturunean bertan garatuko dira, proiektuak dirauen bitartean, eta xedetzat izango dute informazioa eta iritziak partekatzea eta, ondoren, guztien arteko hausnarketa sustatzea. Beraz, edonork parte hartu eta eman dezake izena, doan.