Aldi baterako laguntza bereziak nekazaritza-ekoizleentzat eta gasolio profesionalaren itzulketaren onuradunentzat

Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuak, Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duenak, aldi baterako laguntza bereziak onetsi ditu nekazaritzako ekoizleek (46. artikulua) eta hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek (55. Artikulua) kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzeko.

Laguntza horiek kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura apirilaren 17ko 160/2026 Foru Aginduan dago araututa, haien kudeaketa eta itzulketa Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionean.

Onuradunak

Laguntza hauen onuradun izan daitezke, kasu batean, pertsona fisikoak edo juridikoak, edo nortasunik gabeko entitateak, baldin eta nekazaritza lanak egiteko –barazkigintza, abeltzaintza eta basogintza barne– Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 50.1 artikuluko 1.4 epigrafean ezarritako tasan tributatzen duen gasolioa erabiltzen badute eta, gainera, Zerga Bereziei buruzko aipatu foru dekretu arauemailearen 52 ter artikuluan aurreikusitako itzulketa partzialerako eskubidea dutenak; eta beste kasuan, Zerga Bereziei buruzko Foru Dekretu Arauemailearen 52 bis artikuluan aurreikusitako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialaren eskubidea duten ibilgailuen titularrak, beren titulartasunerako ibilgailuen motorrean erregai gisa erabili den erabilera orokorreko gasolioari dagokionez.

Bi kasuetan, laguntza hauen onuradunek zerga bereziak arautzen dituen Foru Dekretuaren 52 ter eta 52 bis artikuluetan eta hura garatzeko araudian, hurrenez hurren, ezarritako betebehar guztiak bete behar dituzte.

Eskaera

Nekazaritzako ekoizleek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintze aldera ematen den aldi baterako laguntza bereziaren kasuan, laguntza eskatutzat joko da nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako gasolioagatik jasandako hidrokarburoen gaineko zerga itzultzeko eskaera aurkezten denean martxoaren 26ko 130/2024 Foru Aginduak, nekazariek eta abeltzainek gasolio erosketengatik jasandako hidrokarburoen gaineko zerga itzultzeko prozedura ezartzen duenak, xedatutakoarekin bat.

Erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintze aldera ematen den aldi baterako laguntza bereziaren kasuan, laguntza jasotzeko ezinbesteko baldintza izango da txikizkako salmenta instalazioetan erositako gasolioa ordaintzea apirilaren 5eko 154/2023 Foru Aginduan, gasolio profesionalaren kontsumoagatik jasandako hidrokarburoen gaineko zerga zati batean itzultzeko prozedura ezartzen duena, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan gasolio erosketak direla-eta jasandako hidrokarburoen gaineko zerga itzultzeko prozedura ezartzen duen martxoaren 25eko 274/2010 Foru Agindua aldatzen duena, arautzen diren gasolio profesionaleko txartelak erabilita. Gasolio profesionaleko txartelak gasolioa erosteko ordainbide espezifiko gisa erabiltzea laguntzaren eskaeratzat hartuko da.

Gasolioaren hornidura apirilaren 5eko 154/2023 Foru Aginduaren 8. artikuluan aipatzen diren norbere kontsumorako instalazioetan egiten bada, laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da instalazioaren titularrak nahitaez betetzea aipatutako foru aginduak ezarritako baldintzak eta beharkizunak.

Estatu laguntzen araubidea

Ekialde Ertaineko gatazka belikoaren ondorio ekonomiko eta sozialak konpentsatzeko onartutako laguntzek Estatuko laguntzen arloko Europar Batasuneko araudia errespetatu beharko dute.

Laguntzak jasotzea bidezkoa ez duten egoerak


Ezingo dituzte laguntza hauek jaso 2026ko uztailaren 27ko 306/2026 Foru Aginduaren 2. apartatuan edo 2026ko uztailaren 27ko 307/2026 Foru Aginduaren 2. apartatuan aurreikusitako egoeraren batean dauden onuradunek:

  1. 2026ko otsailaren 28an krisian zeuden enpresa handi eta ertainek.
     
  2. Mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan, laguntzen onuradun izan ahalko dira, nahiz eta 2026ko otsailaren 28an krisian egon, baldin eta data horretan ez badaude egintza judizial bidez aitortutako konkurtso-prozedura batean sartuta, maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Konkurtso Legearen testu bateginaren arabera, eta salbamendu-laguntzarik edo berregituratze-laguntzarik jaso ez badute, salbu eta, azken bi kasu horietan, METSAFn ezarritakoa betetzen badute, hau da:

    a) Salbamendu laguntza jaso dute, baina laguntza emateko unean mailegua itzulia badute edo bermeari amaiera eman diote; edo
    b) Berregituratze  laguntza jaso dute, baina laguntza emateko unean ez daude berregituratze plan bati lotuta.
     
  3. Europako Batzordearen erabaki batek barne merkatuarekin bateraezintzat jotako legez kanpoko aurreko laguntza bat jaso duten eta laguntzaren zenbateko osoa eta berreskuratze-interesak itzuli ez dituzten enpresak. 
     

Horrelako egoeraren batean dauden laguntzen onuradunek Administrazioari jakinarazi behar diote, laguntzak jasotzea eragozten duten egoeretan daudela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz.

Erantzukizunpeko adierazpen hori bitarteko elektronikoz egingo da, Zergabidea plataforman horretarako gaitutako formularioa erabilita.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko epea 2026ko abuztuaren 3tik 2026ko abuztuaren 21era bitartekoa izango da nekazaritzako ekoizleek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintze aldera ematen den eta aldi baterako laguntza bereziaren onuradunentzat, eta 2026ko uztailaren 31tik 2026ko abuztuaren 10era bitartekoa erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintze aldera ematen den aldi baterako laguntza bereziaren onuradunentzat.

Basogintzako jarduera

Ekialde Hurbileko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuaren 46. artikuluan jasotako laguntza bat dator «Ekialde Hurbileko krisiari erantzuteko Laguntzarako aldi baterako Esparru Batzordearen Jakinarazpenarekin (C(2026) 2947 azkena)» (ME TSAF). Hala ere, basogintzara bideratutako laguntzak Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren barruan sartuko dira. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

Horretarako, basogintza jardueretan gasolioa erabiltzen duen onuradunak berariaz jakinarazi beharko dio organo kudeatzaileari, hidrokarburoen gaineko zerga berezia itzultzeko eskatu aurretik, edo 2026ko abuztuaren 3tik 2026ko abuztuaren 21era bitarteko epean, itzulketa jada eskatu bada.

Jakinarazpen hori bitarteko elektronikoz egingo da, Zergabidea plataforman horretarako gaitutako formularioa erabilita.


Araudia

160/2026 Foru Agindua, apirilaren 17koa, zeinaren bidez arautzen baita zein prozedura aplikatuko diren nekazaritzako ekoizleek eta hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzen laguntze aldera martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuan ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko.

306/2026 Foru Agindua, uztailaren 27koa, Ekialde Hurbileko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuaren 46. artikuluan aurreikusitako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten nekazaritzako ekoizleek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzeko aldi baterako laguntza bereziari buruzko egokitzapenak eta zehaztapenak ezartzen dituena, Estatuaren laguntzen araubidera egokitzeari dagokionez .

307/2026 Foru Agindua, uztailaren 27koa, hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzi alerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren kostua ordaintzeko aldi baterako laguntza berezia estatu laguntzen araubidera egokitzeko behar diren egokitzapenak eta zehaztapenak ezartzen dituena, Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.