2023 urteko 347 ereduari buruzko ohiko galderak

2023ko martxoaren 31ean lurralde erkidetik Gipuzkoara lekualdatu den zergapekoa. Non aurkeztu behar du 347 eredua?

Aitorpena Gipuzkoan aurkeztu beharko du, hau da, 2023ko abenduaren 31ean  duen egoitza fiskalari dagokion Administrazioan, 2023ko ekitaldian aitortu beharreko  eragiketa guztiak aitortuz.

Egozpen irizpide hau dela-eta, gerta al daiteke bezeroak aitortutako zenbatekoa eta hornitzaileak aitortutakoa bat ez etortzea?

Bai. Faktura bezeroak jasotzen badu eta hura ez bada erregistratzen hornitzaileak faktura egin duen hiruhilekoan, beste batean baizik, aldeak agertuko dira.
Adibidez: X sozietateak 10.000 euroko salmentak egin zizkion Y sozietateari 2023ko martxoaren 20an. Y sozietateak apirilaren 30ean jaso zuen faktura, eta data horretan erregistratu zuen jasotako fakturen liburuan.

X sozietatearen 347 ereduan, eragiketa hori “B” gakoaz adierazi behar da 1. hiruhilekoari dagokion laukian; aldiz, Y sozietatearen 347 ereduan “A” gakoaz adieraziko da, 2. hiruhilekoari dagokion laukian.

Nola aitortzen dira eragiketak, haietan itzulketak, deskontuak, hobariak edo zerga oinarriaren aldaketak egin behar direnean?

Egoera aldarazle horiek jasota utzi behar dira gertatu diren hiruhileko naturalean, baldin eta aldaketa horien emaitza, pertsona edo entitate berberarekin urte naturalean egindako beste eragiketekin batera, 3.005,06 eurokoa baino handiagoa bada.

Adibidea: 2023ko urtarrilean, X entitateak (enpresa handia ez denak) 4.000 euroko salmentak egin zizkion Y entitateari. 6 hilabete igaro ondoren zenbateko hori kobratu ez duenez, bidezko tramiteak egiten ditu 2023ko azken hiruhilekoan zerga oinarria aldatzeko. Nola aitortu behar ditu eragiketa horiek 347 ereduan? Ez du 347 eredua aurkeztu behar, eragiketen urteko zenbatekoa, balio absolutuan, 3.005,06 euro baino txikiagoa delako.

Eragiketen urteko zenbatekoa = 0 = Salmenta (4.000) – Zerga oinarriaren aldaketa (-4.000)

Adibidea: 2022ko abenduan, X entitateak 20.000 euroko salmentak egin zizkion Y entitateari. 2023ko lehen hiruhilekoan, X entitateari aurreko salmentako merkantziak itzultzen zaizkio, eta haien balioa 4.000 eurokoa da. Nola aitortu behar ditu eragiketa horiek 347 ereduan? Kasu honetan, X entitateak badu eragiketa horiek 347 ereduan aitortzeko obligazioa, zeren eta kontuan hartzen baita urte natural berean egindako eragiketen balio absolutua 3.005,06 eurotik gorakoa den edo ez.

2022ko ekitaldia: “B” gakoa. Eragiketen zenbatekoa = 20.000 euro
2023ko ekitaldia: “B” gakoa. Eragiketen urteko zenbatekoa = -4.000
Zenbatekoa 1. hiruhilekoan: - 4.000
Zenbatekoa 2. hiruhilekoan = 0
Zenbatekoa 3. hiruhilekoan = 0
Zenbatekoa 4. hiruhilekoan = 0

Zenbateko negatibo bat aitortu al daiteke 347 ereduan?

Bai. Baldin eta eragiketen urteko zenbatekoa, balio absolutuan (zeinurik gabe), 3.005,06 € baino handiagoa bada. Zenbateko hori zeinu negatiboarekin idatzi behar da aitorpenean.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Kutxa irizpidearen araubide berezia aplikagarria zaien eragiketak egiten dituzten subjektu pasiboek nola bete behar dute 347 eredua?

Aitortu beharreko eragiketa bakoitzari buruzko informazioa bikoitza da: urtean egindako edo jasotako fakturen kopuru osoa aitortu behar dute “Eragiketen urteko zenbatekoa” laukian eta era berean, ordaindutako edo kobratutako eragiketen kopurua aitortu behar dute “ Kutxa irizpidea aplikatuz sortutako urteko BEZ zenbatekoa” laukian.

Informazioa urte osokoa izango da, hiruhilekotan banakatu gabe.

Adibidea: X enpresa Kutxa irizpidearen araubide berezira bilduta dago 2023 urtean. Otsailean, 4.000 euroko faktura egin dio Y enpresari. 2023ko azaroan 2.500 euro kobratu ditu eta gainontzekoa, 1.500 euro, 2024. urtean kobratuko du.

X enpresak nola aitortuko ditu salmentak eta diru sarrerak 347 ereduan?

2023 zergaldia
Eragiketaren gakoa B
Kutxa irizpidearen eragiketa
Eragiketen urteko zenbatekoa 4.000 euro.
Kutxa irizpidea aplikatuz sortutako BEZ zenbatekoa 2.500 euro.

2024 zergaldia
Eragiketaren gakoa B
Kutxa irizpidearen eragiketa
Eragiketen urteko zenbatekoa 0 euro.
Kutxa irizpidea aplikatuz sortutako BEZ zenbatekoa 1.500 euro.

Nola aitortu eskudirutan jasotako kopuruak?

Eskudirutan jasotako kopurutzat, 347 ereduaren ondorioetarako, legezko txanponak eta billeteak bakarrik hartuko dira, eramailearentzako txekeak ez dira kontzeptu horretan sartuko.

Jasotako zenbatekoak bakarrik aitortzen dira, hau da, bezeroak bakarrik, ez hornitzaileak.

Eskudirutan pilatutako zenbatekoa pertsona edo erakunde berarengandik jasotako 6.000,00 eurotik gorakoa den ekitaldian aitortzen da. Eskudirutan jasotako zenbatekoak benetan jaso diren ekitaldietan metatuta jasoko dira beti. Horrela, bada, eskudirutan zenbateko berriak jasotzen badira soilik jakinaraziko da, eta ez da hurrenez hurren arrastatuko, aitorpena egin zen azken alditik zenbatekoan aldaketarik ez badago.

Adibidea: 2022. urtean X enpresak 8.000 euroko faktura egin du eta zergaldi berean 4.500 euro kobratu ditu eskudirutan. 2023.urtean gainontzekoa kobratu du eskudirutan, 3.500 euro.

Pentsa genezake X enpresak izandako diru sarrerak 347 ereduan ez dituela aitortu behar, urte banatan izandako diru sarrerek ez dutelako 6.000 euroko muga gainditu. Baina, kontuz! 2023 urtean X enpresak eskudirutan jasotako zenbateko metatua 6.000 eurotik gorakoa da, beraz, zergaldi horretan eskudirutan jasotako kopurua aitortu beharko du, 2022 zergaldira 4.500 euro egotziz eta 3.500 euro 2023 zergaldira.

Nola aitortzen dira jasotako dirulaguntzak?

Kobrantza-ekitaldian aitortzen dira, ordainketa-aginduaren dataren arabera, ekitaldian zehar jasotako zenbatekoa 3.005,06 euro baino gehiagokoa denean. B gakoarekin kontsignatzen dira, salmentak bezala.

E gakoa diru-laguntzak ordaintzen dituzten administrazio publikoek soilik erabil dezakete.