Atzealdea Xabier Lete Nazioarteko Poesia Saria, martxan

Xabier Lete Nazioarteko Poesia Saria, martxan

Lanak aurkezteko epea 2019ko abenduaren 5ean amaituko da.

Xabier Lete Nazioarteko Poesia Saria, martxan

Diputatuen Kontseiluak, 2019ko uztailaren 23an egindako batzarrean onartu zituen Xabier Lete Nazioarteko V. Poesia Saria 2019ko oinarri arautzaileak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu berri ditu; hortaz, martxan da sariketa.

Euskaraz idatzitako obra berriak eta jatorrizkoak saritzea da lehiaketaren helburua. Obra horiek aurkezteko epea 2019ko abenduaren 5ean amaituko da.

Nahi duen orok parte hartu ahal izango du, aurreko edizioetan saridun izandakoek izan ezik. Lan bat baino gehiago aurkezteko aukera izango da, beti ere, originalak eta argitaratu gabeak. Ez dira onartuko beste hizkuntza batetik itzulitako lanak.

Aurkezpena

Lanaren 5 ale aurkeztu beharko dira, DIN A4 formatuan, ordenagailuz idatzita, orriaren alde bakarrean inprimatuta, eta ondoren grapatuta edo koadernatuta. Espazio bikoitza izan beharko du testuak.

Horrekin batera kartazal itxi bat atxiki beharko da, kanpoko aldean lanaren izenburua eta egilearen ezizena duela. Barruan honako datu eta dokumentuak sartu beharko dira: egilearen izen-abizenak, helbidea, harremanetarako telefonoa, helbide elektronikoa, NANaren edo pasaportearen fotokopia, eta ohar bio-bibliografiko laburra.

Bost aleak eta kartazal itxia, beste kartazal batean sartuko dira, eta kanpoaldean honakoa jarri beharko du nahitaez: «Xabier Lete Nazioarteko V. Poesia Saria 2019».

Helbide honetara bidaliko da gero: Koldo Mitxelena Kulturunea, Urdaneta Kalea 9, 20006 Donostia.

Saria

Epaimahaia literaturan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta ebazpena 2020ko martxoan emango dute. Irabazleak 12.000 euroko diru-saria eta Jose Ramon Anda eskultoreak egindako garaikur artistiko bat jasoko ditu.

Horrez gain, poesian espezializatutako argitaletxe batek saritutako obra publikatuko du, sari honentzat propio sortutako bildumaren barruan. Argitalpen horren 100 ale eskuratuko ditu saridunak. Horretarako, saria jakinarazten zaionetik 15 eguneko epea izango du lan osoa euskarri informatikoan entregatzeko.

Informazio gehiago: 154. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.