Andoaingo Hobekuntza Plan Integralaren aurkezpena
Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I eta A-15 errepideak Andoainen integratzeko Hobekuntza Plan Integrala aurkezteko bilera informatiboa egin du Bastero Kulturgunean. Eider Mendoza diputatu nagusiak; Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak eta departamenduko arduradun teknikoek parte hartu dute bileran, eta planaren edukia, proiektuen egoera eta hura garatzeko aurreikusitako hurrengo urratsak azaldu dituzte. Saioan, jarduketa-programa osatzen duten esku hartze guztien berri eman da, Bazkardotik Sorabillara artekoak. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Bazkardoko lazo lotunea, Mimendi parean N-I errepidearen gaineko estaldura eraikitzea, bide konexio berriak garatzea udalerriko barne mugikortasuna hobetzeko, Allurraldeko kurba leuntzea segurtasuna indartzeko, azpiegituraren inpaktu akustikoa murrizteko jarduketak eta Sorabillako bide-txirikordatzea berrantolatzea. Aldundiak 150 milioi euro baino gehiago inbertitzea aurreikusten du plan hau gauzatzeko.