Gipuzkoako enpresen salmentak %16,1 jaitsi dira 2020ko lehen bost hilabeteetan

Maiatzeko “Salmentak, kanpo merkataritza, enplegua eta soldatak” txostenaren arabera, 2020ko lehen bost hilabeteetan Gipuzkoako enpresen salmentak %16,1 jaitsi dira. Bere bi osagaiek ere portaera negatiboa izan dute: barruko salmentak %14,2 jaitsi dira eta esportazioak %19,8.

Datu horiek islatzen dute martxoko bigarren hamabostalditik aurrera alarma egoerari lotutako neurriek izan duten eragina jardueraren gainean. Horrela, maiatzean salmenta osoak %25,3 jaitsi dira, barrukoak %22,5 eta esportazioak %30,4. Halere eta kasu horietan guztietan, erorketak apirilean izandakoak baino 8 eta 9 puntu bitartean txikiagoak dira.

Lan merkatuan ere jardueraren moteltzea nabaritu da, baina ez salmenten pare. Horrela, maiatzean Gipuzkoako enpresetan lan egiten duten pertsona kopurua %4,9 jaitsi da eta ordaindutako soldatak %11,1. Halere, aurreko hilabeteetako datu onei esker, urteko metatuan enplegua %0,8 bakarrik jaitsi da eta soldatak %2,6 jaitsi dira.

Informazio gehiago: Salmentak, kanpo merkataritza, enplegua eta soldatak – 2020ko maiatza (pdf)