Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Gipuzkoa Talent

Erakundeak

Erakundeko alta

Talentua Gipuzkoa/Euskal Herrira erakarri eta atxikitzeko gure ahaleginean, gure extranetaren bitartez aukera eskaintzen dizugu prestakuntza-maila handiko profesionalei eta profil horietan interesatutako erakundeei Gipuzkoa Talent-etik eskaintzen dizkiegun zerbitzuetara sartzeko.

Eta askoz ere gehiago (albisteak, laguntzak, etab.).

Erakunde bizia gara eta, horrenbestez, gure zerbitzuak unean uneko beharretara egokitzen ditugu.

Mesedez, gure web orrian erregistra zaitez.

Erregistra zaitez

FAQ

Zer da Gipuzkoa Talent?

GIPUZKOA TALENT ekimena Gipuzkoako Aldundiak bultzatutako ekimena da, eta helburua du lurraldean giza kapitala sustatzea eta indartzea, eta kapital hori konektatzea beren etorkizuneko erronkei ekitera begira talentu hori behar duten enpresekin. Ekimenak lurraldera erakarri, bueltan ekarri eta bertan atxiki nahi ditu zenbait enpresa-esparrutan prestakuntza-maila handia duten pertsonak.

Ekimen hau lankidetza-esparru baten barnean sortu da, hain zuzen ere Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Departamentuak 2018ko urtarrilaren 25ean sinatuaren barnean, horren xedea baita fokua ekintzailetza aurreratuan eta talentuaren kudeaketan jartzea, helburu harturik jarduera-politikak ildo beretik eramatea eta elkarrekiko programak diseinatzeko eta garatzeko lan egitea; eta hori guztia egin ahal izateko, ekimenak laguntza jasotzen du, berrikuntzan eta ezagutzan prestakuntza handia duten pertsonen mugikortasunera zuzendutako Bizkaia Talent Elkartearena zehazki –dirua irabazteko asmorik gabeko erakundea da, lankidetza publiko-pribatu gisa 2005ean sortua–, 2005etik aurrera esparru horretan ari baita lanean Bizkaiko Foru Aldundiarekin.

Zer harreman du Gipuzkoa Talent-ek erakunde publikoekin, eta zergatik?

Gipuzkoa Talent-en lana pertsonetan biltzen da berariaz. Horrek elkarrekiko lana eskatzen du (enpresa-sustapenaren eta berrikuntzaren prozesuan murgildutako eragile guztiekin) pertsona eta proiektu berritzaileak identifikatu, bultzatu eta sustatzera begira.

Europako hezkuntza eta ikerkuntzaren arloetan aurreikusten diren aldaketek, enpresa-arloan dagoeneko gertatu direnekin eta aurreikusten direnekin batera (enpresa-arlo horretan ditugu, esaterako, Gipuzkoan tradizionalak diren eta ezagutza eta teknologiari dagokienez maila ertaina-altua eskatzen dutenak, hala nola automozioa, material elektronikoa, metal-mekanika, garraioa eta logistika, eta baita Gipuzkoan gorantz datozen sektoreak ere, esaterako bioteknologia, aeronautika, biomedikuntza, industria farmazeutikoa eta osasuna, energia alternatiboak, ingurumena), eskatzen dute erakunde bat eratzea, gaur egun gure inguruko herrialde askok duten deskapitalizazio intelektualaren arriskua saihesteko oinarriak finkatzearren.

Alderdi sozialetan zein ekonomikoetan gero eta globalizatuago dagoen lehiakortasun esparrua dela eta, beharra ikusten da Gipuzkoako Foru Aldundiko (DFA) Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Departamentuaren beste erakunde publikoekin, Euskadiko, estatuko eta Europako erakunde publikoekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean aritzeko. Elkarlan hori zeharo ezinbestekoa da, zeren eta bakoitzaren egitekoen arrakasta besteen arrakastaren mendean baitago.

Zenbateko kostua du Gipuzkoa Talent-en zerbitzuen onurak jasotzeak?

Gipuzkoa Talent-en zerbitzu eta programa espezifikoak doakoak dira.

Salbuespena berariaz adierazten den jarduera zehatzetan egon daiteke, esate baterako Euskal Herritik kanpo dauden profesionalekin egiten diren Networking jardueren kasuan (horrelakoetan erakundeek ordaintzen dituzte profesional horien bidaia eta ostatu gastuak), edo profesionalak integratzeko egiten diren aisiako jardueren kasuan (museoetarako bisitak, txangoak, etab.).

Zer egin dezake Gipuzkoa Talent-ek nire enpresaren alde?

Doan laguntzen dugu prestakuntza-maila handiko pertsonalaren beharrei erantzuten, eta zerbitzu osoa ematen diegu egoitza Gipuzkoan duten erakundeei, edo Euskal Herri osokoei, zerbitzuaren arabera (talentua etortzea, hemen geratzea edo/eta Gipuzkoako erakunde eta esparru berritzaileekin lotura izatea ahalbidetzen dugu).

Gipuzkoa Talent-ek balio erantsia ematen die erakundeari eta Euskal Herriko ingurune profesionalari, prestakuntza-maila handiko pertsonala identifikatu, erakarri eta atxikitzea ahalbidetzearren:

  • Munduan zehar prestakuntza-maila handiko profilak bilatzen laguntzen dugu.
  • Talentua gure gizarte, kultur eta lan ingurunean txertatzea ahalbidetzen dugu.
  • Atzerritik euskal erakundeekin lanean jardutera datorren profesionalaren (eta duen familiaren) oinarrizko izapideak kudeatzen ditugu.
  • Prestakuntza-maila handiko profesionalak eta tokiko enpresak harremanetan jartzen ditugu, elkarlan sareak sustatzearren.
  • Jendearen eskura jartzen ditugu talentuaren mugikortasunarekin lotutako arloetan egin ikerkuntza-lanak.
  • Gipuzkoako eta Euskal Herriko erakundeen berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzen eta sendotzen duten proiektuak identifikatzen ditugu atzerrian.
  • Pertsona eta erakunde sare bat jartzen dugu euskal erakundeen eskura, nazioarte mailan.
  • Presentzia edo ordezkaritza eskaintzen dugu feria, foro eta biltzarretan nazioarte mailan, pertsona talentudunen mugikortasunaren eta kudeaketaren arloan.

Zer baldintza bete behar ditut, erakunde gisa, Gipuzkoa Talent-en zerbitzuak baliatu ahal izateko?

Gure zerbitzuak oso-osorik balia ditzaketen erakundeak egoitza edo produkzio/zerbitzu zentroa Gipuzkoan dutenak dira, eta gure lurralde historikoan proiektu edo jarduera profesional bat garatzen edo garatu behar dutenak.

Gure zerbitzuetako batzuk balia ditzakete, halaber, beste euskal lurralde historikoetako edozeinetan egoitza duten beste erakunde batzuek.

Zer egin behar dut Gipuzkoa Talent-en abantaila eta zerbitzuez baliatzeko? Norengana jo behar dut?

Prozedura oso erraza da, arina, eta ez du inolako kosturik. Gipuzkoa Talent-en zerbitzuren batean interesa baldin baduzu, ez zalantzarik egin eta eska ezazu. Baldintza bakarra gure web orrian erregistratuta egotea da. Zalantza edo arazorik baldin baduzu, gurekin jar zaitezke harremanetan mireia.azpiazu@bebasquetalentnetwork.eus helbide elektronikoan, edo bestela 627 78 08 40 zenbakira hots egin, eta lagunduko dizugu.

Zer informazio eman behar dut alta egiteko?

Eskatzen dizugun informazioa oinarrizkoa da: erakundearen izena, IFK, enpresa mota, jarduera sektorea, helbidea eta telefonoa. Gainera, zure erakundeko pertsona baten datuak eman beharko dizkiguzu, harremanetarako.

Zure datuak baliozkotu eta inolako akatsik ez dagoela eta egiazkoak direla ziurtatu ondoren, Gipuzkoa Talent-eko zure kontua aktibatuko dugu, eta gure zerbitzuetako edozein eskatu ahal izango duzu.

Gipuzkoa Talent-i emandako informazioa konfidentziala al da?

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, Gipuzkoa Talent-ek bete egiten du 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa. Web orriaren bitartez jasotako datu pertsonalak –horixe da izangaien eta Gipuzkoa Talent-en arteko komunikazioetarako erabiltzen den tresna nagusia– erakundearen jabetzako fitxategietan sartuko dira. Fitxategiak behar bezala inskribatuta daude Datu Pertsonalak Babesteko Erregistro Orokorrean, hain zuzen 994/1999 Errege Dekretuak, ekainaren 11koak, ezartzen dituen segurtasun neurriei jarraikiz. AURREKO OHARRA IKUSI

Nire erakundean departamentu bat baino gehiago gara Gipuzkoa Talent-en zerbitzuak erabiltzeko interesa izan genezakeenak. Erabiltzaile gehiago sor al daiteke?

Bai. Erakunde bakoitzak behar adina erabiltzaile eduki ahal izango ditu. Gipuzkoa Talent-eko zure kontuaren barnean beste erabiltzaile baten alta egiteko, “erakundearen alta egin” atalera joan beharko duzu, eta IFK sartzen duzunean, sistemak detektatuko du dagoeneko badela hori; orduan, erabiltzaile berriari buruzko informazioa eskatuko dizu: izen-abizenak, kargua, departamentua eta haren helbide elektronikoa.

Datuak baliozkotu eta egiazkoak direla eta akatsik ez dagoela ziurtatu ondoren, erabiltzaile berria aktibatuko dugu; pertsona horrek bere klabeak edukiko ditu Gipuzkoa Talent-en sartzeko.

Erakunde bereko erabiltzaile guztiek aukera izango dute Gipuzkoa Talent-en zerbitzuetara sartzeko, eta historia osoa ikusi ahal izango dute.

Baina nik ETE bat daukat edo autonomoa naiz. Niretzat ere ba al dira Gipuzkoa Talent-en zerbitzuak?

Bai. Gipuzkoa Talent-en zerbitzuak egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan duen edozein enpresa (ETEak barne), zentro teknologiko, ikerkuntzako zentro eta lantalde, unibertsitate, elkarte edo fundaziorentzat dira, baldin eta prestakuntza-maila handiko profesionalak kontratatu baditu, horrelakoekin harremanak izan nahi baditu edo hartu nahi baditu.

Gipuzkoa Talent pertsonala aukeratzeko aholkularitza-zerbitzu bat al da?

Ez. Alde batetik, Gipuzkoa Talent-ek bitartekari lana egiten du enpresa, unibertsitate, teknologi zentro, kluster eta I+Gko zentro eta unitateen artean oro har, bai prestakuntza-maila handiko pertsonak –atzerrian bizi edo ez bizi– identifikatzea, horiengana iristea eta erakartzea ahalbidetzeko zerbitzuak emateko unean, bai Gipuzkoan finkatzeko interesa duten baina atzerrian bizi diren profesionalak eta ikertzaileak etortzea eta egokitzea ahalbidetzeko zerbitzuak emateko unean.

Bestetik, Gipuzkoa Talent-ek erregistratu egiten ditu gure datu-basean sartzen diren profil profesionalak; horiek, ondoren, aipatu eragileei igortzen zaizkie, betiere bilatzen ari direnari egokitzen bazaizkie.

Gipuzkoa Talent berrikuntzarako agentzia bat al da?

Ez. Gipuzkoa Talent ekimenaren helburua zera da, prestakuntza handiko pertsonak berrikuntza- eta ezagutza-prozesura erakartzeko eta atxikitzeko behar diren baldintzak Gipuzkoan sor daitezen ahalbidetzea. Esan dezakegu Gipuzkoako talentuaren eta giza kapitalaren kudeaketak elkarrekin estu lotutako bi esparrutan fokalizatutako kudeaketa-eredua behar duela, hots, pertsonetan eta proiektuetan fokalizatua.

Pertsonen arloa. Talentu berritzaile, ekintzaile eta ikertzailea identifikatzea du oinarrian, hain zuzen oinarri teknologikoko proiektuek sortzen dituzten beharrei erantzuteko eta, funtsean, ezagutza sortzeko. Horrela, Gipuzkoa Talent-ek aktiboki bultzatzen du identifikatzen diren pertsona talentudunak erakartzea; horrek berekin dakar eskaintza indibidualizatua diseinatzea eta egituratzea, detektatzen diren talentudunen behar profesional eta pertsonalak zein Gipuzkoak etorkizunean izango dituen beharrak asetzeko.

Proiektu arloa. Helburua zera da, Gipuzkoa leku erakargarria izatea enpresa proiektu, proiektu pertsonal eta proiektu pertsonal egonkorrak garatzeko, beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin batera bertan talentu berritzailea garatu ahal izatearren.

Gipuzkoa Talent-ek laguntza ekonomikorik ematen al die ikertzaile edo/eta profesionalei?

Urtero, Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza-ildo baterako deialdia egiten du (FELLOWS Programa); horren xedea honakoa da: nazioarte mailan garrantzitsuak diren ikerkuntza-taldeetan doktorego osteko prestakuntza jaso duten ikertzaileak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroetan sartzen laguntzea.