Gipuzkoako Artxibo Orokorra (GAO) Tolosan dago, eta Gipuzkoako lurralde historikoko gobernu erakundeen artxibo historikoa da: hain zuzen ere, Batzar Nagusiena eta Foru Aldundiarena. Artxibo honetan XV. mendetik XX. mendera bitarteko dokumentuak gordetzen eta zabaltzen dira, eta bi multzo handi bereizten dira dokumentuen aldetik: batetik, XV. eta XVI. mendeetan sorturiko erakundeen dokumentuak ditugu (Batzar Nagusienak eta Aldundienak, Gipuzkoako Korregimenduarenak eta Tolosako Notari Barrutiko Protokoloenak); eta, bestetik, banakoen eta erakundeen dokumentuak ditugu, tartean bilduma edo atal faktizio batzuk barne (Indalecio Ojanguren -argazkitegia-, Gaztañaduy Etxea -dohaintza partikularra-, udaletako Kaparetasun agiriak…).
Euskal Itsas Museoa Donostiako Portuan dagoen zentro irekia da. Jendearekiko gertutasuna du, eta modu aktiboan egiten du lan pertsonen eta itsasoaren arteko harremana ezagutarazteko, behin-behineko erakusketen eta kultur dinamizazioko programen bidez. Era berean, Untzi Museoaren helburuetako bat da kanpoko harreman sare bat eraikitzea. Sare horri esker, Euskal Herriko itsas historia eta kulturarekin loturiko ekimenen erreferentea da.
XVII. mendeko baserri batean baserria nolakoa zen erakusten duen museoa da Igartubeiti Baserri Museoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1992an erosi zuen Igartubeiti baserria, desagertu ez zedin. Zaharberritzea konplexua izan zen, eta eredugarri gisa kalifikatu zuten. Horren ondorioz, XVII. mende hasieran zuen irudi historikoa berreskuratu du baserriak. Interpretazio Zentroan, euskal baserrien mila urte baino gehiagoko historia ekartzen dugu gogora. Igartubeitiko familiaren eta bizilagunen ahotsak entzunda, antzematen dugu nola joan ziren handitzen eta garatzen antzinako baserriak; nola bizi ziren eta nola lan egiten zuten bertako biztanleek; nolako harremanak zituzten beraien artean; zer sinesten zuten; zer ekoizten zuten; nola elikatzen ziren; nola dibertitzen ziren eta zerekin sufritzen zuten.
Lazkaoko Beneditarren Fundazioa 2011ko udaberrian sortu zen, Lazkaoko Beneditarren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lazkaoko Udalaren eskutik. Juan José Agirre fraide beneditarrak zuzentzen du fundazioa, eta bi helburu nagusi ditu: azken lau hamarkadetan Agirrek euskal gaien inguruan bildutako dokumentu funtsen ardura hartzea eta funts berriak jaso eta gizartearen esku jartzeko lanarekin jarraitzea. Horretarako artxibo zentro modernoa du Lazkaon, jendeari irekita dagoena.
Ekaingo (Uneskok Gizateriaren Ondare izendatua) kobazuloaren Magdalen Aldiko margoen faklsimila (erreplika zehatza) da Ekainberri. Museo ekipamendu ezberdina eta orijinala da eta bertan sentiaraziko dizute haitzulo batean somatzen den sentsazioa Homo sapiens-aren inguruko animaliek irudikatzeko abilezia miresten duzun bitartean. Hori dena osatzeko zenbait jarduera bizitzeko aukera izango duzu (ehiza, sua, margotzea) Paleolito Garaian bezala.
Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da Topic. 2009ko azaroan zabaldu zituen ateak, eta irudimenaren, berrikuntzaren eta originaltasunaren aldeko apustua egiten duen egitasmo bakar, erakagarri eta interesgarria da. Europa osoan txotxongilo artearentzako zentro integral bakarra da.