2026·01·27


Jasangarritasun Departamentuak 850.000 euroko laguntza berriak bultzatu ditu Gipuzkoan trantsizio energetiko eta klimatikoa bizkortzeko

Foru Gobernu Kontseiluak dirulaguntzen bi deialdi onartu ditu, udalentzat eta irabazi asmorik gabeko elkarteentzat, energia plangintza, aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien hedapena bultzatzeko.

José Ignacio Asensio: “Dirulaguntza hauekin Jasangarritasun Departamentuaren lidergoa indartzen dugu, Gipuzkoa deskarbonizatuago eta energia-subiranotasun handiagoarekin. Baliabide publikoak inbertitzen ditugu tokiko esparrutik ekintza klimatikoa sustatzen dutenengan: udalak, entitateak eta gizarte-sarea, eredu energetiko bidezkoago eta jasangarriago baterako trantsizioa bizkortzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak dirulaguntzen bi deialdi onartu ditu astearte honetan, lurraldean trantsizio energetikoa eta ekintza klimatikoa toki-eremutik indartzeko. Guztira, 850.000 euro mobilizatuko dira udalei eta tokiko erakundeei, irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta Gipuzkoako ehun sozioekonomikoko erakundeei laguntzeko.

Laguntza horiek Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren (Gipuzkoa Klima 2050 Estrategia) barruan sartzen dira, eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima-aldaketaren EAEko araudiak ezarritako helburuei erantzuten diete. Araudi horren arabera, udalerriak funtsezko eragileak dira klima-larrialdiari aurre egiteko plangintzan.

390.000 euro udalentzat eta toki-erakundeentzat

Lehen laguntza-lerroak 390.000 euro ditu, eta udalentzat, mankomunitateentzat, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeentzat eta udal- eta eskualde-sozietate publikoentzat da, tokiko esparrutik energia- eta klima-plangintza bultzatzeko.

Besteak beste, jarduera hauek lagunduko dira diruz:

  • Klima eta energiako udal-planak
  • Eraikin eta instalazio publikoetako auditoretza energetikoak
  • Pobrezia energetikoari aurre egiteko neurriak
  • Energia berriztagarriak ezartzeko proiektuak
  • Bero-sareak (District heating) edo autokontsumo kolektiboko soluzioak

Horrela, Gipuzkoako udalerrietan emisioak murrizteko eta energia-efizientzia hobetzeko irtenbide zehatzak azkarrago hedatu nahi dira.

460.000 euro irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakundeentzat

Bigarren deialdiak 460.000 euroko aurrekontua du, eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei, fundazioei eta foralak ez diren erakundeei zuzenduta dago, azterketa tekniko aurreratuak eta deskarbonizazio-planak babesteko.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Energia-auditoretza integralak
  • Erregai fosilen ordez berriztagarriak jartzeko azterlanak
  • Zirkulartasun- eta deskarbonizazio-planak
  • Karbono-aztarnaren kalkulua

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azpimarratu duenez, “dirulaguntzekin indartu egiten dugu Jasangarritasun Departamentuaren lidergoa, Gipuzkoa deskarbonizatuago eta subiranotasun energetiko handiagoarekin. Baliabide publikoak inbertitzen ditugu tokiko esparrutik ekintza klimatikoa sustatzen dutenengan: udalak, entitateak eta gizarte-sarea, eredu energetiko bidezkoago eta jasangarriago baterako trantsizioa bizkortzeko”.

Deialdi horiekin, Jasangarritasun Departamentuak bidezko trantsizio energetikoa indartzen du, udalen sustapenean eta gizarte-sare osoaren inplikazioan oinarrituta, funtsezko eragile gisa larrialdi klimatikoaren aurrean. Horrela, Gipuzkoak eredu autonomoago, berriztagarriago eta demokratikoago baterantz egiten du aurrera, mendekotasun energetikoa murriztuz eta herritarren bizi-kalitatea hobetuz.

Donostia, 2026ko urtarrilaren 27a