Atzealdea

MUGI-MUNDUA

Egitasmoa: MUGI-MUNDUA

Eragilea : Aukeran Dantza Konpainia

Telefonoa
609102070
Kontaktua
Edu Muruamendiaraz

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Dantza

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Gorputz hezkuntza
Etika
Zein balio sustatzen ditu
Elkartasuna, kooperazioa eta kolaborazioa, taldearen eta norberaren balioa, migrazioaren izaera unibertsala ,aurreiritziak, kultura aniztasuna, dantza, lengoaia unibertsal eta bateragarria, norberaren sortzeko gaitasuna
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Bigarren Hezkuntzako edo Oinarrizko Lanbide Heziketarako 1.2 mailak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

2.920€ (BEZa salbuetsita)

 

Jardueraren deskribapena:

“MIGRANTEAK”, AUKERAN dantza konpainiak migrazioa oinarri hartuta sortutako kreazio berria da.
Ekoizpen berri hori abiapuntutzat hartuta, komunitatean zein ikasleen artean migrazioaren inguruko gogoeta eragin nahi da: zerotik hasita lurralde arrotz batean hasteak, deserrotzearen motxila jasateak eta bizitzeko beste modu bat asmatzeak zer dakarrenari buruz hausnartzea.
Aukeran DK-k ez ohiko proposamena egingo du ikuskizun berri honekin: migrazioaren izaera unibertsalean murgilduko da dantza eta performance kutsuko baliabideen bitartez, ikasleekin batera migrazioen gaiarekiko beldurrak eta aurreiritziak arintzeko, Euskal Herriko migrazioaren historia propioari begiratuko dio, egun mundu osoko migrazioek dakarten kezka ulertzen saiatzeko.

Mugi-mundua proiektuak ikastetxeari egokitutako 5 eguneko jarduna proposatzen du:
Astelehenetik ostegunera, (60 min/saio/eguneko).Aukeraneko dantzariek lagunduta eta koordinatuta mugimendu eta dantza koreografien oinarrizko pausoak lantzeko tailerra. Prozesu honen emaitza, migrazioaren gaiari lotutako pieza koreografiko propioa izango da. Ikasleak protagonista bilakatuz, sortze-prozesua jarriko da martxan eta aipatutako jakintza-arlo eta baloreak agerian jarri eta koreografian integratzen saiatuko dira.
Ostiralean, hezkuntza-komunitatea publiko bilakatuko da (irakasleak, ikaskideak, gurasoak). Ikasleen prozesu koreografikoaren erakustaldia plazaratuko da, eta “Migranteak” Aukeran dantza konpainiaren azken ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Amaitzeko konpainiako kideen (dantzari, gidoilari, koreografo,…), parte-hartzaileen eta publikoaren arteko solasaldia sustatu eta dinamizatuko da, emozio, iritzi, uste, eta abar partekatzeko. (saioak bi orduko iraupena izango du).
Xedea, arte eszenikoak eskolara hurbiltzea eta ikaslea protagonistak bilakatuz, kulturarekiko nerabeen interesa eta motibazioa piztea da.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Ikastetxe bakoitzera egokitzeko aukera; halere jarduera aurrera eramateko baliabideak hauexek dira:
• Espazio zabala prozesu koreografikorako (gimnasioa, beste motako areto zabala).
• Ikastetxeko patioa: “mugi-mundua” prozesuaren erakustaldia, konpainiaren emanaldia, eta ondorengo solasaldia publikoarekin partekatzeko espazioa.
• Musika gailuak konpainiak erraztuko ditu.
• Jarduera egunetan arropa erosoa ekartzea eskatuko zaie ikasleei.

Jarduerari buruzko txostena:

ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALA

Migrazioa mugimendua da. Mugitzea, funtsean, gorputz bat lekuz aldatzea. Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mugitzen da harekin: ametsak, beldurrak, minak eta itxaropenak. Migrazioa mugimendua da. Eta mugimendua arintasuna, mugarik eza. Gorputzak irekitasuna behar du mugitzeko: irekia egon mugimendua abiatzeko, irekia egon mugimendua jasotzeko.
Soinean soilik beren kultura dute migratzen duten askok eta askok. Migratzeak horixe esan nahi du: urrutira joan arren, nork bere sorterria gertu izatea, bizirik mantentzeko. Migrazioak agerian ipintzen du gizarte bakoitzak, kultura bakoitzak arrastoa uzten duela gure hurbileko zein urruneko bizipenetan.
Kultura ontzen du migrazioak, askotariko izateen arteko uztartzearen bidez. Enkontru horietan aurkitzen dira, hain justu, makina bat aukera nahiz mugimendu, adierazteko, aldaketa eragiteko.
Euskal Herriko migrazio propioari begiratu behar da, egun mundu osoko migrazioek dakartzan kezkak ulertzen saiatzeko.
Hausnarketa abiapuntutzat hartuta sormen prozesu batetan parte hartuko dute ikasleek eta ez-ohiko kultur-jarduera beraien egunerokotasunean modu naturalean txertatzeko aukera izango dute.

ARLO PEDAGOGIKOA

Kultura eta arteak eskolaren ikaskuntza-helburuak betetzeko ahalegina egin behar du ikasleen “espaziora” hurbilduz, eta horixe da hain zuzen proiektu honen asmoa “gelak dantzan”, jartzea, eta ikasleek gorputzak, pentsamenduak, iritziak eta aurreiritziak, sinesmenak eta abar mugimenduan jartzea. Mugimendura irekitzeko ariketa bat proposatzen dugu: ireki gogoak, ireki kuriositatea, ireki gorputzak; ez dadin norbera izan hormarik altuena. Finean, irekitasuna adierazi dantzaren bitartez, jarrera eszenikoaren bitartez.
Proposatutako sortze prozesuaren bitartez, ikasleek migrazioaren gaiari helduko diote eta ariketa, prozesu horretan aurretik aipatutako jakintza-arloak, gizarte balioak eta konpetentziak jorratzeko aukerak zabalduko zaizkie.
Kontuan izanik nerabeak ez direla antzokietako ohiko ikusleak, eszenatokitik eskolako patiora salto egiteak ekoizpen artistiko eta kultural profesionalak esperimentatzeko aukera ematen die eta orokorrean publiko berriak gehitzeko aukerak.
Ondoren proposatzen den solasaldiak, dantza-konpainia profesional baten lana eta kasu honetan Aukeraneko dantzari gazteen jarduera profesionala bertatik bertara ezagutzera ahalbidetzen du;
“Migranteak” sortze prozesuaren zirrikitu guztiak, ikuskizunaren nondik norakoa partekatzeko aukera emango du: lehen ariketak eta mugimenduak, koreografien soka nola osatzen doan, jantziak, marrazki eszenikoa, etabar.(ikuskizunaren lan taldeak dinamizatuta)

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Edu Muruamendiaraz, Aukeran Dantza konpainiaren sortzaile, koreografo eta zuzendari, dantzaria ere konpainiaren sorreran. Oinarrizko formakuntza dantza tradizionala izanik, konpainiari izaera berezia eman dio euskal dantza beste kode eta narratiba garaikideekin uztartuz: “Aukeran”, “Sutargi”, “Izena duen guztia omen da”, “Bideak”, “Aukeran 10 urte”, “Gernika”, “Burnia”, “Geltokia””Fusioak”, “Maurizia”, “Aukeran 20 urte”, “Maurizia naz”, “Biz hitza”, “Hurrengo geltokia” eta 2022an estreinatzeko dagoen “Migranteak”; Mende laurdeneko ibilbidean filosofia horri heldu dio: sustrai tradizionalak abiapuntutzat hartzea, berrikustea eta eguneratzea lengoaia esperimentalaren bidez.
Hezitzaile gisa, hainbat dantza eskoletan irakasle izan da eta aritzen da Euskal Herriko hainbat herritan, baita atzerriko dantza eskoletan ere: Pariseko Eskualdeko Kontserbatorioan (2011) irakasle eta ikasleei zuzendua; Iparraldeko Konpany Beritzako kideekin prestatutako “Baküma Show” ikuskizuna (2014); Atalak 2.0 programaren baitan Dantzaz konpainiako dantzariekin egindako egonaldi koreografikoan sortutako “DantzAmorfosis” pieza (2018) besteak beste.
Jada, badira hamar urte Urnietako udalak AUKERAN DK konpainia egoiliarra hartu zuela Sarobeko egoitzan eta urte hauetan zehar DANTZA arte eszeniko guneko dinamizatzaile tresna esanguratsua bihurtu da. Bertan, sentsibilizatzeko, prestatzeko eta bitartekotza egiteko dantza programak sustatzen ditu: sentsibilizazio programak antolatuz, adin-tarte ezberdinei zuzendutako ekintzak sustatuz eta kolektibo anitzen eskaerei erantzunez (helduak, haurrak, ikastetxeak, elkarteak,…).
Bestalde, Sarobek Urnietako ikastetxeekin antolatutako “5 days to dance” dantza proiektuan parte hartu du dinamizatzaile bezala (2016, 2019).