Atzealdea

ZENBAT URTE DITUDALA USTE DUZU

Egitasmoaren izena : ZENBAT URTE DITUDALA USTE DUZU

Eragilea : JAGOBA ASTIAZARAN

Telefonoa
675719699
Kontaktua
JAGOBA ASTIAZARAN

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Musika

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Musika
Zein balio sustatzen ditu
Bizikidetza, genero berdintasuna, inklusioa, adinekoenganako enpatia, hizkuntza eta kultur transmisioa.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat - baldintzak baleunde 2 gela elkartuta
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
1200€ (BEZa barne)
Jardueraren deskribapena:

Teknologiaren mundua ikaragarri aurreratu da azken 20 urteetan. Gazteen ikuspegitik, XX. mendea oso urruti gelditzen den garai bat da. “Garai hartakoak” dira beren guraso eta aitonamonak ere; “aspaldikoak”! Era berean, korrika doan mundu honetan, gazteek inoiz baino erraminta aurreratuagoak dituzte, guztiak etorkizunera begiratzeko sortuak. Biharko mundu bat erakutsiko dieten pantailak, ordea, baliabide ederra lirateke oraingoa izoztu eta gordetzeko.Biharkoei heurak direna eta jaso dutena erakusteko.

80. hamarkadan jaiotako bi musikari “gaztek” eskuetan ekarriko dituzte tramankulu ez hain aspaldikoak, teknologia analogikoa duten musika zein bideo aparatuak, baita guztiz zaharkiturik dauden musika euskarriak ere (vinilo, kasete, vhs,…). Haietan altxor bat gorderik izango dute ordea: Norberaren aiton-amonen ahots eta irudiak, kontu kantuan.

Horrela, medio hauek aitzaki hartuta, ahozkotasuna eta herri musika erdigunean jarriko ditugu euskarri zaharretan egindako kantak entzunez eta zuzenean jo eta kantatuz. Biak ala biak, gure instrumentuak lagun (pianoa eta kitarra), bidai bat egingo dugu gure herriko kantuistorioetan arakatuz eta balioetan aberatsak diren kontakizun, kanta, doinu eta musikak gazteen begi eta batez ere belarrietara ekarriz. “Zenbat urte ditudala uste duzue? Eta kanta honek? Eta aparailu honek? Zenbat urtez gorde ditzakegu gure familiko maiteen oroitzapenak? Eta haien esanak? Eta kontatu/kantatu dizkigutenak?”

Gure bizitzetan garrantzitsuak izan diren doinu eta kantak, kantari eta kantuzaleak aurkeztuko dizkiegu. Gure aiton-amona eta gurasoak, gure gertuko jendea. Euskal kultura heuren ahoz transmititu digutenak, eta modu batean nahiz bestean, gure izateko moduan eta eguneroko jokabideetan eragin dutenak. Kanta eta kontuek eramango gaituzte emozioak, generoa, bizikidetza, ingurumena, elkarlaguntza, inklusioa eta abar luze bat lantzera.

Proiektua bi saiotan banatuko dugu gela bakoitzean. Lehen saioan galderak luzatuko dizkiegu, eta gure esperientziaren bitartez ahozko transmisioaren garrantziaz jabetzen saiatuko gara, baita norberaren kultura mantentzearen beharraz ere. Bigarren saiorako parte-hartzeko eskari bat jasoko dute. Guk gure familiako altxorrak gordeta ditugun bezala, gazteek ere eskura dituzten baliabideak erabiliz guraso edo aiton-amonen bizipen eta kantak jasotzea (bideo edo audioz). Bigarren saiorako, gazteak, grabaketak egin eta bildutako materiala gurekin elkarbanatzeko ekar dezaten animatuko ditugu. Saio irekia izango da, eta beraien gustoko kantak kantatzera ere bideratua egongo da, zuzeneko musika inprobisatuarekin.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:
Proiektuak ez du baldintza berezirik behar, leku eta espazio aldetik. Ikasgela arruntetan
egin daiteke, aurrez esan bezala 20-25 ikasleko taldeetan.
- Beharrezko baliabide guztiak kulturgileek eramango dituzte (beti ere ikastetxe eta
ikasgelan ez baleude).
- Musikariek kitarra eta teklatua eramango dituzte baita hainbat aparatu analogiko
ere. Hauek martxan jartzeko entxufe arruntak nahikoa dira.
- Ez da megafonía beharrik izango. Ikasgela eta ratio txikietarako pentsaturiko
proiektua izanik, garrantzitsua da bertatik bertara zuzeneko ahots eta soinua
entzutea.
- Ikasgelan ez balego, proiektore eta pantaila bat eramango lukete hainbat irudi eta
bideo proiektatzeko.
- Aurrez aipatu bezala, eskolek ez lukete baliabiderik jarri beharko.
Jarduerari buruzko txostena:

Jardueraren alderdi artistiko-kulturala:
“Zenbat urte ditudala uste duzu?” Galdera inozoa dirudien arren, gazteen historiarekiko
ikuspegi zuzena ematen laguntzen digu. Geure adinaz haratago, ekarri ditugun elementuen historiaz galdetzekoa ere bai. Halako kantak, zenbat urte ditu? Nork egina da? Egile ezagunik bai al du? Eta nola iritsi da gaurko egunera? Zer abestu/kontatu dizuete zuen familiako nagusiek? Nondik aterata? Nork erakutsita? Duela zenbat urte?

Euskal kultura tradizionalaz haratago, euskal kantagintza osatzen duten eta gaur egun herrikoitzat
ditugun kantetatik pasako gara, etxeko kontakizun eta anekdota pertsonalekin uztartuz.
- Nola zen amonak 12 urte zituela “Cocainari” abesten zion tango hura, drogak zer
ziren ideiarik ez zuela?
- Eta aitonak edariari jarritako bertsoak nola kantatzen zituen bere alde iluna umorearen bitartez azalduz?

- Nola lasaitzen gintuzten gurasoek negar zotinka hasten ginenean? Zein zen lokartzen gintuen soinu hura?

- Eta nola irakatsi gezurrak hanka motza duela? Kirikirikendu, dena jakitendu,…
Gure aiton-amonen ezagutza modu analogikoan dokumentatua dugun gisan, gazteek
dituzten medio eta erremintak heuren guraso edo etxeko adinekoen ahotsak “jasotzeko” erabiltzea da helburua, ahozko transmisioaren haria gal ez dadin.

Jardueraren arlo pedagogikoa:
Adin tarte horretako gazteek modu jostagarrian eta beti musikaren bitartez ikusi ahal izango dute, ikastetxean bezainbeste ikasten dela beren egunerokoan elkarbizitza osasuntsu bat bultzatuz, eta heuren inguruan duten guztian arreta arduratsu bat jarriz. Gure gazteak beren guraso, aiton-amon... oro har beren herriko kultura eta ohiturekin, beren sustraiekin gertu, bat eginda sentitzea nahi dugu.

Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia:
Eskura dituzten tresnak erabiliz, beren etxekoekin eseri eta kontu kontari eta, noski, kantari egoteko parada eskaini nahi diegu proiektu honekin. Beraien lana, besteak beste, kantak eta kontakizunak grabatzea izango da. Errespetua, enpatia, entzuten jakitea,... Azken finean, ahozko tradizioa entzuten jakitetik dator, ez bada entzuten, nekez ikasten baita ezer! “Gazteak baleki eta zaharrak baleza...” esaera zaharrak hala dio, eta zaharrak gazteei erakusteko irrikaz egon ohi dira. Haien ondoan hizketan jartzeko denborarik ez dugu hartzen, ordea! Patxada ere balio erabilgarria izan daiteke gaur egungo joan etorri zoroetan!

Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia:
“Ikasten ikasten, beti beti gure adimena zabaltzen...” (Beri Txarrak). Garaiak aldatu direnik ezin da ukatu. Ikastea bakarra ez da aski, pentsatzen ere ikasi egin behar da eta are gehiago, gaur egun informazio eta desinformazioa edozein aldetatik jasotzen dugunean. Pentsamendu kritiko eta eraikitzailea sortzen jakin behar dugu, adimena zabaldu eta Berri Txarraken kantak dioen moduan, “haurrengandik, liburuetatik, agureengandik, beste kulturetatik ikasten, iraganetik, orainetik, etorkizunetik, zugandik, nigandik, guregandik ikasten...”

Elkarbizitzarako konpententzia:
Aniztasuna, genero ikuspegia, inklusioa,... hitzetik hortzera darabilzkigu gaur egun. Gure lehengo kantak ez daude hizkuntza honetara egokituak, baina baliatuko ditugu balio hauetaz eztabaidatzeko. Maitasun erromantikoak, bertako eta kanpokoak bereizteko joerak, desberdintasunak seinalatzekoak... jomugan jarriko ditugu.

Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia
Norberak jakingo du bigarren saiorako sortuko duen material horrekin zer nolako ondorioak aterako dituen, eta ikasitakoak balio izango dion gerora zerbaitetan ekiteko edo zerbait sortzeko. Irrikarik sortuko dion edo, besterik gabe, anekdota soilean geldituko den. Behar dena da, bizitzak aurrean jartzen dizkigun erronkak aurrera eramateko jakintza eraikitzen eta sortzen asmatzea eta ahal dela, prozesuarekin gozatzea. Musika eta kultura beti izango dira horretarako bidaide onak.

Norbera izaten ikasteko konpetentzia
Gure zaharrek ez zuten bizitzaren eskola baino askoz gehiago ezagutu, baina jakinduria darie haien hitzei. Hainbeste urtetako bizipenek erakusgai sendoak uzten dituzte gorputzetan eta haien gurasoek erakutsitakoak ez dituzte inoiz ahazten. Ikasitako guztiarekin garrantzitsua da erabakitzea zer den norberari ongi datorkiona, zoriontasuna norberaren hazkuntzatik etortzen delako, baina baita ondokoa errespetatzetik ere.

Metodologia aldetik, bi saiotan banatua egongo da ekintza, 45-50 minutukoa bakoitza, eta 20-25 ikasleko taldeei zuzenduak (Covid-19a dela eta, ratioetan eta saioen iraupenetan gorabeherak daudenez, hau ikastetxe bakoi-tzarekin adostuko da dena den).

1.saioan, musika erreproduktore zaharkituak eramango ditugu haiek gure bizipenetara eta gure garaira gerturatzeko ariketa gisara. Gure bizitzan esanguratsuak izan diren kantak jarriko ditugu, gehienak ahoz transmititutakoak, etxean entzun ditugulako. Pianoa eta kitarra lagun hartuta joango garenez, gazteentzat esanguratsuak izan daitezkeen kantak ere kantatuko ditugu, ahal dela momentuan inprobisatuz. Kantak balio desberdinak lantzera begira aukeratuak egongo dira. Saio hasieran eskatuko diegu, haien bizitzan esanahiren bat duten kantak pentsatzen joan daitezela, eta bukaeran, hurrengo saiorako grabaketaren bat ekar dezaten animatuko ditugu.

2.saioan, jada elkar ezagunak izango garenez, etxean egindako grabaketa horiek gurekin konpartitzeko espazioa jarriko dugu eszenatoki berean. Pianoz eta kitarraz lagunduko diegu kantatu nahiko luketen horretan, eta kultura jaso eta sortzearen garrantziaz jabetu daitezen saiatuko gara. Bakoitzak bere esparruan eta bere ahalmenen neurrian.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Badira 15 urte Ainhoak eta Jagobak eszenatoki gainean elkar topo egin zutenetik. Orduan ere kantagintza zuten oinarri. Piano bat Bertsotan ikuskizunarekin 5 urte pasa aritu ziren Euskal Herriko txoko ezberdinetan 100 emanaldi inguru eskeiniz. Bertan euskal musika eta inprobisazioa uztartzen zituzten. Ikus-entzuleak entzun nahi zituen euskal kantak papertxo batean idatzi ahala, bi musikariek abestu (inprobisatu) behar izaten zituzten bat bestearen atzetik, lehengo eta oraingo euskal kanten errepertorioa astinduz eta jendea kantari jarriz.

Esperientzia bizi hura atzean utzita, 10 urte beranduago ardura berak elkartu ditu proiektu hau sortzera. Nola zabaldu, mantendu, erein,... ahoz transmititu zaizkigun kanta guzti hauek?


Ainhoa Ansa Zugarramurdi (Arano, 1980), Historian Lizentziatua da, eta Irakasgaitasun
Ziurtagiriduna (IGZ-CAP). Honetaz gainera Euskal Kulturgintzaren Transmisioan aditu titulua du Mondragon Unibertsitatearen eskutik. Euskal Kantuzaleen Elkarteko koordinatzaile izan da, baita ahotsak.com proiektuko elkarrizketatzaile ere. Musikari ibilbidea beti egon da herri musika eta ahozkotasunari lotua, hala Ansa Ahizpak edo Aukeran dantza konpainiako musikari izan da. Azken urteetan kultur transmisioaren inguruan “artaNtxuriketan” ikuskizuna plazaz-plaza ematen dihardu bere bi ahizpak eta amarekin batera.


Jagoba Astiazaran Korta (Zestoa, 1986) Herri Musika Tradizionaleko Instrumentuak eta
Konposizio espezialitateetan Lizentziatua da, Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako musika ikastegian. 14 urte daramatza musika irakaskuntzan murgildurik. Irakasle izan da, besteak beste, Musikenen eta Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga musika kontserbatorioan. Egun, Donostiako udal Txistulari taldeko kide da baita Donostiako Udal Musika eta Dantza eskolako irakasle ere. Herri Musika Tradizionala izan da bere ibilbidean zutabe, horren erakusgarri, besteak beste, Iñar Sastrerekin batera plazaratu berri duen “Arineketan” diska.