Atzealdea

Orixeren oparia: Gregorianoa euskaraz

Donosti Ereski

Orixeren oparia: Gregorianoa euskaraz

Herria: Donostia

Web orria: https://www.donostiereski.eus

E-posta: info@donostiereski.eus

Gaia: Musika

Orixeren oparia: Gregorianoa euskaraz

Garrantzi handikoak diren, bainan baztertuta eta ahaztuta dauden bi kontzeptu “uztartu” nahi ditugu proiektu honetan: musika gregorianoa eta gure “guraso” literarioetako bat: Orixe. Gure ustez, musika gregorianoa Europako musika-kulturaren altxor artistiko garrantzitsuenetako bat da, eta, zoritxarrez, ez da gure inguruan baloratzen. Orixe berraurkitzea, batez ere, hil zela 60 urte betetzen direnean, betebehar da gu guztiontzat. Gure literaturako “gurasoetako” bat dela gogoratzera “behartuta” gaude, gure hizkuntzan eskaini ziguna asko eta goi-mailakoa baita.

Orixek 1949an Urte guziko Meza-Bezperak liburuan, urteko meza eta bezperak itzuli zituen latinetik euskarara, Euskal Elizak eta bide batez gizarteak erabili zitzan. Lan garrantzitsu honen balioa azaleratzea eta gizarteratzea da Donosti Ereski Elkarteak proiektu honen bidez bete nahi duen asmoa: Gregoriar musikaz kantatzen ziren hitzak, poesiak, Orixek euskarara zoragarri itzuli zituenak, oraingoan euskaraz ezagutzera ematea; alegia, gregoriar melodiak euskaraz kantatzea!

Ondare hori liburuxka batean argitaratzea, gregoriar notazioan eta gaur egungoan ere eta aukeraketa bat egin ondoren, CD disko grabazio baten bidez jasota uztea, da taldearen asmo nagusia, kanta horiek etorkizunean herriak erabil ditzan.

Proiektu honetan bi ospakizun bateratzen dira: batetik, Donosti Ereski Elkartearen sorreraren 50. urtemuga eta, bestetik, Nikolas Ormaetxea “Orixe”ren heriotzaren 60.koa. Izenburutzat Orixeren oparia: Gregorianoa euskaraz” daraman egitasmo hau da, hain zuzen, Elkarteak Orixeri eskaintzen dion oparia, eskerrona agertuz euskararen alde egin duen lan handiarengatik eta, bereziki, bere itzulpenek gregorianoan izan duten eragin zuzenagatik. Zalantzarik ez da Orixeren itzulpenek gregorianoz kantatzen entzutean bizi berri bat hartuko dutela zaletuen artean.