FAUNA ERABILGARRIA

Bere jardueragatik gizakiak intsektuak bi kategoriatan sailkatzen ditu: kaltegarri edo izurriteen eta baliagarri edo lagungarrien kategorietan. Azken hauek erabiltzen dira lehenengoen kontra, eta hain zuzen borroka biologikoaren alderdi ugarietako bat da.

Teorian, izurrite bat gune batean azaltzen denean, populazioaren dentsitatea, askotan, jatorrizko lekuan baino balio handiagoa izaten da, leku berrian etsai naturalik ez dagoelako. Kasu horretan borrokatzeko bidea etsai natural horiek jatorrizko lekuan bilatzea eta izurritearen leku berrira sartzea izaten da. Fauna lagungarriaren bidez borroka biologikoa egindako gero eta adibide gehiago dago. "Novius cardinalis" marigorringoa erabiltzea izan zen arrakastaz burututako borroka biologikoetan lehenengoetakoa, zitrikoen kukurutx australiarra kontrolatzeko erabili zenean. Beste kasu bat "Aphelinus mali" himenopteroarena da, zeina Europara zorri lanigeroari aurka egiteko sartu baitzen. Beste himenoptero bat, "Prospaltella perniciosi" izenekoa, San Jose zorriaren parasitoa da. Akaro fitoseidoak fruta-arboletako armiarma gorriaren harrapari dira; denbora luzez ezaguna izan da "Phytoseiulus persimilis" akaroa barazkietako armiarma gorriaren harrapari moduan; gaur egun "Amblyseius andersoni" izenekoa gero eta gehiago erabiltzen da pipita duten fruta-arboletako armiarma gorria kontrolatzeko; beste akaro bat, "Typhlodromus pyri" izenekoa, arrakastaz erabiltzen da helburu berarekin.

Beraz, arbola-sisteman bizi diren organismoen eginkizun ekologikoa sakon ezagutzeari esker, apurka-apurka sartzen ari da fauna lagungarria, autoktonoa, izurriteak kontrolatzeko.

 

FITOSEIDOAK

Akaro tetranikidoak (batez ere armiarma gorria) jaten dituzten akaro harrapari garrantzitsuenak dira.

Helduak tamainaz txikiak dira (milimetrora ez dira iristen), gardenak eta kolore zuri distiratsukoak, nahiz eta kolorea elikaduraren arabera desberdina izan daitekeen.

Hiru hanka-parerekin ibiltzen dira; izan ere, besteak baino luzeagoa den lehen parea palpo moduan erabiltzen baitute. Oso mugikorrak direlako begi hutsez ikus daitezke hosto gainean elikagai bila.

Larbak helduen antzekoak dira, baina tamainaz txikiagoak, eta sei hanka besterik ez dituzte.

Batez ere akaro tetranikidoez elikatzen badira ere, espezie gehienak polifagoak dira eta intsektu txikiak janda bizi daitezke; baita onddoak eta polena janda ere.

Fitoseidoak produktu fitosanitarioekiko oso sentikorrak dira; beraz, tratamenduak egiten direnean errespetatzen dituzten produktuak erabiltzea beharrezkoa da. Gipuzkoan sagastietan ikusitako fitoseido-espezieak honakoak dira: Amblyseius andersoni, A. aurescens, A. californicus, A. herbicolus, Anthoseius athenas, A. renanoides, Euseius stipulatus, Kampinodromus aberrans eta Phytoseiulus horridus.

STIGMEIDOS

Bigarren mailako harraparitzat hartzen dira, fitoseidoek baino harrapari-ahalmen txikiagoa dutelako (batez ere gutxi mugitzen direlako).

Zetzellia mali da sagastietan stigmeido-espezie garrantzitsuena. Batez ere armiarma gorria janda elikatzen da, baina beste elikadura-iturri batzuk ere baditu. Kolorez hori-laranja da.

TRONBIDIDOAK

Aurrekoak baino handiagoak dira tamainaz, 3 mm luze ingurukoak, kolorez gorriak eta itxuraz leunak. Sagarrondoaren enborrean eta adarretan edo lurrean ibili ohi dira. Bere mugimendu motelekin batez ere zorriei, akaro tetranikidoei eta abarri erasotzen die.

 

Espezie arruntena Allothrombium fuliginosum da. Urtean belaunaldi bakarra izanik, negua helduaren forma duela igarotzen du eta udaberrian larbak azaltzen dira; larbek portaera deigarria dute, larba-aldian harrapari moduan ez eta parasitoide moduan jarduten dutelako.

Bai harrapari moduan eta bai parasitoide moduan, Allothrombium-a polifagoa da eta zorriei, kukurutxei eta abarri erasotzen die.

  • Anthoseius renanoides alea, mikroskopioko irudia. Anthoseius renanoides alea, mikroskopioko irudia.
  • Phytoseiulus horridus alea, mikroskopioko irudia. Phytoseiulus horridus alea, mikroskopioko irudia.
  • Kolore gorriztako Allothrombium larbak. Kolore gorriztako Allothrombium larbak.
  • Allothrombium larbak. Allothrombium larbak.
  • Laranja koloreko Allothrombium larba, zorri berdea parasitatuz. Laranja koloreko Allothrombium larba, zorri berdea parasitatuz.
  • Allothrombium heldua. Allothrombium heldua.
  • Allhomtrombium heldua. Allhomtrombium heldua.

KRISOPA

Kolore berdeko intsektu lirain bat da. Atsedenaldian dagoenean, zaineria-sare finez jositako bere hegal ahulak jartzen ditu gorputzaren gainean aterpe gisa. Antena luze eta finak dauzka. Arrautzak adar eta hostoetan jartzen ditu banaka edo multzoka, txorten luze bati erantsiak. Errunaldi hori benetan bitxia izaten da eta beti zorri-kolonien inguruan egoten da.

Larben aho-piezek hodi moduko bat eratzen dute, biktimaren barnean sartzen dute ura edateko lasto bat balitz bezalaxe eta dena hurrupatzen diote. Gero beren harrapakinen azal lehortuekin estaltzen dute beren burua. Kamuflaje oso ona lortzen dute, ezin izaten baitira hondakinetan bereizi.

Nekazarien laguntzaile garrantzizkoak dira, hainbat zorri eta beste intsektu kaltegarri jaten baitituzte. Krisopa-larba batek 2.

000 zorri jan ditzake bere bizitzan zehar. Krisoparen hazkuntza artifiziala ere posible da, baina zailtasun dezenteak ditu populazio naturalak handitzeko. Begi-bistan dago espezie hau babestu beharrekoa dela; beraz, produktu fitosanitarioak erabiltzean ziurtatu egin beharko da harrapari honi kalterik egiten ez diotela egiten.

Gure inguruetan espezierik arruntena Chrysopa carnea da, arrautzak era isolatuan jartzen dituelako bereizten dena.

  • Heldua. Heldua.
  • Krisopa heldua. Krisopa heldua.
  • Crisopa carnea-ren arrautza, txorten luze baten puntan. Crisopa carnea-ren arrautza, txorten luze baten puntan.
  • Larba. Larba.
  • Larba, jan eta jan. Larba, jan eta jan.

DIPTEROAK: SIRFIDOAK

Sirfidoak diptero harrapariak dira, larba-aldian era guztietako zorriei erasotzen dietenak.

Erleen oso antzekoak diren sirfido helduak, loreetatik erauzten dituzten substantzia azukretsuetatik elikatzen dira. Portaera horri esker intsektu polinizatzaile ere badirelako, bi eginkizunak betetzen dituzte.

Arrautzak zuriak eta luzexkak dira, eta 0,5-1 mm-ko luzera dute. Emeak zorri-kolonien ondoan erruten ditu arrautzak, eta larbak apiril aldera azaltzen direnean, berehala ekiten diote harrapakinei erasotzeari.

Larbek "koma"-erako forma berezia dute, buru eta hankarik gabea, eta atzeko aldeak puntaren forma duela. Kolorez berde grisaxkak dira, ia gardenak eta orban horiak dituztenak. Luzera 10 eta 20 mm bitartekoa da. Oso jatunak dira eta larba-aldian 400 zorriraino jan ditzakete.

Espeziearen arabera, urtean belaunaldi bat edo gehiago izan dezakete.

  • Larba. Larba.
  • Sirfido larba. Sirfido larba.
  • Sirfido heldua. Sirfido heldua.

HEMIPTEROAK: ANTOKORIDOAK ETA MIRIDOAK

Harrapari hemiptero garrantzitsuenak antokoridoak eta miridoak dira; biak ere harrapariak dira, bai larba-fasean eta bai heldu direnean. Borroka biologikoan oso intsektu interesgarriak dira, batez ere akaroak eta zorriak harrapatzen dituztelako.

Antokorido ohikoenak Anthocoris eta Orius generoetakoak dira. Biak ere tamainaz txikiak dira. Antokoridoek 3-4 mm-ko luzera dute; Orius-ak pixka bat txikiagoak dira: 2 eta 3 mm bitartekoak. Antokorido helduek kolore marroi iluna dute eta burua beltza; Miridoek ez bezala, ozeloak dituzte. Antenak luze samarrak eta giltzatuak dira. Hego ilunak dituzte, mintz-itxurako eta pergaminoaren antzeko muturrekin.

Arrautzak zurixkak dira eta hostoaren gainean edo hosto-ehunaren barruan ipintzen dituzte.

Larbak oso jatunak dira, hori-laranja kolorekoak garapenaren lehen faseetan eta gero heldutasunera iritsi ahala ilundu egiten dira.

Helduaren forma dutenean igarotzen dute negua, batez ere zuhaitzetako pitzaduretan, baina beste zenbait lekutan ere bai. Martxoan eta apirilean kanporantz ateratzen dira beren ziklo biologikoari hasiera emateko. Antokoridoek urtean 2 edo 3 belaunaldi izaten dituzte, eta miridoek 1 edo 2 belaunaldi. Gure sagastietan maiz ikusten da.

  • Antokorido larba psila jaioberriak harrapatzen. Antokorido larba psila jaioberriak harrapatzen.
  • Antokorido helduak. Antokorido helduak.
  • Antokorido harraparia. Antokorido harraparia.

AMONA MANTANGORRI, MARIGORRINGOA

Dirudienez duela 2.000 urte, Txinan erabilia omen zen. Esan ohi denez, 1898. urteko laranja-uzta salbatu zuen Estatu Batuetan eta egunean 100 landare-zorri jatera iritsi omen daiteke.

Intsektu heldua kakarraldo txiki bat da, kolore bizikoa, hondo gorrian orban beltzak dituena. Negua babespean pasa ondoren, arrautzak erruten hasten da. Pakete trinkoetan taldekatuta ipintzen ditu enbor eta hostoetan edo beste intsekturen baten ondoan. Arrautzetatik larba luze batzuk jaiotzen dira, arbel-kolorekoak, hankak bistan dituztenak eta bizkarrean tuberkulu arantzadunez hornituak.

Intsektu honek zorrien aurkako borroka biologikoan harrapari gisa erabiltzeko egoki bihurtzen duten abantaila asko ditu: helduak eta larbak jatun izatea, beren garapen azkarra urtean hainbat belaunaldi emanez, ugaltzeko erraztasuna eta eskakizun gutxikoa izatea. Heldu bakoitza eguneko 90-240 landare-zorri jatera irits daiteke; larbak oso jatunak izaki, egunean 600 landare-zorri jatera irits daitezke.

Superpopulazioko kasuetan kanibalismoa gerta daiteke, larbek elkar jaten dutelako. Munduan zehar oso barreiatuta dagoen espeziea da eta Himalaian ere aurki daiteke 4.500 m-ko altitudean.

  • Marigorringo heldua. Marigorringo heldua.
  • Marigorringoaren errunaldia. Marigorringoaren errunaldia.
  • Arrautza horien multzoa. Arrautza horien multzoa.
  • Marigorringo larbak, arrautzetatik jaiotzen. Marigorringo larbak, arrautzetatik jaiotzen.
  • Marigorringo larbak. Marigorringo larbak.
  • Kokzinelido larba momifikatua. Kokzinelido larba momifikatua.
  • Krisalidak. Krisalidak.
  • Kokzinelido krisalida. Kokzinelido krisalida.

PARASITOIDEAK

"Ostalari" deitutako banako bakar baten kontura garatzen diren intsektuak dira; ostalaritik elikatu eta hil egiten dute. Gehienetan tamainaz txikiak dira, oso ugalkorrak eta urtean azkar garatzen diren belaunaldi bat baino gehiago izaten dituzte.

Parasitoideak oso berariazkoak izan daitezke eta ostalaritzat espezie bakarra hartu, edo bestela espezie bat baino gehiagotan izan daiteke parasito; "endoparasito" dira biktimaren barrutik elikatzen direnean, eta "ektoparasitoak" biktimaren kanpotik elikatzen direnean. Ostalari bakarrean parasitoide bat edo bat baino gehiago gara daitezke, espezie bakoitzaren portaera biologikoaren arabera. Kasu gehienetan helduaren emeak (ia beti hegaduna izaten da) bere arrautzak ostalariaren barnean edo inguruan ipintzen ditu, eta arrautzetatik larbak ateratzen dira. Larbak ostalariaren bizkar elikatzen dira; lehenbizi ostalariaren funtsezko ez diren zatiak jaten dituzte eta gero, parasitoak bere ziklo biologikoa bete behar duenean, hil egiten dute.

Parasitoide gehienak Himenopteroen ordenakoak dira, baina batzuk Dipteroen ordenakoak dira. Himenopteroen ordenan Ikneumonido, Brakoniko eta Kaltzididoen familiak azpimarratuko ditugu. Gure ingurunean , Aphelinus mali (zorri lanigeroaren berariazko parasitoa) eta Polinema maydli (Bufaloaren arraultzen parasitatoa) aurki ditzakegu. Dipteroen ordenan barruan Takinidoen taldea dago, eta hauek larbak jaten dituzten parasitoak dira. Euli arruntaren antzeko itxura dute, 1 eta 3 cm bitarteko luzera dute eta zenbait kolore izan dezakete.

  • Cemiostoma-ren parasitoa meatze barruan. Cemiostoma-ren parasitoa meatze barruan.
  • Lithocolletis larbaren parasitoa den himenopteroa. Lithocolletis larbaren parasitoa den himenopteroa.
  • Polinema maydli, bufaloaren arrautzen himenoptero parasitoa. Polinema maydli, bufaloaren arrautzen himenoptero parasitoa.