2026·02·06
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berriro desmuntatu ditu Gurasosen argudioak, eta Gipuzkoako Ingurumen Gunearen Ingurumen Baimen Bateratuaren legezkotasuna bermatu du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berriro eman die arrazoia GHKri eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, Gipuzkoako Ingurumen Gunearen Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) aurka Gurasosek jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa osorik ezetsi baitu.
Salak banan-banan arbuiatu ditu Gurasosek aurkeztutako aurkaratze-arrazoi guztiak, eta berretsi egiten du IBBaren erabateko baliozkotasuna, haren izapidetzea eta eduki teknikoa eta ingurumenekoa bermatuz. Epaiak, gainera, alderdi errekurtsogileari ezarri dizkio kostuak.
Auzitegiak, bere epaian, baztertu egin du hondakinen arloko plangintza autonomikorik eza, eta jurisprudentzia finkatura jo du, zeinak bermatzen baitu lurralde-plan sektorialak plangintza-tresna gisa baliozkoak direla.
Era berean, epaiak emisio mugei buruzko alegazioak baztertu ditu, eta azpimarratu du ez dela egiaztatu kontrolik gabeko emisiorik egon denik, ezta ingurumen araudia bete ez denik ere. Ildo horretan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak GHK-k egindako txosten teknikoen zorroztasuna nabarmendu du, eta ingurumen-eskakizunen urraketarik ez dagoela ondorioztatu du.
Azkenik, Salak bermatu egiten ditu IBBan egindako aldaketak, eta baztertu egiten du aldaketa horiek funtsezkoak izatea, eta azpimarratzen du, kasu honetan, “denak gonbidatzen du ondorioztatzera aldatutako proiektuak ingurumen-inpaktua murrizten duela”. Auzitegiak, halaber, ezetsi egin ditu ustezko prozedura-irregulartasunak, baimenaren iraungitze alegatua eta instalazio jakin batzuen kokapenari buruzko eragozpenak, eta aurreko epai irmoetara jo du.
Ebazpen judizial berri honekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Ingurumen Gunearen legezkotasuna, zorroztasun teknikoa eta ingurumen sendotasuna bermatzen ditu berriro, proiektuaren segurtasun juridikoa indartuz eta Gurasosek bultzatutako blokeo judizialeko saiakerak atzera botaz.
Amaitzeko, GHK-k gogorarazi du 2016az geroztik judizializatu egin direla Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzarrak demokratikoki hartutako erabaki guztiak, 40 prozedura judizial baino gehiagoren bidez, helburu bakarrarekin: Gipuzkoako Ingurumen Guneko instalazioei amaiera ematea eta bide judizialaren bidez Gipuzkoako hondakinentzako konponbidea moteltzea, zeina Gipuzkoako Batzar Nagusietan erabaki baitzen gehiengoaren akordio politikoz. Hala ere, orain arte jarritako prozedura guzti-guztiak beti ezetsi dituzte auzitegi guztiek.
Zubieta, 2026ko otsailaren 6a