Atzealdea Saio irekiaren kronika: Irisgarritasuna eta inklusioa

Saio irekiaren kronika: Irisgarritasuna eta inklusioa

2021eko azaroaren 16an, K bulegoak bosgarren saio irekia antolatu zuen, irisgarritasuna eta inklusioaren gaia hizpide: Irisgarritasuna eta inklusioa sorkuntza prozesu eta proiektu kulturaletan. Saio irekiak hilean behin antolatzen ditu K bulegoak. Gipuzkoako kultura eta sorkuntza eragileak biltzera bideratuta, gai bat dute ardatz elkarrekin eztabaida piztu eta esperientziak partekatzeko xedez.

Saio irekiaren kronika: Irisgarritasuna eta inklusioa
K bulegoak bi saio egin ditu online, goizez eta arratsaldez, bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Bertan, lurraldeko hogei eragiletik gorak hartu dute parte, museoetako eta elkarteetako kideak, sortzaileak eta gaiarekin lotura estua zuten eragileak, besteak beste.

K bulegoko Enara Garcia erraztaile lanetan aritu da eta hausnarketa hiru eduki atalen arabera antolatzea proposatu du: ezagutza, esperientziak eta irtenbideak. On the Move proiektuaren baitan arte eszenikoetan irisgarritasuna sustatzeko egindako ikerlanaren txostena izan da kontuan, askoariko edukiak aztertzeko aukera izateko asmoz.

Ezagutza. Irisgarritasuna, inklusioa, desgaitasuna, aniztasun funtzionala… kontzeptuen eta edukien inguruan dugun ezagutza, iritzia, erabilera irizpidea… Desgaitasuna duten artisten lanarekiko kultura-erakunde eta -profesionalek duten ezagutza maila. Erakundeak irisgarriagoak eta inklusiboak egite aldera dauden baliabideen gainean dugun ezagutza.

Esperientziak. Gaitasun eta desgaitasun ezberdinak dituzten artista eta publikoen irisgarritasun eta inklusiora begira sustatzen diren esperientzien azterketa.

Irtenbideak. Babes eta sustapen ekimenek duten garrantzia, politiken azterketa, berrikuspena. Saioa hasi eta berehala heldu diogu mamiari, parte hartzea aberasgarria izan da oso.

Jaitsi kronika osoa bertan partekatu ziren ideiak eta hausnarketak ezagutzeko, baita gaiari lotutako hainbat baliabide ere.