Atzealdea Woody Allen Donostian dago jada

Woody Allen Donostian dago jada

Zinemagile ospetsua bihar hasiko da film berriarekin Donostian, Pasai Donibanen eta Zumaian, besteak beste.

Woody Allen Donostian dago jada

Woody Allenek bihar, uztailak 10, Donostian filmatzen hasiko den film berriaren xehetasunak argitu ditu. Zinemaldian girotutako komedia erromantiko bat da.

Filmak «Rifkin's festival» behin-behineko izenburua du, eta Donostiako Zinemaldira iritsi, eta hiriarekin eta ekitaldiarekin liluraturik geratzen den bikote estatubatuar baten istorioa kontatuko du. Gizona emakume batekin maiteminduko da, eta emakumeak zinemaldian dagoen zinemagile frantses batekin harreman bat hasiko du.

Kursaalean egin den ekitaldian, The Mediapro Studio-ko Jaume Roures ekoizlea, eta bere taldekide batzuk izan ditu alboan: Elena Anaya, Wally Shawn, Gina Gershon eta Sergi López. Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano diputatu nagusia eta José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria ere izan dira bertan.

Prentsaurrekoan berak zein bere familiak Donostiarekin gozatzen dutela nabarmendu du New Yorkeko zinemagileak: «Film hau hemen egitea erabaki nuen, toki eder honetan hainbat hilabete igaro ahal izateko». Taldea goretsi du baita ere: «Zorionekoa sentitzen naiz aktore handi hauekin lan egiten. Beti lan egin dut pertsona bikainekin, eta beraiek izan dira nire filmen arrakastaren arrazoia».

Filmaketak zazpi bat aste iraungo ditu, abuztuaren 23ra arte. Denbora horretan guztian Miramar jauregia izango da Allenen taldearen operazio basea. 

Donostiako Boulevarda izango da filmaketaren lehen agertokia, eta ondoren, Parte Zaharreko kaleetara edo Cervantes plazara joango dira. Boulevarda trafikoarentzat guztiz itxiko da 17:00etatik 20:00etara bitartean. Allen Gipuzkoako beste hainbat udalerritan izango da baita ere, Zumaian uztailaren 22an edo Pasaian abuztuaren 5ean, adibidez.

Ongi etorri, Woody Allen!

Argazkia: Ander Suescun Ochandorena