- gipuzkoa
- Ogasuna
- Zergak
- Ereduak
- 109 Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga
- 109 eredua (2025)
- Hobariak, murrizpenak, kenkariak eta karga taula
Hobariak, murrizpenak, kenkariak eta karga tasen taula
Jarraian labur erakusten dira aurtengo aitorpenean zergadunak izan ditzakeen hobariak (lanarenak), murrizpenak (zerga oinarri orokorrarenak) eta kenkariak (kuotarenak). Garrantzitsuenak jasotzen dira. Karga tasen taula ere azaltzen da.
Lanaren hobaria
Lanaren hobariak lan etekin gordina murrizten du jarraian adierazten den eran:
Orokorra:
| Sarrerak – gastu kengarriak | Hobaria |
|---|---|
| < 14.800 € | 8.000 € |
| 14.800,01 € eta 23.000 € bitartean | 8.000 € - [0,6098 x [(Sarrerak – gastu kengarriak) – 14.800 €] |
| > 23.000 € | 3.000 € |
Oinarri ezargarrian lanetik ez datozen errentak konputatzen badira, eta horiek 7.500 eurotik gorakoak badira, hobaria 3.000 eurokoa izango da.
Hobari handiagoa desgaitasun kasuetan:
- %100: langile aktibo desgaituen minusbaliotasun maila % 33koa edo handiagoa eta % 65etik beherakoa denean.
- %250: langile aktibo desgaituen minusbaliotasun maila % 33koa edo handiagoa eta % 65etik beherakoa denean, mugikortasuna murriztua badute (1971/1999 Errege Dekretuak II. eranskinean jasotzen duen baremoaren A, B edo C letrak edo D, E, F G edo H letretan 7 puntu edo gehiago lortzea, edo 888/2022 Errege Dekretuaren Mugikortasun Jardueren Mugen azpibaremoan % 25eko edo hortik gorako mugikortasun falta izatea), eta orobat, langile aktibo desgaituen minusbaliotasuna %65ekoa edo handiagoa denean.
Zerga oinarri orokorraren murrizpenak
Mutualitateei, aurreikuspen plan aseguratuei, pentsio planei, 2003/41/EB Zuzentarauan araututako pentsio planei, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateei, enpresarien gizarte aurreikuspeneko planei eta mendekotasun aseguruei egindako ekarpenengatiko murriztapenak.
Zerga oinarri orokorretik murriztu ahal izango dira zergadunak eta enpresak (zergadunaren alde) entitate horiei egindako ekarpenak eta kontribuzioak ondoko muga eta betekizunekin.
Orokorra – Erretiratu arte – Mugak:
Banakako mugak:
- 5.000 euro enplegukoak ez diren gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenen baturarako.
- 8.000 euro honako hauen baturarako:
- Bazkide sustatzailearen, babesle edo hartzailearen, kontribuzio enpresarialak.
- Profesionalak edo banakako enpresaburuak gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpen propioak, baldin eta enpresaburua edo profesionala, aldi berean, haren sustatzaile eta partaide bada, betiere ekarpen horiek proportzionaltasun maila bat dutenean bere kargura dituen langileen alde egiten dituen ekarpenekiko.
- Langileak berak enpleguko BGAE, pentsio plan edo enpleguko aurreikuspeneko beste sistema batera egindako ekarpenak.
- 4.000 euro enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenen baturarako, baldin eta sistema horietan partaideak edo bazkide osoak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak badira.
Baterako mugak:
12.000 euro ekarpenen eta kontribuzio enpresarialen baturarako. Honako hurrenkera honetan aplikatuko dira:
1º Aurreko ekitaldietako kontribuzioak.
2º Aurreko ekitaldietako enplegu sistemei egindako ekarpenak.
3º Aurreko ekitaldietako enplegukoak ez diren sistemei egindako ekarpenak.
4º Ekitaldiko kontribuzioak.
5º Enplegu sistemei egindako ekitaldiko ekarpenak.
6º Enplegukoak ez diren sistemei egindako ekitaldiko ekarpenak
Ezkontidearentzat edo izatezko bikotearen alde – Mugak:
- Betekizuna: ezkontide edo izatezko bikotekidearen zerga oinarri orokorraren errentak 8.000 €-tik beherakoak.
- Muga: 2.400 €.
Desgaituen alde – Mugak:
- 8.000 € (ahaideek egindakoak).
- 24.250 € (desgaituek beraiek egindakoak).
Kirolari profesionalentzat - Mugak:
- 24.250 €.
Murrizpena batera tributatzeagatik
Murrizpen hau aitorpena batera aurkezten denean egiten da. Kasu horretan, familia unitatearen modalitatea edozein dela ere, murrizpena 4.800 eurokoa izango da.
Karga tasen taula
Oinarri orokorra:
| Oinarri likidagarria | Kuota Osoa | Oinarri likidagarriaren gainerakoa | Tasa (%) |
|---|---|---|---|
| 0,00 € | 0,00 € | 17.720,00 € | 23,00 |
| 17.720,00 € | 4.075,60 € | 17.720,00 € | 28,00 |
| 35.440,00 € | 9.037,20 € | 17.720,00 € | 35,00 |
| 53.160,00 € | 15.239,20 € | 22.750,00 € | 40,00 |
| 75.910,00 € | 24.339,20 € | 29.220,00 € | 45,00 |
| 105.130,00 € | 37.488,20 € | 35.000,00 € | 46,00 |
| 140.130,00 € | 53.588,20 € | 64.140,00 € | 47,00 |
| 204.270,00 € | 83.734,00 € | Hortik gora | 49,00 |
Aurrezpenaren oinarria:
- 2.500,00 euro arte %20.
- 2.500,01 tik 10.000 arte %21.
- 10.000,01 tik 15.000 arte %22.
- 15.000,01 tik 30.000 arte %23.
- 30.000.01 tik aurrera %25.
Kuota gutxitzea
Oinarri likidagarri orokorrari karga eskala orokorra aplikatzetik ateratzen den kuotari zergadunek 1.583 euroko gutxipena aplikatu diezaiokete autolikidazio bakoitzeko.
Kenkariak
Kenkari familiarrak eta pertsonalak
Egoera pertsonal eta familiarraren zehaztapena:
- Zirkunstantzia pertsonalak zehazteko, kontuan hartzen da zer egoera dagoen zergaren sortzapen egunean (normalean, abenduaren 31n).
- Kenkari pertsonal eta familiarrak konputatzeko garaian, kalkulua ez da inoiz ere izango kenkariak aplikatzeko exijitutako zirkunstantziak gertatu diren urte naturaleko egun kopuruaren araberakoa.
- Kenkarirako eskubidea sortzen duen pertsona hil bada, zirkunstantzia pertsonalak pertsona horren heriotza egunean dagoen egoera kontuan hartuz zehazten dira, kenkarien zenbatekoa egun horretara arte proportzionalki murriztu gabe.
1 - Ondorengo ahaideengatik
| Lehenengoa | 668 € |
| Bigarrena | 827 € |
| Hirugarrena | 1.393 € |
| Laugarrena | 1.647 € |
| Bosgarrena eta hurrengoak | 2.151 € |
| Gehikuntza: 6 urtetik beherakoengatik | 386 € |
- Aplikatu gabeko kenkarien konpentsazioa: Kuota osoa nahikoa ez izateagatik kendu ezin izan diren ondorengo ahaideen kenkariak hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietan aplikatu ahal izango dira, baldin eta aplikatu behar diren ekitaldiko abenduaren 31n zergadunak 36 urte baino gutxiago baditu.
2 - Seme-alaben urteko mantenua ordaintzeagatik: %15
| Lehen seme-alabaren muga | 200,40 € |
| Bigarren seme-alabaren muga | 248,10 € |
| Hirugarren seme-alabaren muga | 417,90 € |
| Laugarren seme-alabaren muga | 494,10 € |
| Bosgarren seme-alabaren eta hurrengo bakoitzaren muga | 645,30 € |
3 - Aurreko ahaideengatik
321 € aurreko ahaidea zergadunarekin bizi denean, edo zergadunak egoitzei diru kopuruak ordaintzen dizkienean ahaide hori bertan modu jarraituan bizi dadin.
4 - Desgaitasun edo mendekotasunagatik
Zergaduna, aurreko edo ondorengo ahaidea, ezkontidea, maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikoteko kidea edo zeharkako ahaidea, laugarren mailaraino, hura barne, desgaitua edo mendekoa denean, edo 65 urteko edo hortik gorako pertsona desgaitua zergadunarekin bizi eta aurreko ahaide edo asimilatuen zerrendan sartuta ez dagoenean:
| % 33ko desgaitasun edo handiagoa eta % 65 baino txikiagoa. | 888 € |
|
% 65eko desgaitasuna edo handiagoa. Mendekotasun moderatua (I. gradua) |
1.268 € |
|
% 75eko desgaitasuna edo handiagoa, hirugarren pertsonen laguntzagatik 15 eta 39 puntu bitartean lortuta. (1971/1999 Errege Dekretuaren arabera aitortutako desgaitasunerako bakarrik) Mendekotasun larria ( II. gradua) |
1.521 € |
|
% 75eko desgaitasuna edo handiagoa, hirugarren pertsonen laguntzagatik 40 puntu edo gehiago lortuta. (1971/1999 Errege Dekretuaren arabera aitortutako desgaitasunerako bakarrik) Mendekotasun handia (III. gradua) |
2.040 € |
5 - Alarguntasunagatik
Zergadun alargun bakoitzeko 200 euroko kenkaria aplikatuko da.
Kenkari hau aplikatu ahal izateko, zergadunaren zerga oinarriak 20.000 eurokoa edo txikiagoa izan behar du.
Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa denean kenkariaren zenbatekoa honakoa izango da: 200 – 0,0200 x (OINARRIA – 20.000)
(OINARRIA: Zerga oinarri orokorra + Aurrezpenaren zerga oinarria)
Kenkari hau bateraezina da adinarengatiko kenkariarekin.
6 - Zergadunaren adinagatik
Kenkari hau aldatu egiten da adinaren, zerga-oinarri osoaren (orokorra + aurrezpenarena), pentsio konpentsagarriagatik aplikatutako murrizpenen eta tributazio motaren arabera
OINARRIA: Zerga oinarri orokorra + Aurrezpenaren zerga oinarria - Pentsio konpentsagarriengatik aplikatutako murrizpena
Banakako tributazioa aukeratuz gero, kenkaria honako hau da:
| Adina | OINARRIA < 20.000 | 20.000 eta 30.000 arteko OINARRIA | OINARRIA> 30.000 |
|---|---|---|---|
| 65 | 385 € | 385 - 0,0385 x (OINARRIA -20.000) | 0 € |
| 75 | 700 € | 700 - 0,0700 x (OINARRIA- 20.000) | 0 € |
Baterako tributazioa aukeratuz gero, kenkaria honako hau da:
| Adina | OINARRIA< 35.000 | OINARRIA > 35.000 |
|---|---|---|
| 65 | 385 € | 0 € |
| 75 | 700 € | 0 € |
7 - Adingabeak eta mendekotasun edo desgaitasun maila jakin bat duten pertsonak zaintzeagatik
Kenkari hau aplikatuko da Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistema Berezian afiliatutako pertsonak mugagabeko eran kontratatzeagatik ordaintzen diren zenbatekoengatik, betiere honako pertsona hauek zaintzeko bada:
a) Zergadunarekin bizi diren 12 urtetik beherakoak, ondorengo ahaideak, adoptatuak, etxean hartutakoak edo tutoretzapekoak direnak, eta 3/2014 foru arauaren 79. artikuluan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duten baldintzak (bizikidetza eta errentari buruzkoak) betetzen dituztenak.
b) Zergadunarekin bizi diren bigarren gradura bitarteko ondorengo ahaideak, adoptatuak, etxean hartutakoak, tutoretzapekoak edo bigarren gradura bitarteko lerro zuzenean dauden aurreko ahaideak ere (odolkidetasunezkoak, ezkontza bidezkoak edo adoptatuak azken horiek), 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna edukitzea dutenak edo mendekotasun graduetako bat aitortuta dutenak mendekotasun egoera baloratzeko baremoa onesten duen otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera (autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarri zuen baremo hori), eta 3/2014 foru arauaren 79. eta 81. artikuluetan ondorengo eta aurreko ahaideengatik aurreikusten diren kenkariak aplikatzeko eskubidea ematen duten baldintzak (bizikidetza eta errentari buruzkoak) betetzen dituztenak.
c) Zergadunak edo haren ezkontidea edo izatezko bikotekidea, aurreko b) letran aipatutako mendekotasun edo desgaitasun graduren bat aitortuta dutenean.
Kenkaria 250 eurokoa izango da dute zergaldi bakoitzeko. Kenkari hau aplikatzeko eskubidea bi zergadunek edo gehiagok dutenean, haren zenbatekoa zati berdinetan hainbanatuko da.
Artikulu honetan araututako kenkaria aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
- Kontratazioagatik zenbatekoak ordaintzen dituen zergadunetako bat alta emanda egotea Gizarte Segurantzan familia etxe bateko enplegatzaile gisa, zergadun horrek pertsona bat edo gehiago kontratatzea mugagabeko eran, eta haiengatik Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistema Berezian kotizatzea kenkaria aplikatu nahi den zergaldian.
Ondorio horietarako, aurreko baldintza betetzat joko da kontratazioa etxean laguntza eta zaintza pertsonaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen bitartez formalizatzen denean.
Kontratazioa egiten den edo lan harremana amaitzen den zergaldian, kontratuak 183 egun iraungo du gutxienez.
- Zergadunek eta, hala badagokio, haien ezkontideek edo izatezko bikotekideek jarduerak garatzea beren zein besteren kontura, eta haiengatik lanaren edo jarduera ekonomikoen etekinak jasotzea zergaldian, salbu eta 3/2014 foru arauaren 82. artikuluan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen desgaitasun edo mendekotasun graduren bat aitortuta badute.
Kenkariaren zenbatekoa 500 eurokoa izango da zergaldi bakoitzeko, zaintzailea aurreko b) eta c) letretan aipatzen diren pertsonak zaintzen dituen profesionaltzat hartuta dagoenean, erregelamenduz ezarritako baldintzetan.
8 - Kenkaria gizonezkoentzat, lan-, enpresa- edo lanbide-jarduera geldiarazteagatik, eteteagatik edo murrizteagatik, 4 urtetik beherako ondorengo ahaide edo adoptatu adingabeak zaintzeko
Gizonezkoak diren zergadunek, 4 urtetik beherako seme-alabak edo adoptatuak zaintze aldera, beren lan, enpresa edo lanbide jarduera eten edo uzten badute, 200 eurora bitarteko kenkaria aplikatu ahal izango dute jarduera eten edo utzi den urte bakoitzeko, adingabeak jaio eta zaintzeagatik legez aitortu eta emandako baimen ordainduak amaitzen direnetik aurrera.
Era berean, esandako kenkaria aplikatu ahal izango da zergadunak bere lan jarduerarekin jarraitzen duenean baina lanaldia murriztuta aurreko paragrafoan aipatutako pertsonetako edozein zaintzeko. Murriztapen horrek berekin ekarri behar du lanaldi osoari dagokion denboraren 100eko 67 lan egitea gehienez, betiere lanaldi osoa legez ezarritako lanaldiaren 100eko 50 baino txikiagoa ez bada. Kasu horietan, apartatu honetako lehen paragrafoan aurreikusitako kenkaria hainbanatu egingo da lanaldia murrizten den portzentajearen arabera.
Kenkari hori % 50 handituko da erditze edo adopzio anizkoitzen kasuan.
Kenkari hau aplikatzeko eskubidea bi gizonek dutenean, zenbatekoa zati berdinetan hainbanatuko da.
Kenkaria honako eragiketa hau eginez kalkulatuko da:
200 euro x (lanaldia geldiarazitako, etendako edo murriztutako egun kopurua / urteko egun naturalen kopurua) x (lanaldi murrizketaren portzentajea, edo % 100 geldiarazte eta etete kasuetan)
Kenkaria aplikatzeko, ezinbesteko baldintza izango da jaiotza izan edo adopzioa formalizatu aurreko lehen 18 hilabeteetatik 9tan gutxienez Gizarte Segurantzan alta emanda egon izana besteren zein norberaren konturako langile gisa, kooperatibako bazkide langile gisa edo funtzionario gisa.
9 - Kenkaria emakumezkoentzat, adingabeak zaindu ondoren lan merkatura berriro itzultzeagatik
Emakumeek adingabeko ondorengo ahaideak edo adoptatuak zaintze aldera, beren lan jarduna, enpresariala edo profesionala eten edo utzi badute eta horren ondoren lan merkatura berriro itzultzen badira, lan merkatura bueltatzen diren ekitaldian 1.500 euroko kenkaria aplikatu ahal izango dute lana etendako edo utzitako urte bakoitzeko, adingabeak jaio eta zaintzeagatik legez aitortu eta emandako baimen ordainduak amaitzen direnetik adingabeak hiru urte bete arte edo, lehenago bada, emakumea berriro laneratu arte.
Kenkaria honako eragiketa hau eginez kalkulatuko da:
1.500 euro x (lanaldia geldiarazitako, etendako edo murriztutako egun kopurua / urteko egun naturalen kopurua) x (lanaldi murrizketaren portzentajea, edo % 100 geldiarazte eta etete kasuetan)
Kontuan hartzekoak:
- Erditze edo adopzio anizkoitzen kasuan, % 150ez biderkatuko da.
- Kenkari hau aplikatzeko eskubidea bi emakumek dutenean, aurreko eragiketaren emaitza bien artean hainbanatuko da zati berdinetan.
- Kuota osoa nahikoa ez izateagatik aplikatu gabe geratzen diren kenkariak ondoko bost zergaldi jarraituetako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira.
- Halaber ulertuko da lan merkatura itzuli dela:
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu zerbitzu publiko batzuetan enplegu eta zerbitzu eskatzaile gisa izena emanda dagoenean.
- Egiten duen lanaldia haren lanpostuari dagokion lanaldi osoaren % 85ekoa denean gutxienez.
10 - Kenkaria desgaitasuna duen pertsonaren ondare babestuari egindako ekarpenengatik
% 30eko kenkaria desgaituaren ondare babestuari egindako ekarpenengatik, urtean gehienez 3.000 euroraino, azaroaren 18ko 41/2003 Legeak jasotakoaren araberako ondare babestua bada. Ondare babestuaren titularrak, ekarpen horiek jasotzean, 671 eredua aurkeztu beharko du eskritura publikoarekin batera, bai eta 182 eredua ere.
Aurreko paragrafoan jarritako muga desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko aplikatuko da, baldin eta haren ondare babestuari ekarpenak egiten bazaizkio.
11 - Kenkaria ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik
Orokorrean: % 20ko kenkaria aplikatuko da, 1.600 euroko mugarekin urtean.
Honako kasuetan % 35eko kenkaria aplikatuko da, 2.800 euroko mugarekin urtean:
- 36 urte baino gutxiago dituztenak abenduaren 31n edo heriotza-datan.
- Familia ugariaren titularrak abenduaren 31n edo heriotza-datan.
- Guraso, adoptatzaile edo hartzaile bakar batek eta adingabeko seme-alabek, ordezkaritza ahalmena duen kuradoretzapean dauden adin nagusikoek edo harrera iraunkorrean edo adopzio helburuko zaintzan dauden adingabeek, abenduaren 31n edo heriotza-datan, osatutako familia unitateak. Talde honetan sartuko dira alargunak aipatutako ondorengo ahaideekin.
- Guraso, adoptatzaile edo hartzaileak eta adingabeko seme-alabek, ordezkaritza ahalmena duen kuradoretzapean dauden adin nagusikoek edo harrera iraunkorrean edo adopzio helburuko zaintzan dauden adingabeek, abenduaren 31n edo heriotza-datan, osatutako familia unitateak, haien zaintza etxeko indarkeriagatik edo genero indarkeriagatik esleitua badute.
- Etxeko indarkeriaren edo genero indarkeriaren biktimatzat hartzen direnak abenduaren 31n edo heriotza-datan.
- 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna dutenak edo mendekotasun graduren bat aitortuta daukatenak abenduaren 31n edo heriotza-datan, bai eta haiekin bizi direnak ere. Bizikideak talde honetan sartzen direla ulertu ahal izateko beharrezkoa da:
- Mendekotasuna edo desgaitasuna duen pertsona alokairu-kontratuan azaltzea.
- Batera bizitzea modu jarraituan eta iraunkorrean urte natural osoan, heriotza kasuetan izan ezik.
Baterako aitorpenean muga horiek ez dira bikoiztuko.
Aplikatu gabeko kenkarien konpentsazioa:
Kuota osoa nahikoa ez izateagatik kendu ezin izan diren alokairuagatiko kenkariak hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietan aplikatu ahal izango dira.
Kendu gabeko kenkaria ordaintzea:
Autolikidatzeko betebeharrik ez duten zergadunek autolikidazioa aurkezten badute eta hortik ateratzen den kuota osoa ez bada nahikoa ohiko etxebizitza alokatzeagatik aurreikusitako kenkaria osorik edo partez aplikatzeko, aplikatu gabeko zenbatekoa kobratzeko eskubidea izango dute. Baterako tributazioa aukeratzen bada, aipatutako abonua lortzeko eskubidea izango da soilik unitate familiarreko kideetako inork ez badu autolikidazioa aurkezteko obligazioa.
12 - Kenkaria ohiko etxebizitza erosteagatik
Orokorrean:
- Kreditu fiskala: 36.000 € zergadun bakoitzeko.
- Kenkariaren portzentajea: % 18.
- Kenkariaren oinarria:
- Ohiko etxebizitza erosteko ordaindutako zenbatekoengatik.
- Ohiko etxebizitzaren erosketa finantzatu duen maileguaren amortizazioa eta interesak, besteren finantzaketak eragindako gastuak barne.
- Ohiko etxebizitza birgaitzeko erabili diren diru kopuruak.
- Etxebizitza kontuetan gordailutzen diren kopuruak.
- Kenkariaren muga: 1.530 euro urtean. Baterako aitorpenean muga bikoiztuko da.
- Etxebizitza kontua:
- Epea: 6 urte.
- Saldoa mugitzeko aukera, abenduaren 31 baino lehen berrezartzeko beharrarekin.
- Ez da kenkaria galduko zergaduna hiltzen bada saldoa ohiko etxebizitza erosteko erabiltzeko epea amaitu baino lehen.
- Kenkari aplikagarria: % 18 (kontuaren irekiera-data edozein dela ere).
Honako kasu hauetan % 23ko portzentajea aplikatuko da 1.955 euroko mugarekin urtean:
- Familia ugariaren titularrak abenduaren 31n edo heriotza-datan.
- Guraso, adoptatzaile edo hartzaile bakar batek eta adingabeko seme-alabek, ordezkaritza ahalmena duen kuradoretzapean dauden adin nagusikoek edo harrera iraunkorrean edo adopzio helburuko zaintzan dauden adingabeek, abenduaren 31n edo heriotza-datan, osatutako familia unitateak. Talde honetan sartuko dira alargunak aipatutako ondorengo ahaideekin.
- Guraso, adoptatzaile edo hartzaileak eta adingabeko seme-alabek, ordezkaritza ahalmena duen kuradoretzapean dauden adin nagusikoek edo harrera iraunkorrean edo adopzio helburuko zaintzan dauden adingabeek, abenduaren 31n edo heriotza-datan, osatutako familia unitateak, haien zaintza etxeko indarkeriagatik edo genero indarkeriagatik esleitua badute.
- Etxeko indarkeriaren edo genero indarkeriaren biktimatzat hartzen direnak abenduaren 31n edo heriotza-datan.
- 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna dutenak edo mendekotasun graduren bat aitortuta daukatenak abenduaren 31n edo heriotza-datan, bai eta haiekin modu jarraituan eta iraunkorrean urte natural osoan bizi direnak ere.
Abenduaren 31n 36 urtetik beherakoak direnei aplikatzeko arau bereziak:
- Kenkariaren portzentajea: % 23.
- Kenkariaren muga:
- Etxebizitzaren erosketa eskrituratzen den zergaldian kenkariak ez du urteko mugarik izango. Hortaz, kuota osoa agortu arte aplikatu ahal izango da.
- Gainerako zergaldiak: 1.955 euro urtean.
- Etxebizitza kontua:
- Epea: 10 urte zergaduna abenduaren 31n 36 urtetik beherakoa den ekitaldi batean ireki bada.
- Kenkari aplikagarria: % 23 zergaduna 36 urtetik beherakoa bada ekarpena egin den ekitaldiko abenduaren 31n, 1.955 euroko mugarekin urtean.
- Aplikatu gabeko kenkarien konpentsazioa: Kuota osoa nahikoa ez izateagatik kendu ezin izan diren kenkariak hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietan aplikatu ahal izango dira, betiere aplikatu behar diren ekitaldiko abenduaren 31n zergaduna 36 urtetik beherakoa bada.
2012/01/01aren aurretik eskuratutako etxebizitzen araubide iragankorra:
- Kenkariaren portzentajea:
- Orokorrean: % 18.
- 35 urtetik beherakoentzat eta familia ugarientzat: % 23.
- Urteko kenkariaren muga:
- Orokorrean: 2.160 euro.
- 35 urtetik beherakoentzat eta familia ugarientzat: 2.760 euro.
- Baterako aitorpenean muga ez da bikoiztuko.
13 - Kenkaria errentan emandako etxebizitzen birgaiketa babestuagatik
Ohiko etxebizitzaren alokairuaren kontratuetatik eratorritako kapital higiezinaren etekinak jasotzen dituzten zergadunek kenkari hau aplikatu ahal izango dute errentan emandako etxebizitza birgaitzeko ordaindutako zenbatekoengatik.
Kenkariaren portzentajea: % 18.
Kenkariaren muga: 3.000 euro urtean.
Birgaiketatzat hartuko dira:
- Errentan emandako etxebizitzan jabeak egindako obrak, baldin eta obra horiek jarduketa babestutzat kalifikatzen edo deklaratzen dituen ebazpena eman bada Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, xedatutakoaren arabera, edo, hala badagokio, babesteko moduko jarduketatzat kalifikatu badira abenduaren 12ko 2066/2008 Errege Dekretuarekin edo hura ordezten duten antzeko arauekin bat etorriz.
- Errentan emandako etxebizitzan egiten diren egokitzapen lanak eta instalazioak, eta eraikinak finka urbanotik bide publikora igarotzeko dituen elementu komunak aldatzea, hala nola eskailerak, igogailuak, korridoreak, atariak edo bestelako elementu arkitektonikoak, edo desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen komunikazio sentsorialaren oztopoak gainditzeko edo haien segurtasuna areagotzeko balio duten dispositibo elektronikoak jartzea, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.
14 - Kenkaria dohaintzengatik eta lehentasunezko jarduerengatik
- Orokorrean: %20.
- Lehentasunezko jarduerak: %30.
- Kultur mezenazgoa: %35.
Kenkariaren oinarria ezin da izan oinarri likidagarriaren % 30etik gorakoa.
15 - Kenkaria langileen sindikatuei ordaindutako kuotengatik eta alderdi politikoen aldeko kuota eta ekarpenengatik
- %20ko kenkaria.
16 - Kenkaria inbertsioengatik eta beste jarduera batzuengatik
Zergadunek kenkari portzentaje eta muga berdinekin aplikatu ahal izango dituzte Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren V. tituluko III. kapituluan eta hogeita seigarren, hogeita zazpigarren eta hogeita zortzigarren xedapen gehigarrietan aktibo ez-korronte berrietan inbertsioak pizteko eta zenbait jarduera eta jarduketa egitea sustatzeko aurreikusten diren kenkariak.
17 - Kenkaria langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik
- %15a gizonezkoen kasuan eta %20 emakumezkoen kasuan.
- Urteko muga: 1.500 € gizonak eta 2.000 € emakumeak.
- Muga osoa: 6.000 € gizonak eta 8.000 € emakumeak.
18 - Kenkaria enpresa berrietan edo osatu berrietan inbertitzeagatik
- % 20 gizonezkoen kasuan eta % 25 emakumezkoen kasuan.
- Kenkariaren oinarria gehienez urteko 50.000 euro izango dira eta urteko gehienezko kopuru kengarriak ezin du gainditu zergadunari zerga honetan dagokion oinarri likidagarriaren % 10.
19 - Kenkaria hazkunde ahalmen handiko entitateak finantzatzeagatik
- % 30 gizonezkoen kasuan eta % 35 emakumezkoen kasuan sorrera berriko entitate berritzaileak finantzatzeagatik.
- % 15 gizonezkoen kasuan eta %20 emakumezkoen kasuan hazkunde prozesuan dauden entitateak finantzatzeagatik.
- Urtean batera aplika daitekeen kenkariaren gehieneko oinarria 1.000.000 eurokoa izango da.
- Kenkari hau aplikatzeak ezingo du berekin ekarri urteko kuota likidoa zerga honen kuota osoaren 100eko 30 baino txikiagoa izatea.
20 - Kenkaria langileek entitateak eratzeagatik
- %15a gizonezkoen kasuan eta %20 emakumezkoen kasuan.
- Urteko muga:1.200 € gizonak eta 1.800 € emakumeak.
- Muga osoa: 6.000 € gizonak eta 8.000 € emakumeak.
21 - Kenkaria borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan sartuta dauden lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei egindako ekarpenengatik
Zergadunek ekarpenak egiten badizkiete borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetan integratuta dauden lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei, kenkaria aplikatu ahal izango dute zergaren kuota osoan.
Kenkari horretarako eskubidea emango duten ekarpenak negoziazio kolektibotik eratortzen diren nahitaezkoak izango dira, eta ez dira inola ere sartuko langileak bere borondatez egiten dituenak.
Kenkariaren portzentajea baldintza hauen arabera zehaztuko da:
- % 15: Egindako ekarpenen eta kontribuzio enpresarialen baterako zenbatekoa entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 3koa edo handiagoa eta 100eko 5etik beherakoa denean.
- % 20: Egindako ekarpenen eta kontribuzio enpresarialen baterako zenbatekoa entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 5ekoa edo handiagoa eta 100eko 8tik beherakoa denean.
- % 25: Egindako ekarpenen eta kontribuzio enpresarialen baterako zenbatekoa entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordin osoaren 100eko 8koa edo handiagoa denean, edo zergaren sortzapen datan zergadunak 36 urte baino gutxiago dituenean.
- % 10: Egindako ekarpenen eta kontribuzio enpresarialen baterako zenbatekoa entitate enplegatzaileak urtean ordaindutako soldata gordinaren 100eko 3 baino txikiagoa bada (2025etik 2029ra bitarteko zergaldietan ondorioak izateko).
Kenkariaren oinarria: zergadunak negoziazio kolektiboaren ondorioz egindako ekarpenen batura, betiere ekarpen horiek zerga oinarria murriztu badute PFEZ 3/2014 Foru Arauan aurreikusitako terminoetan.
Konpentsazioa: Kuota osoa nahikoa ez izateagatik aplikatzen ez diren kenkariak hurrengo lehen 5 zergaldi jarraituetako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira. Kenkaria hurrengo ekitaldietako bakoitzak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoan egin beharko da, eta ezingo da 5 urteko epe horretatik kanpo egin geroko ekitaldietan aplikatzeko dauden kenkariei metatuz.
22 - Kenkaria norberaren konturako langileek edo autonomoek enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenengatik
Zergadunek enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemei egiten dizkieten ekarpenengatik, bai eta Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko beste estatu kide batzuetako legeriaren babesean sortutako sistemetara egindakoengatik ere, 100eko 10eko kenkaria aplikatu ahal izango da zergaren kuota osoan, sistema horietako partaideak edo bazkide osoak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak direnean.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako portzentajea 100eko 15ekoa izango da:
- Ekarpenak egiten dituen pertsonak 36 urte baino gutxiago baditu zergaren sortzapenaren egunean.
- Ekarpenak borondatezko aurreikuspeneko entitateetan sartutako lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei egindakoak badira.
Aurreko paragrafoetan jasotako kenkaria aplikatuko da, halaber, beren kargura langilerik ez duten norberaren konturako langileek edo autonomoek enpleguko aurreikuspen sistemetarako egindako ekarpenak direnean.
Kenkariaren oinarria: Zergadunak egindako ekarpenen batura izango da, betiere ekarpen horiek zerga oinarria murriztu badute 3/2014 Foru Arauak aurreikusitako terminoetan.
Konpentsazioa: Kuota osoa nahikoa ez izateagatik aplikatzen ez diren kenkariak hurrengo lehen 5 zergaldi jarraituetako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira. Kenkaria hurrengo ekitaldietako bakoitzak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoan egin beharko da, eta ezingo da 5 urteko epe horretatik kanpo egin geroko ekitaldietan aplikatzeko dauden kenkariei metatuz.
23 - Kenkaria etxebizitzetako efizientzia energetikoa hobetzeko eta energia berriztagarriak integratzeko obrengatik
Kenkariaren portzentajea: % 15.
Urteko gehieneko oinarri kengarria: 20.000 euro (Baterakoan ez da bikoiztuko).
Kenkariaren oinarria: obra eta/edo instalazioetan ordaindutako zenbatekoengatik, haien xedea honako hau denean:
- Berokuntza eta hozte eskaria murriztea beren ohiko etxebizitzan edo une horretan errentan emanda daukan bere titulartasuneko beste edozein etxebizitzatan, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
- Energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa hobetzea beren ohiko etxebizitzan edo une horretan errentan emanda daukan bere titulartasuneko beste edozein etxebizitzatan, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
- Birgaitze energetikoko obrak egitea batez ere bizitegi erabilera duten eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko, baldin eta zergadunak bere jabetzako etxebizitza bat badu bertan, bere ohiko etxebizitza dena edo une horretan errentan emanda daukana, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Kenkari honen ondorioetarako, obra eta instalazio hauek bakarrik hartuko dira kontuan:
a) Energia berriztagarriak erabiltzea ahalbidetzen duten sorkuntzako ekipo hauen instalazioa:
a') Eraikinaren edo etxebizitzaren eskari termikoa (berokuntza eta etxeko ur beroa) estaltzeko biomasako galdarak.
b') Eraikinaren edo etxebizitzaren eskari termikoa (berokuntza eta etxeko ur beroa) estaltzeko aerotermia, hidrotermia eta geotermia sistemak.
c') Eraikinaren edo etxebizitzaren autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoak, autokontsumo hori indibiduala izan zein partekatua izan.
d') Eraikinaren edo etxebizitzaren etxeko ur beroaren eskaria estaltzeko eguzki instalazio termikoak.
Aurreko letretan aipatzen diren ekipoen instalazioarekin parekatuko da entitateen funts propioetan parte hartzea dakarten akzioak, partaidetzak edo beste edozein tresna bazkide, akziodun, elkartu, partaide edo antzeko gisa eskuratzea, baldin eta entitate horien sozietate xede nagusia energia termikoa eta/edo elektrikoa sortzeko proiektuak gauzatzea bada, baliabide berriztagarrietatik abiatuta eta ekipo horietan inbertituta.
b) Etxebizitzaren efizientzia energetikoa hobetzea helburu duten proiektuak, jarduketa indibidual edo kolektiboen bidez eraikin osoan egindakoak, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa gutxienez 100eko 30 murriztea dakartenak, edo etxebizitzaren edo eraikinaren kalifikazio energetikoa hobetzea eta «A» edo «B» motakoa lortzea xede duten proiektuak.
24 - Kenkaria ingurumena errespetatzen duten ibilgailu jakin batzuk eskuratzeagatik
Kenkariaren oinarria: Ingurumena errespetatzen duen ibilgailu berri baten eskurapen balioa (Laguntza publikoen programa bati helduta dirulaguntzak jaso badira eta zerga honen araudia aplikatuta dirulaguntza horiek salbuestekoak badira, kenkariaren oinarritik dirulaguntza horien zenbatekoa murriztuko da).
Kenkariaren portzentajea:
Orokorrean: % 5.
Txatarrera eraman denean titulartasuneko ibilgailua: % 10.
Kenkariaren gehieneko oinarria:
L3e, L4e eta L5e motozikleten kasuan: 10.000 euro.
Gainerakoetan: 40.000 euro.
Kenkari honetarako eskubidea ematen duten ibilgailuen eskakizunak:
- Ibilgailuek kategoria hauetako batekoak izan behar dute:
- M1 turismoak: gutxienez lau gurpil dituzten ibilgailu motordunak, bidaiariak garraiatzeko diseinatuak eta fabrikatuak, gidariaren eserlekuaz gain gehienez zortzi plaza dituztenak.
- L6e kuadriziklo arinak: hutsean 425 kg-ko edo gutxiagoko masa duten kuadriziklo arinak, baterien masa sartu gabe, fabrikazioz, gehienez 45 km/h-ko abiadura edo handiagoa eta gehienez 6 kW-ko potentzia edo handiagoa dutenak.
- L7e kuadriziklo astunak: lau gurpileko ibilgailuak, abiatzeko gertu daudenean 450 kg-ko masa edo txikiagoa dutenak (baterien masa sartu gabe) bidaiariak garraiatzeko direnean, eta 600 kg-koa edo txikiagoa dutenak salgaiak garraiatzeko direnean, kuadriziklo arintzat sailkatu ezin direnak.
- L3e, L4e, L5e motozikletak: bi gurpileko edo, ibilgailuaren luzerako erdiko ardatzarekiko, hiru gurpil simetriko edo asimetrikoko ibilgailuak, 50 cm3-tik gorakoak edo 50 km/h-tik gorako abiadura dutenak, ibilgailuaren pisu gordina tona bat baino handiagoa ez denean.
- Ibilgailuen modeloek Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAEren) Ibilgailuen Basean agertu beharko dute, bai eta honako baldintza hauek bete ere:
- M1 kategoriako ibilgailuen kasuan, mota hauetakoren batekoak izatea exijituko da:
- Bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), bakar-bakarrik motor elektrikoen bidez propultsatuak, energia osoa edo parte bat beren baterien elektrizitatetik hartzen dutenak, eta bateria horiek kargatzeko ibilgailuz kanpoko iturri bat darabiltenak, sare elektrikoa, esaterako.
- Autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (REEV), bakar-bakarrik motor elektrikoen bidez propultsatuak, energia osoa edo parte bat beren baterien elektrizitatetik hartzen dutenak, bateria horiek kargatzeko ibilgailuz kanpoko iturri bat darabiltenak, eta haien kargarako ere gasolina edo gasoliozko barne errekuntzako motorra ere daramatenak.
- Erregai pilako ibilgailu elektrikoa (FCV): ibilgailu elektrikoa, barruan daukan hidrogenozko erregai pila batetik iristen zaion energia elektrikoa baino erabiltzen ez duena.
- Erregai pilako ibilgailu elektriko hibridoa (FCHV): ibilgailu elektrikoa, erregai pilaz gainera bateria elektriko kargagarriak ere badituena.
- L kategoriako ibilgailuen kasuan, baldintza hauek bete behar dira:
- Motor elektrikoen bidez bakarrik propultsatuak izatea eta ibilgailu elektriko gisa homologatuta egotea.
- Motozikleta elektriko berriek (L3e, L4e eta L5e kategoriakoek) ezaugarri hauek eduki behar dituzte: litiozko bateriak eraman, motorraren potentzia 3 kW-koa edo handiagoa izan, eta gutxienez 70 km-ko autonomia eduki.
- M1 kategoriako ibilgailuen kasuan, mota hauetakoren batekoak izatea exijituko da:
- Ibilgailuak ezin izango dira atxiki jarduera ekonomiko bati.
- Aurreneko matrikulazioa Espainian egina eduki behar dute, zergadunaren izenean.
25 - Kenkaria ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeagatik
Kenkariaren oinarria: Beren jabetzako finka batean edo jabe gisa partaidetza kuota bat esleitua duten garaje komunitarioan ibilgailu elektrikoak eta xede partikularretarako erabilitakoak kargatzeko errekarga puntuak instalatzeko ordaindutako kopuruak (oinarri honetatik kendu egingo dira zergadunak kontzeptu kengarri horrengatik jaso ditzakeen dirulaguntza salbuetsiak).
Kenkariaren portzentajea: % 15.
Kenkariaren muga: 5.000 euro zergadun eta instalazio bakoitzeko.