Foru Ogasuneko Herritarren arretarako zerbitzuak Q-epea ziurtagiria eskuratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza departamentuaren arreta zerbitzuaren zerbitzu kartak Q-epea ziurtagiria eskuratu du, gehienezko puntuazioa lortuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza departamentuaren arreta zerbitzuaren zerbitzu kartak Q-epearen ebaluazioa egin du azken asteotan, eta ziurtagiria lortzeaz gain, gehienezko puntuazioa lortu du. “Honela, Gipuzkoako foru Ogasuna gehienezko puntuazioa lortzen duen lehenengo erakunde publikoa da”, iragarri du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak, Ogasuneko departamentuko eta Gobernantza departamentuan Modernizazio zerbitzuko langileak zorionduz.

Zerbitzu kartaren bitartez, Gipuzkoako foru Ogasunak herritarrak informatzen ditu eskaintzen dituen zerbitzuei, erabiltzaile bezala dituzten eskubideen eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko konpromisoen inguruan. Dokumentu bizia da, bi urtean behin eguneratzen joaten dena, eta bere helburua zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzea da, horretarako herritarren kezka eta aldarrikapenak kontutan hartuz.

Q-epea, bere aldetik, 2002an sortzen da Euskal Herriko hainbat erakunde publikoren artean, kudeaketako praktika egokiak partekatzeko eta zabaltzeko asmoarekin, laneko dokumentazioak modu irekian trukatuz, beste erakunde publiko eta pribatuetako zuzendaritza taldeetako kideak gonbidatuz, esperientziak partekatuz eta aurrerapen horiek beste erakunde publiko batzuetara hedatzeko jendaurreko ekitaldiak antolatuz. Eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinen artean, Q-epeak berezko metodologia sortu du bere erakunde laguntzaileen zerbitzu kartak ebaluatzeko, kasu honetan foru Ogasunarenari aplikatu zaiona.

“Etxe hau modernizatzeko etengabeko prozesuan gaude murgilduta eta mota honetako aitortzek bide onetik goazela adierazten digute”, adierazi du Mendozak. “Gure helburua administrazio eraginkorra izatea da, herritarrek dituzten beharrei ahalik eta era egoki eta arinenean erantzuteko. Administrazioa laguntzeko dago, eta beraz oztopoak kendu eta gure zerbitzuak hobetzeko ahaleginarekin jarraituko dugu, eskaintzen ditugun zerbitzuetan bikaintasunaren bila”, gaineratu du.