Barne kontroleko eredua ezartzeko gida

Gaur argitaratu da Udalgidan Barne Kontroleko Eredua Ezartzeko Gida.

Gipuzkoako kontu-hartzaileei zuzendua dago gida hori, beren toki entitateko barne kontroleko eredua diseinatzerakoan tresna lagungarria izan dezaten.

Eredu horren eraketak hainbat alderdi ditu, eta horien artean ondokoak azpimarra daitezke:

1- Gastuen aurretiazko fiskalizazio eta kontu-hartzea. Arlo honetan, gomendagarritzat jotzen da toki entitateko osoko bilkurak oinarrizko baldintzen aurretiazko fiskalizazio eta kontu-hartze mugatuko araubidea onartzea, toki entitate bakoitzean zehazten den hedadurarekin, eta Finantza Kontroleko Urteko Planaren barruan planifikatzea  kontu-hartze osoko jarduketak (finantza kontrol iraunkorraren barruan).

Gidaren I. Eranskinean bildu dira ondoko lau esparru hauetan lantzen diren gastuen espediente ezberdinetan egiaztatu beharreko oinarrizko baldintzak: pertsonalaren gastuak, kontratazioa, diru-laguntzak eta hirigintza. “Gehigarriak” deitutako baldintzen artetik aurretiazko fiskalizazioan bete beharrekoak bakarrik Udalbatzak erabakitzen dituenak izango dira.

2- Eskubide eta sarreren aurretiazko fiskalizazioa. Arlo honetan, gomendagarritzat jotzen da fiskalizazio hori ordezkatzea kontabilitatean eskubide eta sarreren berri hartzeko kontrolarekin eta finantza kontrol iraunkorraren eremuan egindako ondorengo kontrolarekin. Entitate bakoitzean zehaztu daiteke zein eskubide eta sarrerei eragiten dien ordezkapenak (gidak sarrera batzuk kanpoan uztea proposatzen du). Ordezkapenaren erabakia osoko bilkurari dagokio.

3- Ordainketen,  kutxa finkoko aurrerakinen eta justifikatu beharreko ordainketen kontu-hartzea.

4- Kontu-hartzaileari dagokion Finantza Kontroleko Urteko Planaren eraketa, finantza kontroleko jarduketak zehaztuz. Plan horretan urtean gauzatu beharko diren jarduketak jaso behar dira, bai kontrol iraunkorraren eremuan eta, baita ere, auditoretza publikorenean.  Jarduketak zehazteko, kontrolpeko kudeaketa arlo bakoitzean lehendik dagoen egoera aztertu behar da eta, baita ere, sumatzen diren arriskuak, lehentasunak, lortu nahi diren helburuak eta kontroleko lanak egiteko dauden bitartekoak.

Eginkizun horretan lagungarri izateko, gidaren IV Eranskinean zerrendatu dira hainbat esparrutan eman daitezkeen arriskuak. Halaber, beste horrenbeste esparrutan egin daitezkeen jarduketak ere zerrendatu dira, bereiztuta kontrol iraunkorraren eremukoak eta auditoretza publikokoak.  

Barne kontrol sinplifikatuko araubidea aplikagarria izango da, baldin eta onartutako azken aurrekontuko hasierako aurreikuspen bateratuak (barne kontrolaren ondorioetarako toki sektore publikokoa osatzen duten entitate guztienak kontuan hartuz) ez badira 5.000.000 eurotik goragoak.

5- Kontrol ereduak barne hartzen ditu, era berean, kontrol prozeduren bestelako xehetasunak. Esaterako, kontrolari buruzko txostenak luzatzeko datak edo epeak,  txosten mota ezberdinen ereduak (fiskalizazio txostena, kontrol iraunkorreko txostena, auditoretza txostena, txosten laburtzailea …), kontrolaren emaitza txostenak jakinarazteko datak edo epeak (organo kudeatzaileei, lehendakariari, osoko bilkurari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari….)  etab. 

 

Entitatean kontrol eredu berri bat ezartzea, edota lehendik dagoena  eguneratzea,  hainbat prozeduren bidez egin daiteke. Adibidez,  barne kontroleko erregelamendu bat onartuta, aurrekontua gauzatzeko arauan kontroleko neurriak araututa, urtero osoko bilkuraren akordioz onartuta ekitaldian gauzatu beharreko kontrol eredua, etab. 

Datorren abenduaren 13rako, HAEEk gida honen aurkezpen saio bat antolatu du, toki entitateetako kontu hartzailetza Saileko langileei zuzenduta dagoena (matrikula egiteko epea: abenduaren 6 arte, Solaskidegunetik).

Informazio gehigarria: Barne kontroleko gida