Atzealdea

Sortu eta motibatu euskaraz

Egitasmoa: Sortu eta motibatu euskaraz

Eragilea : Gaumin

Telefonoa
676 34 17 51
Kontaktua
Fernando Morillo Grande.

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Ikus-arteak

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Euskara
Gorputz hezkuntza
Etika
Plastika
Zein balio sustatzen ditu
Sormena, talde-kohesioa, talde-lana, komunikazioa, harremanak, emozioekin konektatzea, errespetua, arreta lantzea, iritzi kritikoa
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Bi gela (bi tailer bereizietan).
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
480€ (BEZa salbuetsita)
Jardueraren deskribapena:

Euskara, autoestimua, sormena eta motibazioa ezkonduko ditugu, modu hezitzaile eta ludiko batean.

Ikastetxeetan 20 urteko eskarmentu zabala izan du Fernando Morillo idazle eta dinamizatzaileak. Haren baten bitartez, hezkuntzan eta gizartean guztiz beharrekoak ditugun hainbat konpetentzia eta hezkuntza-tresna jorratuko ditugu (sormena, inklusibitatea, autoestimua, aniztasuna, arreta, adiskidetasuna, gamifikazioa, jarduera dinamikoak, diziplinartekotasuna, ahozkotasuna, geure burua ezagutzea eta oztopoak gainditzen joatea, hainbat zehar-konpetentzia, talde-kohesioa… eta, guztiak lotuz, EUSKARA).

Asmoa anizkoitza da beraz: hitzaren, jolasaren, ipuinen indarraren eta sormen-tekniken bitartez, berezko barne-konpetentziak lantzea guztiongan… eta horiek laboratzearen saria euskararen erabilera naturala “oharkabean” sustatzea.

Gazteentzat oso pizgarriak eta erakargarriak diren sormen-dinamika batzuen bitartez, hainbat geure emozioekin bestela lan egiten eta komunikatzen ikasiko dugu. Horien helburuetariko bat gazteek erroturik dituzten hainbat lotsa eta blokeo ahultzea izango da (autoestimua, inklusibitatea eta talde-konexioa bultzatuz), barrua artistikoki askatzen joaten den bitartean, itxurazko jolasen bitartez.

“Itxurazko” diogu, gazteentzat hala direlako (jolasak), baina irakasleak berehala ohartuko dira jolas horien azpian lanketa askoz mamitsuago bat mozorrotzen dela.

Lekuan lekuko informazioa eta amuak erabiliko ditugu osagarri, jolas-giroaren baitan: euskara, kultura, historia, mitologia, denetariko pasadizoak…

Apurka, eta askotariko teknika artistikoak baliatuz, partaide bakoitza bere barne-ipuina sortuz joango da, ia ohartu gabe ere.

“Sormen-giro” oso berezia ereiten da halakoetan, eta, esan bezala, euskaraz egingo dugunez lan, une aproposa izaten da EUSKARAZ EGITEN ZAILTASUNAK (EDO LOTSAK) DITUZTENAK NATURALTASUNEZ aritzeko… batzuetan lehenbizikoz (irakasle askok harriduraz eta pozez hartzen dute emaitza askotan sinesgaitz hori).

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Tailerrak antolatzea EZIN ERRAZAGOA da ikastetxearentzat. Ez dute apenas ezer behar.

Lekua ia edonon izan daiteke (espazioa dagoen zeinahi egoitzatan, izan eskola-gela, izan ekintza-areto, frontoi…).

Iraupena: 90 minutu inguru tailer bakoitzak (gehixeago ere izan liteke, ikasleek aukera badute).

Ikastetxeak jarri beharreko baliabideak: ikasle bakoitzak idazteko zerbait (edozer: boligrafoa, arkatza) eta folio pare bat. Kitto. Besterik ez. Horretan datza askatuko dugun sormenaren indarra: geure baitan da funtsezkoena. Atera besterik ez dugu.

Dinamizazioa, prestakuntza eta gainerako lana hizlariaren esku izango da. Baina ikastetxeak erraza izango du.

Jarduerari buruzko txostena:

ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALA

Fernando Morillo idazle eta dinamizatzailearen esperientzia luzean oinarritua, tailerrak hainbat arte-iturri ditu bere baitan: sormena, poesia, ipuina, hitza, literatura, irakurketa aktibo eta dinamizatua, kontagintza, antzerkia, marrazkia, dantza, gorputz adierazpena… Eta horiek ardatz eta amu, beste hainbat “zehar”-gai sustatuko ditugu halaber: euskara, mitologia, historia, zientzia, soziologia, psikologia… Horren osagarri, dinamizatzaileak hainbat urtez egin du lan Irakurketa Erraza bultzatzen, eta horrek ederki irakatsi dio nola motibatu eta piztu daitezkeen hainbat zailtasun dituzten gazteak (adibidez, euskara erabiltzeko dituzten lotsei aurre egiteko orduan).

ARLO PEDAGOGIKOA

Kontagintza bizi baten baitan, gamifikazioaren dantzari ekingo diogu. Gehiegitan lotzen gaituen lotsa ezabatuz joango gara, kooperazioa eta barneko sormena askatzen joateko, mundua bestelako begi batzuetatik ikusten ikasteko.

Ikasle lotsatienak ere animatzea lortuko dugu. Horrek berebiziko garrantzia du inklusioa, dibertsitatea edo generoa garatzeko orduan, edota euskal munduan hain garrantzitsua (eta gehiegitan apur bat baztertua) dugun ahozkotasuna bultzatzeko.

Esate baterako, hori lortzeko hainbat erlajazio-modu ikasiko ditugu, sormen-txinpart, irakurketa-pizgarri, zentzumen-areagotzaile, motibazio-bide, jolas-dinamika, proposamen, ideia eta praktika.

Gazteek mugimendua eskatzen eta eskertzen dute. Jarduera oso dinamiko eta ludikoak izango ditugu lagun. Funtsezko lana da hori guztia talde-kohesioa ere ereiteko orduan.

Ahozkotasuna bezain garrantzitsua da gorputz adierazpena ere lantzea gurean. Eta baliatuko ditugu halako dinamikak ere, esandako guztien indargarri: taldea, autoestimua, inklusioa…

Hainbat irakaslerekin elkarlanean aritu ondoren, DBH-ko curriculuma oso kontuan hartu da, batik-bat funtsezkoak iruditzen zaizkigun zenbait zeharkako konpetentzia lantzeko eta orobat DBH osorako etapako helburu batzuk ere:

- Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia.

- Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.

- Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia.

- Elkarbizitzarako konpetentzia.

- Izaten ikasteko konpetentzia.

- Ahozko ulermena eta interpretazioa.

- Idatzizko testuak sortzea.

Eta horien guztien artean, gainean eta azpian, euskara sustatzeari ekingo digu, guztiz ludikoki ekin ere. Lan horren emaitza bikaina ikusi dugulako urteotan.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Fernando Morillo Grande idazleak 50 liburutik gora argitaratu ditu. Gazte literaturan dihardu bereziki, eta bere lanean esanguratsua da 20 urtez hainbat ikastetxetan garatu duen ibilbidea, gazteen sormena, euskarazaletasuna eta jakin-gosea pizten eta elikatzen ahalegintzen. Eskola-eboluzio horrek erabat markatu du bere obren ekoizpena eta nondik norakoak.

Sariak. Dozenaka sari bereganatu ditu, literaturaren eta zientziaren dibulgazioaren arloetan. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Euskadi Saria Haur eta Gazte Literaturan (2003an irabazle, 2009an finalista eta 2016an hautagai), Eusko Jaurlaritzako literatur-sorkuntzarako bekak (2018 eta 2020), Juul Sarietan batzuk-batzuk (2010/11/12/14/16/17. urteetan),

2011n Gaumin argitaletxea sortu zuen, bestelako liburu eta material batzuk eskaini ahal izateko euskaraz.

2014an Irakurketa Errazaren munduan sartu, eta hura euskarara ekartzeko apustua egin zuen (edonolako irakurketa-zailtasun dituzten irakurleentzako formatu bikaina da Irakurketa Erraza, eta euskararen esparruan bereziki interesagarria eta garrantzitsua). Lehen egilea izan zen euskaraz formatu horretan idazten eta argitaratzen.

2017an Sorginetxe istorioak proiektua abiarazi zuen, Interneten istorioak sortzeko bideo formatuan eta euskaraz. 2018an zehar, Hezkuntzaren sua pizten proiektua abiatu zuen, aurretik jasotako esperientzia eta jarduera guztiak bildu eta osatzeko asmoz, euskal irakurle gazteak motibatzen jarraitzeko. 2019an, Sorginetxe istorioak proiektuari bestelako atal funtsezko bat ere gehitu zion: hezkuntzaren inguruko negatibitateari aurre egiteko asmoz, protagonistei eman nahi die ahotsa, eta haien “izpi positiboak” aldarrikatu.

2020an ahalegin berezia egin zuen formaziogintzan: bai hainbat ikastaro jasotzen, bai hainbat irakasleri formazioa eskaintzen, 20 urtez hezkuntzan jasotako esperientziaz, ikastetxearen, irakasleen eta ikasleen egoera eta aukerak nola hobetu daitezkeen aztertzeko.

Hezkuntzaren zidorrak eta aplikazioak izan ditu interesgune nagusia azken urteotan. Besteak beste, 2018an mundu osoko irakasle onena izendatu zenarekin egoteko aukera izan zuen: Andria Zafirakou-rekin.

Makina bat irakaslek eskainitako irakaspen horien guztien ondorioz, hainbat formazio eskaini ditu azken urteotan, hezkuntza edota irakurketa jorratzen laguntzen ahalegintzeko, sormenaren, emozioaren, erlajazioaren, kontzentrazioaren, ludikotasunaren eta motibazioaren bitartez (ikasle zein irakasleentzat). Askotariko metodologiak hartzen ditu bidaide, zahar nahiz berri: idazketa- eta antzezpen-dinamikak, meditazio-jarduerak, adimen anizkoitzak (zentzumenei arreta handiagoa, izadia, gorputza, musika…), Flipped Classroom, ikasketa kooperatiboa, gamifikazioa, entzumen aktiboa, dantza, arte martzialak, denetariko proiektuak…