Kontseiluaren erabakiak

Gobernu Kontseiluak martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako adierazpen instituzionala onartu du. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du emakumeen eta gizonen berdintasunarekin eta gizarte justu, demokratiko eta berdintasunezkoa eraikitzearekin duen konpromiso “irmo eta argia”. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “martxoaren 8ak bide horretan lortutako aurrerapenei buruz hausnartzeko aukera eskaintzen digu, baita oraindik ere berdintasunaren aldeko aurrerapena arriskuan jartzen duten oztopoetan arreta jartzeko aukera ere”. Horrela, nabarmendu du Gipuzkoa, “emakumeen eta gizonen berdintasunean sinesten duen gizartea dela orohar, eta aurrera egiten jarraitzearen alde egiten duela, berdintasuna lortzeko”. “Konpromiso hau adierazten da, hala erakundeek bultzatutako politika publikoetan, nola mugimendu feministaren eta elkartegintzaren etengabeko lanean, eta baita lurraldeko milaka emakume eta gizonen eguneroko inplikazioan ere”, gaineratu du.

2026/03/03