Gipuzkoako enpresen salmentak %7,0 igo dira 2018ko lehen hamar hilabeteetan

Urriko “Salmentak, kanpo merkataritza, enplegua eta soldatak” txostenaren arabera, 2018ko lehen hamar hilabeteetan Gipuzkoako enpresen salmentak %7,0 igo dira. Esportazioen hazkundea %6,3koa izan da eta barruko salmentena zertxobait altuagoa (+%7,4).

Urriko salmenten bilakaera oso ona izan da (+%14,3). Eta kasu honetan, esportazioen hazkundea (+%20,3) barruko salmenten hazkundea (+%11,2%) baino askoz handiagoa izan da. Hazkunde nabarmen horretan zerikusia izan du Ekipo Ondasunen sektorearen bilakaerak; bertan, salmenta-zikloa hilabetekoa baino handiagoa da, eta askotan desfaseak izaten dira ondasunak ekoizten direnetik saltzen diren arte. Hori gertatu da urriko hilabete honetan, eta horrek esplikatzen du, esaterako, esportazioen igoeraren erdia.

Gipuzkoako enpresetan lan egiten duten langile kopuruari dagokionez, %3,9 hazi da 2018ko lehen hamar hilabete hauetan. Eta beraiei ordaindutako soldatak %5,0 igo dira aurreko urteko epealdi berdinarekin alderatuta.

Informazio gehiago: Salmentak, kanpo merkataritza, enplegua eta soldatak – 2018ko urria (pdf)