Atzealdea "Pandemiaondoa: eraginak eta moldaketak kulturan" saio irekiaren kronika

"Pandemiaondoa: eraginak eta moldaketak kulturan" saio irekiaren kronika

Hausnarketarako saioan azken bi urteetan kultur sorkuntza eta ekoizpenetan zer moldatu dugun galdetu nahi izan diogu geure buruari. Zein moldaketa etorri dira gelditzeko eta zein ez izan dugu hizpide, pandemia aroak ekarri dizkigun onurak eta kalteak, ikaskuntzak eta uneko baldintzak.

"Pandemiaondoa: eraginak eta moldaketak kulturan" saio irekiaren kronika

Maiatzeko saio irekian gure egiteko moduak aireztatzera begira, kulturgintzan zein moldaketa etorri diren gelditzeko eta zein ez aztertu nahi izan dugu, baita aroak ekarri dizkigun onurak eta kalteak, ikaskuntzak eta uneko baldintzak ere aintzat hartu.

K bulegoaren urteko hirugarren saio irekiak pandemiaondoko egoera kulturan izan zuen eztabaidagai. Maiatzaren 17an, goizez, elkartu ginen; oraingoan, aurrez aurreko saioan. Erraztaile K bulegoko Ixiar Garcia eta Carlos Sánchez aritu ziren. Solasaldia aberasgarria izan zen; parte hartzaileek sorkuntza, kudeaketa eta komunikazio esperientzietatik egin baitzituzten ekarpenak. Horrezaz gain, hainbat diziplinatan pandemiak izandako eraginez aritu ginen.

Diagnostikoak eta galdetegien gaindosia

Gaiari heltzeko, pandemia garaian jorratutako lanketen berri eman genuen, eta abagunea baliatu eragileen prestasuna eskertzeko; izan ere, K bulegoaren erabiltzaile ugarik eta beste hainbat eragilek elkarrizketei eta galdetegiei erantzun zieten, diagnostikoak lantzeko xedez. Erabiltzaileek betetako galdera sortak berretsi zuen formakuntza zein sorkuntza indartzeko beharra. Hartara, Piztu Kultura plana aktibatu zen eta geroago Egile sariak.

Kudeatzaileontzat galdetegiak kontrasterako aukera paregabea diren arren, jakin badakigu sektoreko eragileak oso nekatuta daudela horrelako eskaerak behin eta berriz jasotzeaz. Are gehiago, etsipen puntu bat ere sortzen dute, sarritan ez delako argi gelditzen emaitzek zer eragin ekarriko duten, hau da, jasotako erantzunak zenbateraino hartuko diren kontuan.

Nork erantzuten duen galdetegia ere aztergai izan genuen. Denbora edo interesa duenak? Horrelako lanketen garrantziaz jabetzen denak? Behartuta sentitzen denak? Galdetegien emaitzak errealitatearen benetako isla al dira? Edo beste lanketa batzuekin uztartu behar ditugu analisiak zehatzagoak eta eraginkorragoak izan daitezen?


Pandemiak ekarritako albo onurak eta beste kontu batzuk

Pandemiak eragindako mugimendu interesgarrien artean honako hauek azpimarratu genituen, besteak beste.

Garai zailak direnez, egoera egokiago izan daiteke elkarlana sustatzeko. Baliabide murriztuak tarteko, bat-batekotasuna berreskuratzen da eta ondorioz elkarlanera jotzen dugu aiseago, laguntza eskatzera ausartzen baikara? Edo ez da hala?

Sektorearen argazkirik zehatzena lortze aldera, datuak eta errealitate ezberdinak ikusarazteko egin diren lanketa guztien balioa ere goraipatu egin genuen, ordurarteko errealitate ezkutua azalarazten hasi baita pixkanaka. Dena den, irudipena dago sektorearen aldarrikapen eta eskaerak ez direla izan horren zalapartatsuak, egoeraren larritasunak eskatzen zuen bezainbeste esan nahi da, eta horrek aditzera eman dezake egiazki gaudena baino hobeto gaudela.

Kulturak onurak dakartzala erakutsi da, sortzeak berak zein artelanez gozatzeak. Kultura sendagarritzat hartzen dugula, alegia, itxialdian bereziki balio hori azpimarratu zitzaion. Aurreko urteetan etengabeko ekoizpenak erotzen gintuen, eta bolada batean behintzat lasaitu egin gara, eskuzko sorkuntzan murgildu gara, besteak beste.

Kontsumoa kulturan igo egin da? Edo apaldu? Honako gogoeta hau egin genuen: “itxialdiak galarazi digu elkarrekin egotea, eta horrek espazio zabalean lasai ibiltzearen beharra piztu du gugan. Pandemiaosteko garaian horrekin gaude tematuta, naturara jotzen baitugu orain lehen baino gehiago, bidaia edo lekuak ezagutzera ihes egiten baitug… ospakizunak han-hemenka, festa giroan buru-belarri murgildu gara. Agenda mukuru bete zaigu. Oinarrizko beharrak dira orain aisialdi hitzordu horiek guztiak?

Pandemiaosteko aroak jendetasunaren aroa behar du, nahitaez. Aurtengoa festen uda zoroa izango da bi urteko etenaren ostean? Agian horixe da behar eta nahi duguna, jendeak jendearekin egon nahi du, ez beste ezer, horretarako grina bizitzen baita orain. Agian gainbehera zetorren sozializazioa berpiztu egin da, eta indibidualismorako joerak zertxobait apaldu…


Itxialdi digitalaren albo kalteak eta beste kontu batzuk

Eta trantsizio digitala? Nola sartu da gure etxeetan eta ohituretan? Zer dator betiko gelditzeko eta zeri eman nahiko genioke atzera-buelta?

Itxialdi hasieran lan gutxi izan genuen, shock egoerak eten egin zuen gure jarduna. Baina handik gutxira sistema hiperekoizleak telelanari heltzea eskatu zigun berriz produzitzen has gintezen.

Susmoa dugu kultura alorreko profesionalen kopurua jaitsi egin dela eta prekarietatea sakondu. Zenbat jende bizi da kulturatik? Askok zenbait kulturalan egiten dituzte diru-sarrerak osatzeko. Orohar, sortzaile gutxiago dago, dirulaguntza deialdietara eskaera gutxiago aurkezten dira.

Proiektuen bideragarritasunak eta iraunkortasunak zuzeneko kaltea pairatu dute; pandemia aurretik ere, etengabeko finantzaketa bilatu beharrak nekea eragiten zigun, jarduerek ematen zuten indarra xahututa, agian neke handiago sentitu dugu laguntzetara aurkezteko, edo egoera jasanezinek beste diru-iturrietatik edatera eraman dute sektoreko hainbat eragile. Aldi berean, finantzaketari dagokionez, lehen zuzenago iristen zen dirua (administraziotik eragileengana), orain fiskalizazioa handiagoa da (fakturak, kontratuak, tramite gehiago…). Bide malkartsu horiek samurrago bilaka daitezen agian beste formula batzuen bila jo behar dugu, prozeduretan hobekuntzak ezartzeko bederen.

Ohartu ere egin gara, kudeaketa fiskalaz eta legalaz arduratzeko adituei ordaintzerik ez badago, norberak aberastu behar dituela ezagutzak, eta horretarako ekimen gehiago sortzearen balioaz aritu gara, tartean Lanartean elkarteak antolatutako fiskalitatearen gaineko formazioa atera da hizpidera.

Kulturaren ezagutzan sakontzeko esperientzien garrantziaz ere aritu gara, herritarrentzat oso lagungarriak diren arren, sarritan bitartekaritza lan horien ardura artistei beraiei eskatzen zaie, eta horrek zaildu egiten du beren sorkuntzetan arreta osoa jartzea. Are gehiago, agian ez da beraiek egin beharreko zeregin bat, beste pertsona batzuk arduratu daitezke zubilan horretaz.

Kultura ekosisteman hainbat erakundek kultura garatzen dihardute (besteak beste, udalak, garapen agentziak, elkarteak, erakunde pribatuak, banku fundazioak) eta lagungarria da oso haien ekarpena. Baina modu osagarrian aritzeko eta bikoizketarik sahiesteko interesgarria litzateke behar bezala saretzea eta elkarlana norabide berean finkatzea, hau da, argi izatea eta zehaztea bakoitzaren ekintza eremuak: finantzaketa, garapena, kudeaketa, bitartekaritza, hezkuntza, esperientzien sorkuntzan...

Azkenik, lan arloan, alderdi fiskalean zein legalean, erregularizazioaren aldeko lanketak beharrezkotzat jotzen dira, adibidez, administrazioek ekintza bateratu edo osagarriak egitea, alde batetik, eta saretze eta elkarlanerako aukerak sortzea, bestetik.