Atzealdea Ongi etorri Chillida Leku

Ongi etorri Chillida Leku

Chillida Leku Museoaren irekiera ekitaldi ofiziala egin dute gaur, Zabalaga baserrian. Ekitaldian erakundeetako ordezkari ugari izan dira.

Ongi etorri Chillida Leku

Zortzi urtez itxita egon ondoren, apirilaren 17an zabalduko ditu ateak Chillida Leku Museoak. Zabalaga baserria ekitaldi instituzionalaren aterpe izan da gaur,  eta bertan izan dira erakundeetako ordezkari ugari.  'Tolerantziari Monumentua'ren altzoan bildu dira guztiak, Jose Guirao Espainiako Kultura eta Kirol ministroa, Iñigo Urkullu lehendakaria, Mireia Massague museoko zuzendari berria eta Luis Chillida artistaren semea buru zirela.

Horrez gain, bertan izan dira Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano eta Kultura diputatu Denis Itxaso, Eusko Legebiltzarreko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Bakartxo Tejeria eta Eider Mendoza, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailburu eta sailburuorde Bingen Zupiria eta Joxean Muñoz, edota Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, besteak beste. 

Obra berriak, etapa berrirako

Etapa berri honetan, Hauser & Wirth galeriak hartuko du kudeaketarako ardura, eta hainbat helburu finkatu ditu: eskultore donostiarraren lana ikertzea, beste artista batzuen lana Euskadira ekartzea Chillidaren obra testuinguruan jartzeko eta, era berean, Chillidaren lana hedatzea.

Oraingoz 43 obra jarri dituzte museoaren kanpoaldean; horietako bi, gainera, lehen aldiz izango dira museoan: Burdinari gorazarrea III eta Argiari gorazarrea. Zabalaga baserria izango da museoaren erdigunea, eta bertan eskultorearen atzera begirako erakusketa bat izango da ikusgai: Eduardo Chillida. Oihartzunak. 90 piezatik gora bildu dituzte erakusketa horretan, eskultore gipuzkoarraren garai ezberdinak jorratuz, 1940ko hamarkadatik hasita, 2000. urtera arte.