Dohaintza bat jaso al duzu?

Gipuzkoako Foru Ogasunak bideotutorial bat prestatu du dohaintzen autolikidazioak telematikoki aurkeztea errazteko (671 eredua).

Dohaintza

 

Herritarrek gero eta gehiagotan erabiltzen dute kanal telematikoa behar dituzten tramiteak Gipuzkoako Foru Ogasunean egiteko. Horregatik, aurrez-aurrekoa ez den harreman hori errazte aldera, bideotutorialak jartzen dira herritarren eskura, bai webgunean, bai Zergabidea plataforman.

Beste zerga tramite batzuen artean, herritar askok, behin dohaintza bat jaso ondoren (diru kopuru bat, adibidez), zuzenean nahi izaten dute likidatu oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga, eta, horretarako, 671 eredua aurkeztu behar dute. Gure bulegoetara ez badute etorri nahi, ezta bankutik pasatu ere, hala dagokienean, Zergabidea plataforma erabil dezakete tramite guztiak modu telematikoan egiteko..

Tramite telematiko horretan laguntzeko, Ogasunak bideotutorial bat prestatu du, eta bertan ikus daiteke nola egiten den autolikidazio bat Zergabidea plataforman, partikularren artean diru dohaintza bat egin den kasuetan. Zergadunei autolikidazioa behar bezala egiten laguntzea eta betetzeko garaian segurtasun handiagoa ematea du helburu bideoak.

Bideoa ikusteko, esteka honetan sar zaitezke zuzenean: 671 ereduaren aurkezpen telematikorako bideotutoriala.

Era berean, gure webgunean ere ikus dezakezu bideoa, 671 ereduari buruzko informazioan sartuta, bai eta Zergabidea plataforman ere, «Aitorpen berria» aukeran klikatuz eta 671 eredua hautatuz.