Atzealdea Menchu Gal margolariaren inguruko erakusketa inauguratuko da bihar

Menchu Gal margolariaren inguruko erakusketa inauguratuko da bihar

Menchu Gal margolari irundarraren inguruko erakusketa izango da ikusgai KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbara Aretoan, irailaren 28ra arte

Menchu Gal margolariaren inguruko erakusketa inauguratuko da bihar

Aurten, Menchu Gal Gipuzkoako aparteko margolariaren jaiotzaren mendeurrena ospatzen da. 1919. urtean jaio zen Irunen.

Mendeurrenaren aitzakian, Margotzeko Bizi, Bizitzen Margotu izeneko erakusketa jarri dute martxan, bere obrarik esanguratsuenak bilduz. Bihar izango da inaugurazio ekitaldi ofiziala, 19:30ean KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbara Aretoan. Gerora, irailaren 28ra arte izango da ikusgai, asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian.

Menchu Gal Orendain (Irun, 1919-2019)

Paisaia eta, neurri txikiagoan erretratua eta natura hilak dira ospea eman zioten generoak, eta bertan garatu zuen hain erakargarri zitzaion kolorearen erakarpen pertsonala. 

Lortutako sari ugarien artean 1959an Espainiako Pintura Sari Nazionala jaso zuen, emakume bati lehen aldiz emandakoa, 2005ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina, 2006an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria eta Irungo Udalaren Urrezko Domina.

  • “Nola arnastu, hala margotzen zuen Menchu Galek: sakon, egoki eta azkar. Amédée Ozenfanten, Daniel Vázquez Díazen eta Benjamín Palenciaren dizipulu izana, Vallecaseko Eskolara atxikia eta Euskal Herrian lotura ugari izandakoa, Aurelio Arteta eta Montes Iturrioz tarteko. Kubismoaren eta espresionismo fauvistaren eragina jasotakoa, Nafarroako, Euskadiko eta Gaztelako paisaiak, erretratuak eta natura hilak dira haren obraren ardatza; Menchu kolorearen emozioa eta poza da, eta XX. mendeko emakumezko margolari esanguratsuenetako bat María Blanchardekin, Carme Laffontekin eta Maruja Mallorekin batera” (Edorta Kortadi).
  • “Parisko Eskolaren balio modernoetan sakontzen jarraitu zuen, fauvismoaren, kubismoaren, abstrakzioaren eta nolabaiteko surrealismoaren konkista formalei uko egin gabe” (Francisco Calvo Serraller).
  • “Menchu Galek berdearen freskotasuna eman zion Madrilgo Eskolari, eta Kantauri aldeko itsasoaren urdina” (Benjamín Palencia).
  • “Menchu Galek zalantzan jarri zuen bere obraren balioa bizitzaren azkenera arte” (Edorta Kortadi).