2026·01·08
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Zinemaldiarekin, Emaús Gizarte Fundazioarekin eta SpanSet enpresa gipuzkoarrarekin batera garatu du ekimena, Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin lankidetzan.
Ekimenak enplegu inklusiboa sortzen du, eta Elikagai Bankuaren lana indartzen du, Zinemaldiko alfonbra gorria berrerabiliz.
Lan-poltsak egiteko, 300 lan-ordu inklusibo baino gehiago egin behar izan dira, eta enplegu sozialki arduratsua sortu da. Gainera, alfonbra gorria berrerabiltzeak aukera eman du 1.239 kg CO2 ez isurtzeko eta 320.460 litro ur aurrezteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Depaertamentuak, Zinemaldiarekin, Emaus Gizarte Fundazioarekin eta SpanSet Villabonako enpresarekin batera, mila poltsa berrerabilgarri baino gehiago eman dizkio Gipuzkoako Elikagai Bankuari, Zinemaldiaren azken edizioan erabilitako alfonbra gorriarekin egindakoak. Ekonomia zirkularra, gizarte-inklusioa eta konpromiso solidarioa uztartzen dituen ekimena da, Zinemaldiaren elementu enblematikoenetako bati bigarren bizitza bat emanez.
Emaus Gizarte Fundazioaren gizarteratzeko eta laneratzeko tailerretan egin dira poltsak, Zinemaldian instalatutako moketa jasangarriaren 1.840 metro koadro oinarri hartuta. Moketa hori % 100 birziklatua eta birziklagarria da, eta SpanSet enpresa gipuzkoarrak emandako ehun berrerabiliz egin dira poltsak. Hori egiteko, ehunka lan-ordu inklusibo egin dira, eta lan-aukerak sortu dira zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonentzat.
Sariak emateko ekitaldian honako hauek izan dira: José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua; José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria; Belén Méndez de Vigo Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidentea; Aitziber Zubillaga Emaús Gizarte Fundazioko zuzendari nagusia; eta Puy Vielba SpanSet enpresako Jasangarritasuneko zuzendaria, erakunde publikoen, gizarte-erakundeen eta enpresa-sarearen arteko lankidetza nabarmenduz, lurraldean eragin positiboa sortzeko.
Poltsak egoera ahulean dauden familien artean elikagaiak banatzeko erabiliko dira, Elikagai Bankuaren gizarte-lana indartuz eta jaialdian hasitako ekonomia zirkularraren zikloa itxiz. Alfonbra gorria berrerabiltzeak, gainera, hondakinak sortzea saihestea eta baliabide naturalen kontsumoa murriztea ahalbidetu du, klima-aldaketaren aurkako borrokan lagunduz.
Proiektuak eragin zuzena du lurraldean ere: lan-poltsak egiteko, 300 lanordu inklusibo baino gehiago egin behar izan dira, eta enplegu sozialki arduratsua sortu da. Gainera, alfonbra gorria berrerabiltzeak aukera eman du 1.239 kg CO2 en emisioa saihesteko eta 320.460 litro ur aurrezteko, eta, horrela, indartu egin da klima-aldaketaren aurkako borrokari eta baliabide naturalen kudeaketa jasangarriari egindako ekarpena.
Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “proiektu honek jasangarritasunak ezinbesteko dimentsio soziala duela erakusten du. Glamourraren sinbolo bat tresna erabilgarri bihurtzen dugu gehien behar dutenentzat. Ekonomia zirkularra da, justizia soziala eta pertsonen bizitzan benetako eragina duena”.
Bestalde, José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak nabarmendu duenez, “proiektu honek Zinemaldirako funtsezkoak diren lan prozesuak laburbiltzen ditu: beste erakunde eta elkarte batzuekin sarean lan egitea, erantzukizun soziala eta ingurumenarekiko konpromisoa”.
Gipuzkoako Elikagai Bankutik, Belen Mendez de Vigo presidenteak eskerrak eman ditu dohaintzagatik, eta nabarmendu du “honelako ekimenek familia zaurgarrienekin egiten dugun eguneroko lana indartzeko aukera ematen digutela, elkartasuna, jasangarritasuna eta gizarte lankidetza uztartuz. Poltsa horiek elikagaien banaketa errazteaz gain, elikagaien aprobetxamendu arduratsuarekin eta hondakinak murriztearekin dugun konpromisoa indartzen dute, ekonomia zirkularraren printzipioak gure gizarte ekintzan txertatuz”.
Aitziber Zubillaga Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “ekimen hau lankidetza publiko-pribatuaren adibide sendoa da, eta eragin sozial handia du, Gipuzkoako gizartean zein enpresa sarean duen irismen eta eragin gaitasunagatik, Zinemaldiko alfonbra gorria bezalako ikono enblematiko bati balioa ematen baitio, Elikagai Bankuaren lana babesteko helburu sozial baten zerbitzura. Aspalditik garatzen ari garen proiektu bat da, eta sustatzen jarraitzea espero dugu, gizarteratzeko enpleguaren, ekonomia zirkularraren eta elkartasunaren alde eginez”.
Oiartzun, 2025eko urtarrilaren 8a