Atzealdea VI. Crossover Telesailen Kultura Jaialdia, martxoaren 27tik apirilaren 1era

VI. Crossover Telesailen Kultura Jaialdia, martxoaren 27tik apirilaren 1era

Seigarren edizioan, Crossover. Telesailen Kulturak jaialdiak telesailen kultura aberats eta zabala jorratuko du hainbat ikuspegi eta formatutan, eztabaidak, estreinaldiak eta elkarrizketak eginez, eta, jakina, fan fenomenoa ahaztu gabe.

VI. Crossover Telesailen Kultura Jaialdia, martxoaren 27tik apirilaren 1era

Kultura departamentuak, Kultur Factory agentziarekin lankidetzan, Crossover Telesailen Kultura jaialdia antolatu du seigarren urtez, Donostian izango da martxoaren 27tik apirilaren 1era. Jaialdiaren egoitzak Koldo Mitxelena Kulturunea eta Tabakalera izango dira aurtengoan ere, eta bere ohiko eskemari eutsiko dio telesailak, eztabaidak eta aurkezpenak estreinatuz.

Crossover. Telesailen Kultura jaialdia Borja Cobeaga eta Diego San José gidoilari eta zuzendariek 20 urteko elkarlana ospatzeko prestatu duten “Turra Tour” biraren lehen saioarekin hasiko da; telesail eta filmetan izan duten lankidetza hori Vaya Semanita EITBko saio ezagunarekin hasi zen.

Topaketa Mariola Cubells kazetariak gidatuko du. Bertan, Cobeagak eta San Josek beren bizitza sortzailea, miseriak eta une gogoangarriak ekarriko dituzte, eta azalduko dute zergatik iritsi diren honaino. Horrez gain, artista gonbidatu bat egongo da: Gorka Otxoa aktorea (gaur egun, Machos Alfa arrakastatsuan), hasieratik Diego eta Borjaren unibertsoaren parte izan dena.

Eta amaitzeko, Vaya Semanita ikonikoari omenaldia egingo zaio, 20 urte betetzen baititu; bi sortzaileek zerikusi handia dute programa horrekin eta gauza asko dute kontatzeko horri buruz.

Seigarren edizioan, Crossover. Telesailen Kulturak jaialdiak telesailen kultura aberats eta zabala jorratuko du hainbat ikuspegi eta formatutan, eztabaidak, estreinaldiak eta elkarrizketak eginez, eta, jakina, fan fenomenoa ahaztu gabe.

Horretarako, Crossover. Telesailen Kulturak berriz ere bilduko ditu telebistako sorkuntzako erreferenteak, ikus-entzunezko kritikako profesionalak eta telesailek planteatzen dituzten eta eztabaida sortzen duten gaietako adituak.

Crossover. Telesailen Kulturak aurten ere Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren lankidetza izango du, baita beste aliatu garrantzitsu batzuk ere, hala nola Donostia Turismo, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa edo Kutxa Kultur. Gainera, 2deo ikus-entzunezko laborategiak ere bat egingo du 2deo Serieak telesail proiektuak garatzeko programaren bidez eta «Serie hablada» bere programaren saio bat egingo du jaialdian.

Koldo Mitxelena Kulturuneak zinemaren eta telesailen alde egindako apustu honek bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua esparru horretan garatzen ari den ikus-entzunezko proiektuak lagundu, sustatu eta hedatzeko ekintzekin. Horren adibide ditugu Elias Querejeta Zine Eskolaren sorrera eta 2023an bigarren edizioa egiten ari diren «Zinemagileen arteko elkarrizketak» izeneko topaketak.