Gipuzkoako enpresen salmentak %15,3 jaitsi dira 2020ko lehen sei hilabeteetan

Ekaineko “Salmentak, kanpo merkataritza, enplegua eta soldatak” txostenaren arabera, 2020ko lehen sei hilabeteetan Gipuzkoako enpresen salmentak %15,3 jaitsi dira. Bere bi osagaiek ere portaera negatiboa izan dute: barruko salmentak %13,4 jaitsi dira eta esportazioak %18,8.

Bai datu metatu horiek eta baita urteko bigarren hiruhilekoari dagozkienak ere, islatzen dute nahitaezko konfinamenduari eta  alarma egoerari lotutako neurriek izan duten eragina mugikortasunaren eta jardueraren gainean. Aldagai gehienek erakusten duten bilakaera profila da: beherakada txiki bat martxoan, gehienezko jaitsiera apirilean eta beherakada txikiagoa maiatzean eta ekainean. Horrela, ekainean salmenta osoak %11,5 jaitsi dira, maiatzeko -%25,3 edo apirileko -%32,9aren aldean. Neurri gogorrenak pixkanaka lasaitzeak ahalbidetu du salmentak suspertzen hasi izana.

Lan merkatuari dagokionez, enpleguaren jaitsiera ez da salmenten bezain bortitza izan; halere, datuak baldintzatuta dauden bai ERTEen eraginagatik eta baita kalkulatzeko metodologia beragatik ere. Ekainean, Gipuzkoako enpresetan lan egiten duten pertsona kopurua %4,5 jaitsi da, nahiz eta urteko metatuan enplegua %1,5 bakarrik jaitsi den.

Informazio gehiago: Salmentak, kanpo merkataritza, enplegua eta soldatak – 2020ko ekaina (pdf)