FAQ

Zer da Gipuzkoa talent?

GIPUZKOA TALENT ekimena Gipuzkoako Aldundiak bultzatutako ekimena da, eta helburua du lurraldean giza kapitala sustatzea eta indartzea, eta kapital hori konektatzea beren etorkizuneko erronkei ekitera begira talentu hori behar duten enpresekin. Ekimenak lurraldera erakarri, bueltan ekarri eta bertan atxiki nahi ditu zenbait enpresa-esparrutan prestakuntza-maila handia duten pertsonak.

Ekimen hau lankidetza-esparru baten barnean sortu da, hain zuzen ere Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Departamentuak 2018ko urtarrilaren 25ean sinatuaren barnean, horren xedea baita fokua ekintzailetza aurreratuan eta talentuaren kudeaketan jartzea, helburu harturik jarduera-politikak ildo beretik eramatea eta elkarrekiko programak diseinatzeko eta garatzeko lan egitea; eta hori guztia egin ahal izateko, ekimenak laguntza jasotzen du, berrikuntzan eta ezagutzan prestakuntza handia duten pertsonen mugikortasunera zuzendutako Bizkaia Talent Elkartearena zehazki –dirua irabazteko asmorik gabeko erakundea da, lankidetza publiko-pribatu gisa 2005ean sortua–, 2005etik aurrera esparru horretan ari baita lanean Bizkaiko Foru Aldundiarekin.

Zenbateko kostua du Gipuzkoa Talent-en zerbitzuen onurak jasotzeak?

Gipuzkoa Talent-en zerbitzu eta programa espezifikoak doakoak dira.

Salbuespena berariaz adierazten den jarduera zehatzetan egon daiteke, esate baterako Euskal Herritik kanpo dauden profesionalekin egiten diren Networking jardueren kasuan (horrelakoetan erakundeek ordaintzen dituzte profesional horien bidaia eta ostatu gastuak), edo profesionalak integratzeko egiten diren aisiako jardueren kasuan (museoetarako bisitak, txangoak, etab.).

Zer egin behar dut Gipuzkoa Talent-en abantaila eta zerbitzuez baliatzeko? Norengana jo behar dut?

Prozedura oso erraza da, arina, eta ez du inolako kosturik. Gipuzkoa Talent-en zerbitzuren batean interesa baldin baduzu, ez zalantzarik egin eta eska ezazu. Baldintza bakarra gure web orrian erregistratuta egotea da.

Zalantza edo arazorik baldin baduzu, gurekin jar zaitezke harremanetan mireia.azpiazu@bebasquetalentnetwork.eus helbide elektronikoan, edo bestela 627 78 08 40 zenbakira hots egin, eta lagunduko dizugu.

Zer informazio eman behar dut alta egiteko?

Eskatzen dizugun informazioa oinarrizkoa da: erakundearen izena, IFK, enpresa mota, jarduera sektorea, helbidea eta telefonoa. Gainera, zure erakundeko pertsona baten datuak eman beharko dizkiguzu, harremanetarako.

Zure datuak baliozkotu eta inolako akatsik ez dagoela egiaztatu ondoren, Gipuzkoa Talent-eko zure kontua aktibatuko dugu, eta gure zerbitzuetako edozein eskatu ahal izango duzu.

Gipuzkoa Talent-i emandako informazioa konfidentziala al da?

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, Gipuzkoa Talent-ek bete egiten du 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa. Web orriaren bitartez jasotako datu pertsonalak –horixe da izangaien eta Gipuzkoa Talent-en arteko komunikazioetarako erabiltzen den tresna nagusia– erakundearen jabetzako fitxategietan sartuko dira. Fitxategiak behar bezala inskribatuta daude Datu Pertsonalak Babesteko Erregistro Orokorrean, hain zuzen 994/1999 Errege Dekretuak, ekainaren 11koak, ezartzen dituen segurtasun neurriei jarraikiz.

Gipuzkoa Talent pertsonala aukeratzeko aholkularitza-zerbitzu bat al da?

Ez. Alde batetik, Gipuzkoa Talent-ek bitartekari lana egiten du enpresa, unibertsitate, zentro teknologiko, kluster eta I+Gko zentro eta unitateen artean oro har, bai prestakuntza-maila handiko pertsonak –atzerrian bizi edo ez bizi– identifikatzea, horiengana iristea eta erakartzea ahalbidetzeko zerbitzuak emateko unean, bai Gipuzkoan finkatzeko interesa duten baina atzerrian bizi diren profesionalak eta ikertzaileak etortzea eta egokitzea ahalbidetzeko zerbitzuak emateko unean.

Bestetik, Gipuzkoa Talent-ek erregistratu egiten ditu gure datu-basean sartzen diren profil profesionalak; horiek, ondoren, aipatu eragileei igortzen zaizkie, betiere bilatzen ari direnari egokitzen bazaizkie.

Gipuzkoa Talent berrikuntzarako agentzia bat al da?

Ez. Gipuzkoa Talent ekimenaren helburua zera da, prestakuntza handiko pertsonak berrikuntza- eta ezagutza-prozesura erakartzeko eta atxikitzeko behar diren baldintzak Gipuzkoan sor daitezen ahalbidetzea. Esan dezakegu Gipuzkoako talentuaren eta giza kapitalaren kudeaketak elkarrekin estu lotutako bi esparrutan fokalizatutako kudeaketa-eredua behar duela, hots, pertsonetan eta proiektuetan fokalizatua.

Pertsonen arloa. Talentu berritzaile, ekintzaile eta ikertzailea identifikatzea du oinarrian, hain zuzen oinarri teknologikoko proiektuek sortzen dituzten beharrei erantzuteko eta, funtsean, ezagutza sortzeko. Horrela, Gipuzkoa Talent-ek aktiboki bultzatzen du identifikatzen diren pertsona talentudunak erakartzea; horrek berekin dakar eskaintza indibidualizatua diseinatzea eta egituratzea, detektatzen diren talentudunen behar profesional eta pertsonalak zein Gipuzkoak etorkizunean izango dituen beharrak asetzeko.

Proiektu arloa. Helburua zera da, Gipuzkoa leku erakargarria izatea enpresa proiektu, proiektu pertsonal eta proiektu pertsonal egonkorrak garatzeko, beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin batera bertan talentu berritzailea garatu ahal izatearren.

Gipuzkoa Talent-ek laguntza ekonomikorik ematen al die ikertzaile edo/eta profesionalei?

Urtero, Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza-ildo baterako deialdia egiten du (FELLOWS Programa); horren xedea honakoa da: nazioarte mailan garrantzitsuak diren ikerkuntza-taldeetan doktorego osteko prestakuntza jaso duten ikertzaileak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroetan sartzen laguntzea.

Gipuzkoa Talent-ek aurreikusten al du nire ezkontidea birkokatzeko laguntza motarik?

Ez da inolako laguntza zehatzik aurreikusten ezkontideak birkokatzeko. Alabaina, Gipuzkoa Talent-ek location zerbitzua eskaintzen du, eta horren bitartez kalitate handiko aholkularitza eta/edo informazioa ematen zaie, Gipuzkoako alderdi administratiboei eta integrazioari buruz (etxebizitza, hezkuntza, osasuna, aisialdia, etab.), lan arrazoiak direla eta Gipuzkoako probintzian finkatzen diren erakundeei eta ikertzaileei, teknikariei, profesionalei eta doktorego-osteko ikasleei (familiak barne harturik). Zerbitzu hori doakoa da.