Atzealdea Hilketa Amaran. DRILen indarkeria Begoña Urrozen argitan, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren seigarren txostena

Hilketa Amaran. DRILen indarkeria Begoña Urrozen argitan, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren seigarren txostena

‘Hilketa Amaran’ txostenak Begoña Urroz 20 hilabeteko haurraren heriotza eragin zuen atentatu terroristaren testuingurua eta egiletza kontatzen ditu, duela 50 urte gertatu baitzen, Donostian.

Hilketa Amaran. DRILen indarkeria Begoña Urrozen argitan, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren seigarren txostena

1960ko ekainaren 27an, Amarako tren geltokian jarritako lehergailu batek eztanda egin eta sei lagun zauritu zituen, haietako bat Begoña Urroz, hogei hilabeteko haurra; biharamunean hil zen, ospitalean.

2011. urtean, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Babes Integralari buruzko Legea onetsi zen, 1960ko urtarrilaren 1etik aurrera atentatuak jasan zituzten pertsonei aitorpena egitekoa. Urte hori aukeratzeko orduan, Begoña Urrozen heriotza gertatu zeneko eguna hartu da kontuan, terrorismoaren biktimen aitorpen ofiziala 1968az geroztik egiten baitzen ordura arte.

Begoña Urrozen omenez, Diputatuen Kongresuak 2010ean erabaki zuen ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimen Eguna izendatzea, eta urtero ekitaldi bat antolatzen da biktimen omenez.

Atentatu hura gertatu zenetik 59. urteurrena betetzean, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak Txosten bat argitaratu du, orain arte editatu dituen txostenetako seigarrena eta honako izenburua daukana: "Hilketa Amaran. DRILen indarkeria Begoña Urrozen argitan". Txostenak bi helburu ditu: terrorismoaren biktima harekiko oroitzapenari bizirik eustea eta atentatua burutu zuen taldearen historia egitea. Gaizka Fernández Soldevilla historiagileak eta Manuel Aguilar dokumentalistak burutua, lan hau ia bi urteko lanaren emaitza da, Espainiako eta Portugalgo artxibo ugaritan ezin konta ahala kontsulta egin ostean.

Amarako lehergailua DRIL ("Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación") erakundeak jarri zuen. Erakunde hau 1960. urtean sortu zen, Espainiar Borrokalarien Batasuna eta Portugalgo Mugimendu Nazional Independentea elkartu izanaren ondorioz. Indarkeria erabiliz, DRIL erakundeak Iberiar penintsulako bi diktadurak bota eta bi errepublika ezarri nahi zituen, biak elkarren artean federatuak.

Amarako atentatua baino lau hilabete lehenago, 1960ko otsailaren 18an DRIL erakundeak lau lehergailu jarri zituen Madrilen. Lehena Udaletxean lehertu zen. Bigarrena, Toledo kalean (polizia heldu zenean, lehergailuak jarri zituztenetako bat topatu zuen hilzorian, lehergailua jartzen ari zela eztanda egin baitzion). Beranduago beste biak indargabetu zituzten: bata Iberia konpainiak Cánovas del Castillo plazan dituen bulegoetan zegoen ezkutatuta; eta azkena, Velázquezen estatuaren azpian, El Prado Museoaren ondoan. DRILeko bi kide atxilotu zituzten; haietako bat, Antonio Abad Donoso, hiltzera zigortu zuten, prozesu sumarisimo baten ostean.

Handik hilabete batzuetara, DRIL erakundeak beste kanpaina terrorista bat jarri zuen martxan. 1960ko ekainaren 26an lehergailu batek eztanda egin zuen Bartzelona-Madril ibilbidea egiten zuen tren batean. Hurrengo egunean, ekainaren 27an, hainbat eztanda eta sute izan ziren ondoko tren-geltokietako kontsignetan: Bartzelonako Nortekoan, Donostiako Nortekoan eta Amarakoan, eta Madrileko Nortekoan. Ekainaren 29an beste atentatu bat izan zen Atxuriko tren geltokian, Bilbon.

Amaran sei lagun zauritu ziren. Haietako bat Soledad Arruti zen, bagaje zaindegiko arduraduna. Haren iloba txikia –María Begoña Urroz, 20 hilabeteko haurra– zen pronostikorik okerrena zeukana: erredurak gorputz-adar guztietan eta aurpegian, eta zauri kontusoak ezkerreko hankan eta oinean. Haurraren gurasoak sortzez Beintza-Labaiengoak (Nafarroa) ziren, eta Lasartera alde eginak ziren lan bila. Haurra haien lehenalaba zen. Aita, Juan Urroz Gragirena, Moulinex etxetresna elektrikoen lantegiko langilea zen. Amak, Jesusa Ibarrola Tellecheak, haurra utzia zuen haren izeba Soledad Arrutiren kargu, haurrarentzat zapatatxo batzuk erosten zituen bitartean.

Geltokiko kanpo zerbitzuko mutil batek, bere bizia arriskuan jarriz, haurra erreskatatu zuen sugarren artetik. Perpetuo Socorro klinikara eraman zuten, oso egoera larrian. Baina ezin izan zuten ezer egin hura salbatzeko. Begoña Urroz ekainaren 28an hil zen.

Biharamunean, 29an, DRILeko bi bozeramailek euren gain hartu zituzten atentatuak Caracaseko "El Nacional" egunkarian. Handik bi astera, haietako batek ohar bat bidali zuen: "Tiranoak boteretik botatzeko iraultzak ez dira tearekin eta sinpatiarekin egiten, ezta gozokiekin ere. Haiek erabiltzen duten indarkeriari erantzuteko, indarkeria erabili beharra dago". Hurrengo urteetan, DRIL erakundeko beste buruzagi batzuek euren erantzukizuna onartuko zuten.

Amarako atentatuaren egiletza eta egun berean izandako atentatuena ez zen inoiz argitu. 1961eko urtarrilean, Muturreko Jarduerak Epaitzeko Auzitegi Militar Bereziak, 1960ko ekaineko atentatuen ustezko egile materialak izan zitezkeen hiru susmagarri bilatzeko agindu zuen, baina ez zituzten inoiz atxilotu. Ez zen epaiketarik egon eta 1977ko Amnistia Legeak hilketaren erantzukizun penala ezabatu zuen.

Nolanahi ere, historia ezabaezina da: Begoña Urroz DRILek egindako atentatu baten ondorioz hil zen. Beraz, terrorismoaren biktima bat da. Horregatik, ekainaren 27a oso egun egokia da biktima guztiak omentzeko.