Guraso eta hezitzaileentzako tailerrak

 

1. Instant1ean programaren aurkezpena. 17:30-18:00 EUSK/CAST

Egitasmoa Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak eta Gipuzkoako gaztelekuek bultzatu dute, elkarlanean, nerabeekin batera iritzi kritikoa eta eztabaida-prozesuak sustatzeko. Instant1ean proiektuaren azken helburua da gazteok teknologiaren erabilerari dagozkion portaera eta jarrera egokiak barneratzea, Interneten ondo nola jokatu ikasi, eta sarean beren eskubideak eta betebeharrak zein diren argitzea.

Nerabeekin gaia nola landu den azalduko da. 

 

2. Youtuberra izan nahi dut. Aizea Gallagher @AizeaMordor. 18:00-18:15 EUSK/CAST

Aizea Gallagher, 21 urteko Gasteizko gaztea. YouTuber fenomenoko aurrekarietako bat da, bere lehen kanalari esker, eta Espainiako “Gamers” nesketako aurrenekotarikoa, jarraitzaile andana duelarik. Gaur egun, kanal berri baten bidez, teknologia berriei buruzko eta horien erabilera egokiari buruzko ezagutza partekatzen du. Aizea, asko esateko eta ekarpen handiak egiteko influencer-a da inolako zalantzarik gabe.

 

3. Mahai-ingurua: Nerabeak eta Teknologia digitalak: Erabilera osasuntsu baterako bidean. Arkaitz Lareki + Maite Goñi. 18:15-19:10 EUS/CAST

Arkaitz Lareki (Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) + Fishernet Hezkuntza-Teknologia Taldea) eta Maite Goñi (Mondragon Unibertsitateko eta Ordiziako Jakintza Ikastolako irakaslea)

MAITE GOÑI

Dena ez da arriskua: ezagutu Internet eta teknologiaren aukerak!

Gazteek teknologiaz eta sare sozialez egiten duten erabileraz hitz egitean, maiz erabilera makurrak eta arriskuak azpimarratzen dira, teknologia eta sare sozialen erabilera zuhurrak ekar ditzakeen onurak eta abantailak aintzakotzat hartu gabe. Solasaldian, alderdi horietan (aukerak, abantailak…) ipiniko da begirada eta aipatutako erabilera egoki horretara iristeko eman daitezkeen hainbat urrats nabarmenduko dira.

ARKAITZ LAREKI

Teknologia digitalen erabilerak, abantaila ugari ekartzeaz gain, arrisku batzuen aurrean jartzen gaitu, ezinbestean, esate baterako: Cyberbullying-a, Sexting-a, edo Grooming-a, besteak beste.

Teknologiaren erabilera desegokiei buruz hainbat ikerketa egin ondoren, jakin badakigu nerabe batzuk bereziki kalteberak direla arrisku horien aurrean, batzuetan arauak bete gabe eta erabilera-gomendioei kasurik egin gabe aritzen direlako. Horregatik, behar-beharrezkoa da guraso eta hezitzaileok esku hartzea, era hezitzailean, gazteek eta nerabeek Internet eta sare sozialak arduraz erabil ditzaten lortzeko.