Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Larre publikoak

Mendiko larreak

Imagen de pastos de montaña públicos

Gipuzkoako lurraldeak 200.000 ha inguru hartzen ditu; eremu horretatik 33.033 ha (% 16,5) herri onurako mendiak dira. Horietatik 22.050 ha zuhaitzez estalita daude, eta besteak, hau da, 10.983 ha, mendiko larreetarakotzat har genezakeen espazioa dira.

Larre horien ezaugarri geografiko komuna batez besteko garaiera erlatiboa handiagoa izatea da, parte diren lurraldearen beste alderdiekiko. Horregatik, mendiko larreak garaierako larreak dira, eta artzaintzaren urteko zikloaren barnean urte-sasoiko eginkizun garrantzitsua betetzen dute, udako larre gisa.

Mendiko larreen pilaketa handi bat dago Enirio-Aralar eta Partzuergoaren inguruan; izan ere, bi inguru horiek eta aldamenean dituzten udalerriek (Amezketa, Abaltzisketa, Zaldibia, Ataun, Idiazabal, Zerain eta Oñati) 6.191,61 ha hartzen dituzte, hau da, larre eremuaren % 56,37. Beste larregune garrantzitsu bat Hondarribia, Irun, Oiartzun, Errenteria, Urnieta, Andoain eta Villabona inguruan dago, 2.494,8 ha hartzen baitituzte guztira, hau da, kopuru osoaren % 22,71.

Azken 25 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzatik zertu den kudeaketa-lanaren helburua mendiko larre inguruak beharrezko azpiegiturez hornitzea izan da, abeltzainek modua izan dezaten bai artzainaren beraren bizi-baldintzen aldetik bai ganaduaren beraren aldetik, bere jardueran duintasunez aritzeko. Inbertsioak, lehenik, artzaintza-jarduera egokitzeko eta mantentzeko oinarrizko azpiegituretako defizit orokorra arintzera bideratu dira (egonaldietarako bordak, sarbideak, ur-hornidura, abereekin lan egiteko instalazioak, etab.).

Bada baliabide hau erabiltzen duen abeltzain sektore bat (700 pertsona baino gehiago), tokiko elkarteetan bildua (20), eta badira, halaber, kudeaketan laguntzen eta parte hartzen duten udalak, eta artzaintzari buruzko herri ordenantzak idatzi eta onartu dituzte, kudeaketa planei oniritzia eman, etab.

Eta prozedura informatizatu bat ere badago, Udalek jasotako artzaintzarako eskaerak tramitatzeko eta bidaltzeko, horiek ustiategien erregistroko datuekin eta larreen karga-ahalmenarekin kontrastatzeko eta, ondoren dagozkion baimenak bidaltzeko. 

Urteko eta urte-sasoiko larre produkzioen jarraipena egiten da, bai maila kuantitatiboan bai kualitatiboan, abere-karga onargarri edota bateragarrien jarraipenarekin batera.

Mendiko larre hauetako asko eta asko babes figuraren baten pean daude -Parke Naturalak eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuak (Aralar, Aizkorri-Aratz, Aiako-Harria, Pagoeta, Jaizkibel)-, eta Batasunaren intereseko habitat daude izendatuta; horrenbestez, horietako kudeaketak kontserbazio egoera onean mantentzea bermatu behar du.

Lotutako agiriak

Gipuzkoako mendien 7/2006 Foru Arauaren arabera, herri onurako mendietan artzaintzan jarduteko, entitate titularraren baimena behar da. Aurretik, entitate titularrak Foru Aldundiari bidaliko dio jasotako eskaeren zerrenda, ustiategien erregistroaren eta larreen abere zamaren datuekin egiaztatzeko. Bidalketa auzolarre aplikazioaren bidez egiten da.