Zertan bereizten da faktura zuzentzaile bat baliogabetzeko TicketBAI fitxategitik?

TicketBAI sisteman bi egoera bereizten dira:

- Faktura zuzentzaileak. Fakturan errore material bat gertatu denean (Fakturazio Erregelamenduaren 6. edo 7. artikuluaren arabera eskatutako baldintzaren bat betetzen ez denean), zuzenbidean oinarritutako errore bat, jasanarazitako kuotaren zehaztapen oker bat edo zerga-oinarria aldatzea eragiten duen inguruabarren bat (BEZaren Legearen 80. artikulua) faktura zuzentzaile bat jaulki beharko da, faktura zuzentzailearen mota adieraziz, “R1”, “R2”, “R3”, “R4” edo “R5” gakoarekin.

Era berean, faktura zuzentzailearen mota identifikatu beharko da “S - Ordezkatzeagatiko faktura zuzentzailea” edo “I - Ezberdintasunengatiko faktura zuzentzailea” gakoekin.

Kasu horiek faktura berri bat egiten den kasuak dira (fakturaren “alta”).

- XML TicketBAI fitxategia baliogabetzea. Gainera, aurrekoez bestelako egoera batzuetan, beharrezkoa da jaulkitako fakturari baja ematea eta, hala badagokio, egindako eragiketa behar bezala jasotzen duen beste bat egitea: adibidez, inoiz egin ez den eragiketa batengatik faktura oker bat jaulkitzen denean eta hura deuseztatu behar denean. Kasu horretan, egin ez den eragiketaren faktura baliogabetzeko, deuseztatzeko XML TicketBAI fitxategia erabiltzen da. Hori dela eta, baliogabetzeko XML TicketBAI fitxategian soilik identifikatu beharko dira jaulkitzailea eta deuseztatutako fakturaren seriea, zenbakia eta jaulkipen-data.

Gainera, faktura baliogabetzeko kasuak honako hauek ere izan daitezke:

a) Faktura egin denean baina oraindik eman edo bidali ez denean, argi utzita eragiketarik ez dagoela.

b) Hartzaileak hornitzailearen kontura eta izenean egindako faktura hornitzaileak onartu ez duenean (kasu horretan, bidezkoa da fitxategia baliogabetzea, berez fakturarik egon gabe).

Fakturaren zenbakiaren eta seriearen informazioa erregistroaren gako bakarraren parte da (faktura baliogabetu arren), eta ezin dira berriro erabili beste eragiketa baterako.