340 ereduari buruzko ohiko galderak

Nahitaez bat etorri behar al da BEZaren autolikidazioaren emaitza (330 eredua) erregistro liburuen aitorpen informatiboaren emaitzarekin (340 eredua)?

Ez nahitaez. Izan ere, BEZaren autolikidazioan (330 eredua) helburua da BEZean sortutako kuoten eta BEZ kengarriaren kuoten arteko diferentzia likidatzea; aldiz, aitorpen informatiboaren helburua (340 eredua) da egindako eta jasotako fakturak eta ordezko dokumentuak idaztea. Dena den, jarduera ekonomikoa bereziki konplexurik ez duten subjektu pasiboen kasuan, bi emaitzak bat etor daitezke.

Aurkeztu behar al da jarduerarik ez duen 340 eredu bat?

Bai. 1. motako erregistro bakarra izango du, eta ez du izango 2. motako erregistrorik.

Nola zuzendu daiteke 340 eredua, aitorpena bidali ondoren akatsak antzeman direnean?

1. Aipatu aitorpena aurkezteko epearen barruan egonez gero, 340 ereduko aitorpen osoa bidali behar da berriro, jadanik zuzendutako erregistro(ar)ekin. Espresuki, ordezkoa dela adierazi behar da.
2. Aurkezteko epea bukatu bada, hau da, aitorpen aldiaren ondorengo hileko 25a igaro ondoren. Bi aukera daude:

+ Ordezkoa: Lehendik idatzitako erregistroren bat deuseztatu edo aldatu nahi bada, aitorpen osoa bidali behar da, barne sartuta jadanik aldatutako erregistroak, eta adierazi behar da zein den lehenago bidali den eta ordeztu nahi den ereduaren gakoa.
+ Osagarria: Barrik erabili behar da lehenago idatzi gabe geratu zen erregistro berri bat bidali nahi denean. Kasu horretan, lehenago bidali gabe gelditu diren erregistroak bakarrik bidali behar dira, lehenago bidalitako 340 ereduko aitorpenaren gakoa adierazita.

Jasotako fakturen liburuan idatzi behar al dira inbertsio ondasunen faktura jasoak?

BEZaren ondorioetarako inbertsio ondasuntzat hartzeko baldintzak betetzen dituzten ondasunen erosketen fakturak (besteak beste, erosketaren zenbatekoa 3.000,06 eurotik gorakoa izatea) jasotako fakturen liburuan idatzi behar dira, inbertsio ondasunen liburuan erregistratzeaz gain. Gainera, urtean zehar azken liburu honetan erregistratu diren inbertsio ondasunak urteko azken aitorpen aldiaren 340 ereduan sartuko dira.

Batasun barruko hainbat eragiketen liburuan idatzi behar al dira ondasunen batasun barruko entrega eta erosketak?

EZ. Egindako fakturen liburuan edo jasotako fakturen liburuan idatzi behar dira, hurrenez hurren.

Zer eragiketa idatzi behar dira “batasun barruko hainbat eragiketaren” erregistro liburuan?

Liburu honetan, bi eragiketa mota bakarrik erregistratzen dira, alegia BEZaren Erregelamenduak 66. artikuluan jasotako eragiketak (ondoko hauek bakarrik):

1. Beste estatu kide batetik ondasunak bidaltzea edo jasotzea, betiere ondasun horiei buruzko peritu txostenak edo lanak egin eta, behin horiek amaituta, estatu kide berera edo beste batera itzultzekoak badira, hala jasotzen baitu BEZaren 102/1992 Foru Dekretuak 70. artikuluaren 1. apartatuko 7. zenbakian.
2. BEZaren 102/1992 Foru Dekretuak 9.3 eta 16.2 artikuluetan jasotako ondasun transferentziak eta ondasunen batasun barruko erosketak egitea, merkantzia jasotzen den estatu kidean eragiketak egiteko.

“D” jarri behar da, baldin eta aitortua bada eragiketari lotutako ondasunen hartzailea; “R” jarri behar da, berriz, aitortua bada eragiketari lotutako ondasunen igorlea.

Erregistratu behar al dira BEZari lotu gabeko eragiketak eta BEZari lotuak baina salbuetsiak direnak? Nola?

Bai. Faktura egiteko obligazioa dagoenean (Fakturazio betebeharrei buruzko 61/2004 Foru Dekretuko 2. eta 3. artikuluak), hura erregistratu behar da.

BEZari lotu gabe edo salbuetsita dauden eragiketak direnean (gastukoak nahiz sarrerakoak), aldiz, “0” zerga tasa eta “0” zerga kuota jaso behar da.

Noiz bete behar da “herrialde kodea” eremua?

Aitortuaren helbidea Europar Batasunaz kanpoko herrialde batekoa denean edo, Batasuneko herrialdea izanik, aitortuak batasun barruko operadore zenbakirik ez duenean (horrela gertatzen da batasuneko amaierako kontsumitzaile batzuekin). “Egoitzako herrialdeko identifikazio zenbakiaren gakoa” eremuan 1 edo 2 gakoak (IFZ edo batasun barruko operadorearen zenbakia) markatuz gero, eremu hori ez da derrigorrezkoa izango.

Nola jakin daiteke zeintzuk diren “herrialde kodearen” gakoak?

Aipatu gakoak 2008ko abenduaren 2ko 1060 Foru Aginduko III. eranskinean jasota daude (GAO, 244. zk., 2008-12-19, 34.etik 41.era bitarteko orriak).

Noiz bete behar da “egoitza herrialdeko identifikazio fiskaleko zenbakia” eremua?

Aitortuak ez duenean Espainian emandako identifikazio fiskaleko zenbakirik. Besteak beste, atzerriko hornitzaile edo bezeroen kasuan gertatzen da.

Nola erregistratzen da 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako subjektu pasibo baten alderanzketa duen eragiketa bat?

Erregistro bakar bat egingo da, “I” gakoa eramango duena. Jasotako fakturen erregistro liburuan hornitzaileagandik jasotako fakturaren idatz oharra egingo da, eta bai zerga tasa eta bai jasandako kuota jarri eta kalkulatu behar dira, eta, hala badagokio, kuota hori “kuota kengarria” eremuan jarri behar da.

Nola erregistratzen da 2010eko abenduaren 31era arte sortutako subjektu pasibo baten alderanzketa duen eragiketa bat?

Egindako fakturen erregistro liburuan nahiz jasotako fakturen erregistro liburuan idatzi behar da eragiketaren hartzaileak egindako autofaktura; bi kasuotan, “I” eragiketa gakoa jarri behar da. Gainera, hornitzaileagandik jasotako faktura erregistratu behar da, horri ere “I” gakoa jarrita.

Nola erregistratzen da ondasunen batasun barruko erosketa bat?

“P” jarri behar da eragiketa gako gisa. Jasotako fakturen erregistro liburuan idatzi behar da atzerriko hornitzailearengandik jasotako faktura, eta, hori identifikatzeko, 2 gakoa jarri behar da “egoitzako herrialdeko identifikazio zenbakiaren gakoa” eremuan eta haren batasun barruko operadore zenbakia, aldiz, “egoitzako herrialdeko identifikazio fiskaleko zenbakia” eremuan.

Aipatu fakturan jasandako kuota zehaztu eta erregistratu behar da, eta, hala badagokio, kuota hori “kuota kenkariduna” eremuan sartu behar da.

Nola erregistratzen da ondasunen batasun barruko salmenta bat?

Eragiketa hori egindako fakturen erregistro liburuan idatzi behar da, eta, fakturaren hartzailea (bezeroa) identifikatzeko, 2 gakoa jarri behar da “egoitzako herrialdeko identifikazio zenbakiaren gakoa” eremuan eta haren batasun barruko operadore zenbakia, aldiz, “egoitzako herrialdeko identifikazio fiskaleko zenbakia” eremuan.

Nola erregistratzen da inportazio bat?

Eragiketa jasotako fakturen liburuan idatzi behar da. Fakturaren data administrazio agiri bakarraren (DUA) onarpen eguna izango da, eta hornitzailea identifikatu behar da -atzerritarra bada– “herrialde kodea” betez eta “egoitzako herrialdeko identifikazio zenbakiaren gakoa” eremuan 3, 4, 5 edo 6 gakoa erabiliz; kasu horretan ez da zertan jarri egoitzako herrialdeko identifikazio fiskaleko zenbakirik.

Inportazioak izanez gero, zer dokumentu erregistratu behar dira?

* BEZaren Erregelamenduak 64.1 artikuluan, ondasun inportatuen aduana agiria erregistratzen da (oro har, administrazio agiri bakarra [DUA] izango da).
* Oinarri ezargarri gisa, adierazi behar da merkantziak aduanan duen balioa, gehi aplikazio lurraldetik kanpo sortzen diren gainerako kargak, gehi inportazioaren kargak, gehi aduanako balioa osatzen ez duten eta erkidegoaren barruko lehendabiziko helmuga-tokiraino sortzen diren gastu gehigarriak (oinarri ezargarria, DUA agiriaren 47 laukia).
* Zerga kuota gisa, ordaintzekoa den BEZaren zenbatekoa jarri behar da.
* DUA agiria onartu ondoren sortzen diren eta BEZaren oinarri ezargarrian sartzen ez diren gastuak direla medio osatuko da faktura bereizien erregistroa. Aduanako agentearen fakturari dagokionez, haren zerbitzuaren prestazioari dagokion zatia bakarrik erregistratu behar da (eta ez, ordea, bezeroari aurrerakin gisa exijitzen dion inportazioaren BEZaren zenbatekoa).

Inportazioarekin parekatutako eragiketak izanez gero, zer agiri erregistratu behar dira?

* BEZaren Erregelamenduak 64.1 artikuluan jasotakoaren arabera, erregistratu behar da ondasun inportatuen aduana-agiria –DUA agirian bertan eta ordainketa gutunean (aurkeztu beharrekoa izanez gero) agertzen den DUAren erreferentzia zenbakia izango da– edo, bestela, 380 ereduaren erregistro zenbakia, aduanakoa ez den gordailu erregimen batetik irtenez gero, eta, gainerako kasuetan, zerbitzuaren hornitzaileek edo emaileek egindako fakturak.
* Oinarri ezargarri gisa, adierazi behar dira:
o DUA agiri bat aurkeztekotan, adierazi behar da merkantziak aduanan duen balioa, gehi aplikazio lurraldetik kanpo sortzen diren gainerako kargak, gehi inportazioaren kargak, gehi aduanako balioa osatzen ez duten eta erkidegoaren barruko lehendabiziko helmuga tokiraino sortzen diren gastu gehigarriak (oinarri ezargarria, DUA agiriaren 47 laukia).
o 380 eredua aurkeztekotan, aldiz, bertan aitortutako oinarri ezargarria.

340 ereduan sartu al daitezke IGIC zergari lotutako eragiketak?

Bai. IGIC zergari lotutako eragiketak 2. motako erregistro gisa sartuko lirateke, berariazko “liburu motaren gako” gisa.

Dibisatan erregistratu al daitezke oinarri ezargarria, zergaren kuota eta fakturaren zenbateko osoa?

Ez. Haien kontrabalioa eurotan jaso behar da, betiere Espainiako Bankuak ezarri eta eragiketaren sortzapen datan indarrean dagoen saltzeko kanbioaren tasa aplikatuta (102/1992 Foru Dekretuko 79.hamaika artikulua).

Erregistro bakar batean sartu al daitezke zenbateko txikia duten jasotako faktura batzuk?

“A” eragiketa-gakoa jarrita, data berean jasotako fakturen idazpen orokor global bat egin daiteke, betiere faktura horietako bat ere ez bada 500 € baino handiagoa (BEZa kanpo) eta faktura laburtuen baterako zenbateko osoa ez bada 6.000 euro baino handiagoa (BEZa kanpo) (BEZaren 1624/1992 Erregelamenduko 64.5 artikulua).

Derrigorrezkoa al da zenbateko txikiko egindako fakturen hartzaileak identifikatzea?

Bai. Salbuetsita geratzen dira 100 €-tik beherako fakturak (BEZa kanpo), horien hartzaileak ez badira enpresari edo profesionalak, hala jarduten dutenean.

Tiket bat edo ordezko agiri bat erregistratzean, zerga kuota banakatu behar al da?

Ez da horrelakorik behar. “J” gakoa (tiketak) markatuta, “fakturaren zenbateko osoa” eremua betetzea bakarrik izango da derrigorrezkoa.

Nola erregistratzen dira ondasun autokontsumoko eragiketak (102/1992 Foru Dekretuko 9.1 artikuluaren a) eta b) letrak)?

Ondasun salmentekin parekatutako eragiketak dira (kanpo autokontsumoko eragiketak ere badira), eta egindako fakturen erregistroan idatzi behar dira zerga kalifikazioaren arabera, berezitasun nabarmenik gabe.

Nola erregistratzen dira ondasun-autokontsumoko eragiketak (102/1992 Foru Dekretuko 9.1 artikuluaren c) eta d) letrak)?

Ondasun salmentekin parekatutako eragiketak dira (barne autokontsumoko eragiketak ere badira), eta egindako fakturen erregistroan eta jasotako fakturen erregistro liburuan idatzi behar dira Bi kasuotan, faktura egitera behartutakoaren identifikazioa eta hartzailearena bat etorriko dira.

Berezitasunen bat dago ondasun erabilien erregimen bereziari lotutako eragiketak erregistratzean?

Ez. Eragiketa horiek jasotzen dituzten fakturetan egoten da berezitasuna, ez baitute bereizita barne hartzen jasanarazitako kuota. Erregistratzean, ez da bereizita idatzi behar zerga kuota, baizik eta fakturaren zenbateko osoan sartuta.

Derrigorrezkoa al da 340 ereduan sartzea nekazaritzako konpentsazioen ordainagiriak?

Ez. BEZaren Erregelamenduak 49.2 artikuluan jasotakoaren arabera, bakarrik jasotako fakturen liburuaren baldintza berberak betetzen dituen erregistro liburu berezi batean idazten direnean justifikatuko dute kenkarirako eskubidea aipatu ordainagiriek.

Beraz, enpresariek nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako erregimenera bildutako pertsonei nekazarientzako konpentsazioa (%9) sartuta egiten dizkieten ordainagiriak ez dira zertan erregistratu jasotako fakturen erregistro liburuan, baizik eta BEZaren Erregelamenduak 49. artikuluan aipatutako erregistro liburu berezian.

Bestetik, %9a ez da zerga tasa bat, baizik eta BEZaren araudian (130. artikulua) nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako erregimenaren erregulazioan finkatutako konpentsazio bat. Hori horrela, aipatu ordainagiriak gainerako kuotetatik bereizita idatzi behar dira zergaldiko 330 ereduko autolikidazioan.

Baliokidetasun errekarguaren erregimen berezian zergapetutako enpresariak behartuta al daude, aldi berean egiten badituzte erregimen orokorra, nekazarien erregimen berezia edo beste edozein erregimen berezi aplikaziozkoa zaien jarduerak, baliokidetasun errekarguaren erregimena aplikaziozkoa zaien jasotako fakturak idaztera?

Bai. BEZaren Erregelamenduak 61.2.1 eta 2. artikuluan jasotakoaren arabera, aipatu fakturak bereizita idatzi behar dituzte jasotako fakturen erregistro liburuan, eta jasotako fakturen kasuan izaera orokorrez aurreikusitako eremuak bete behar dituzte, hau da, ez da beharrezkoa izango liburu horretan idaztea haiei jasanarazi zaien baliokidetasun errekarguaren zenbatekoa.

Nola idatzi behar dira bidai agentzien erregimen berezia aplikatzen duten subjektu pasiboek egindako fakturak?

BEZari lotuta baina salbuetsita dauden eragiketak izanez gero, fakturaren guztizko zenbatekoa idatzi behar da oinarri ezargarri gisa, tasaren eta kuotaren eremua zuriz utzi eta fakturaren zenbateko osoaren eremuan kontraprestazioaren zenbateko osoa ere jarri behar da.

BEZetik salbuetsita dauden eragiketak izanez gero, fakturaren guztizkoa idatzi behar da oinarri ezargarri gisa, tasaren eta kuotaren eremuan “0” idatzi eta fakturaren zenbateko osoaren eremuan kontraprestazioaren zenbateko osoa ere jarri behar da.

Nola idatzi behar dira bidai agentzien erregimen berezia aplikatzen duten subjektu pasiboengandik jasotako fakturak?

Erabat zergaren aplikazioko lurraldean egindako eragiketetan, kontraprestazioaren guztizkoa idatzi behar da oinarri ezargarri gisa eta fakturaren zenbateko oso gisa. “Zerga tasa” eremua zuriz utzi behar da, jasandako kuota gisa eragiketaren prezio osoaren %6 jarri eta kuota kengarriaren zenbatekoa idatziko da borondatez.

Derrigorrezkoa al da “C - Idazpen askotariko faktura” gakoa erabiltzea, hainbat zerga tasa jasotzen dituen egindako edo jasotako faktura bat erregistratzeko?

Ez. Faktura beraren idazpena egin daiteke, dena delako gakoa erabilita, elkarren segidako idazpen bereizi batzuetan.

Nola erregistratzen da faktura zuzentzaile bat?

“D” eragiketa-gakoa jarrita, dena delako zeinuaz erregistratu daiteke zuzenketaren zenbatekoa. Zuzenketa egin ondoren gelditzen den moduan ere erregistratu daiteke faktura; halere, azken kasu horretan, hasierako faktura ere idatzi behar da kontrako zeinua erabilita.

Hainbat faktura zuzenketako agiri bakar batez zuzenduz gero, nola identifikatzen dira faktura zuzenduak?

Azkenik zuzendutako fakturaren identifikazioa jaso daiteke.

Zer eragiketa-data jaso behar da faktura zuzendu batean?

Zuzentzen ari den jatorrizko fakturaren data.

Zer eragiketa-data jaso behar da faktura zuzentzaile batean, hainbat faktura zuzenketako agiri bakar baten bidez zuzentzen badira?

Azkenik zuzendutako faktura erregistratu zen hilabete naturalaren azken eguna jaso behar da.

Nola erregistratzen da zuzenketako tiket bat?

“J” gakoa (tiketak) jarri behar da, eta dena delako zeinuaz erregistratu daiteke zuzenketaren zenbatekoa. Zuzenketa egin ondoren gelditzen den moduan ere erregistratu daiteke tiketa; halere, azken kasu horretan, hasierako tiketa ere idatzi behar da kontrako zeinua erabilita.

Erabili behar al da “F.- Bidai agentziek bidaiarien onurarako zuzenean egindako erosketak” gakoa, bidai agentzietatik jaso diren fakturak erregistratzeko?

Ez. Bidai agentzien erregimen berezia aplikatzen duten entitateek beraiek bakarrik erabili behar dituzte. Bidai agentzietatik jasotako fakturek ez dute gako berezirik behar erregistratzeko.

G gakoa erabili behar al da entitate taldeen erregimen berezia aplikatzen duten entitateek egindako eragiketa guztietan?

Ez. Taldeko enpresen arteko eragiketetan erabili behar da, taldeak 102/1992 Foru Dekretuko 163.sexies.bost artikuluan jasotako modalitatea aukeratu duenean bakarrik. Kasu horietan “kostu bidezko oinarri ezargarria” eremua bete daiteke.

BEZeko entitate taldetako erregimen berezira bildutako entitateen kasuan, 340 eredu bat aurkeztu behar al da taldeko entitate bakoitzeko?

Bai. Entitate nagusiak nahiz menpeko entitate bakoitzak 340 eredu bat aurkeztu behar dute.