Gipuzkoako Foru Ogasunak hobetzen ditu herritarrentzako zerbitzuak
Hitzordua eskatzea aukerakoa da eta telefono bidezko arreta pertsonalizatua profesionalei ere zabaldu zaie
- 807

Ogasun eta Finantza Departamentuak urratsak ematen jarraitzen du administrazio publiko hurbilagoa, gardenagoa eta herritarren beharretara egokituagoa sustatzeko erronkan. Ildo horretan, aukerako hitzordu sistema ezarri berri du izapide guztietarako herritarren arretarako dituen zazpi bulegoetan, eta, aldi berean, zerga kudeaketako profesionalei zabaldu die BakQ bidezko telefonia pertsonalizatuko zerbitzua.
Departamentuak ofizialki irekitzen du Foru Ogasunera hitzordurik gabe hurbiltzeko aukera. Hori bai, ordu jakin batean arreta jaso nahi duten pertsonentzako aurretiazko hitzordu zerbitzua mantentzen da, itxaronaldi txikiagoak izateko helburuarekin.
Gainera, hitzordua eskatzeak beste abantaila bat dakar: erabiltzaileak gure webgunearen bidez hitzordua eskatzen badu, egin nahi duen izapideari eta aurkeztu behar duen dokumentazioari buruzko informazio osoa izango du. Era berean, herritarrak 943 113 000 telefonora deitzen badu (astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara), gure lankide bat erantzuteko prest izango du, eta aipatutako informazio bera emango dio. Horregatik guztiagatik, gomendatzen da hitzordua eskatzea.
Bestalde, partikularrentzako telefonia pertsonalizatuko zerbitzua finkatu ondoren, Departamentuak zerga kudeaketako profesionalen kolektibora ere zabaltzea erabaki du, bezeroen informazio konfidentziala telefonoz kontsultatu ahal izan dezaten, betiere ordezkaritzaren edukiaren arabera (001-P).
Zerbitzu horretan sartzeko, BakQ (Izenpek ematen duen ziurtagiri elektronikoa) eduki beharko da nahitaez. Identifikazioak bi pauso erraz baino ez ditu behar:
- NAren edo AIZaren (atzerritarraren identifikazio zenbakia) zenbakizko karaktereak sartu behar dira.
- Ondoren, BakQari lotutako telefono mugikorrean jasoko den SMSaren lau digituak sartu behar dira.