2025·10·24
Jasangarritasun Departamentuak berretsi egiten du Moda Jasangarriaren XVIII. Jardunaldian pertsonak eta planeta zaintzen dituen ehunereduarekiko
konpromisoa.
Jasangarritasun Departamentuak Moda Jasangarriaren Jardunaldiaren beste edizio bat egin du gaur, San Sebastian Moda Festival jaialdiaren barruan, «Osasuna, eraldaketa eta erantzukizuna ehungintzan» lelopean. Hitzordu sendo horrek sektoreko profesionalak, enpresak, elkarteak, kazetariak eta herritarrak bildu ditu DV Gunean, modak osasunean, ongizatean eta ingurumenean duen eraginari buruz hausnartzeko.
Irekiera-ekitaldian, Mónica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariak gogorarazi duenez, «etorkizuneko moda ezin da eraiki pertsonen osasunaren eta planetaren kontura», eta azpimarratu du Gipuzkoa aitzindaria dela ehungintzaren sektoreari aplikatutako jasangarritasunaren sustapenean. «Jasangarritasun Departamentuan frogatu dugu posible dela erakundeen, enpresen, diseinatzaileen eta herritarren arteko aliantzak ehuntzea, garapen ekonomikoaren motorra izango den moda bat bultzatzeko, baina baita osasunaren eta ongizatearen motorra ere», nabarmendu du.
Jardunaldian hiru elkarrizketa-mahai eta bi hitzaldi izan dira, ehungintzaren eta osasunaren arteko harremana, enpresa-eraldaketako kontakizunak eta kontsumo arduratsuaren boterea aztertzeko.
Amaiera-ekitaldia Brenda Chávez kazetari eta ikertzaileak egin du, eta komunikazioak sektorearen eraldaketan duen zeregina aldarrikatu du: "istorioak ondo kontatzea eta jardunbide egokiak ikusaraztea diseinatzea edo fabrikatzea bezain garrantzitsua da". Pedreiraren hitzetan, "gaur ez gara modari buruz soilik hitz egiten ari, baizik eta nola bizi nahi dugun eta zer etorkizun eraiki nahi dugun. Moda jasangarria aukera bat da ongizatea, enplegua eta berrikuntza sortzeko, erantzukizunetik eta lankidetzatik abiatuta".
Jardunaldi honekin, Jasangarritasun Departamentuak berretsi egiten du Gipuzkoa ehungintza-industria osasungarriagoa, zirkularragoa eta lehiakorragoa, diseinua, garapen ekonomikoa eta ingurumenarekiko errespetua uztartzeko gai izango dena bultzatzeko erreferente gisa kokatzeko duen borondatea.
Donostia, 2025eko urriaren 23a.