2026·02·18


Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklimak  BateraLabs proiektua aurkeztu dute, herritarrek klimaaldaketaren aurrean parte hartzeko foro berria

Hogeita hamar alkate bildu dira Naturkliman, José Ignacio Asensio diputatuorde nagusiarekin batera, klima aldaketaren aurrean herritarrek parte hartzeko foro berria, BateraLabs, bertatik bertara ezagutzeko.

Proiektua martxoan hasiko da, Bidasoa eskualdean, eta lurraldeko 11 eskualdeetan garatuko da.

BateraLab ekimenak herritarrak kokatuko ditu ekintza klimatikoaren erdigunean, elkarlanean, partaidetza-prozesu presentzial eta digitalen bidez.

José Ignacio Asensio: “BateraLabs klimaren aldeko herritarren partaidetzarako benetako foroa da. Tokikotik abiatuta elkarlanean lan egiteko gune bat izango da. Trantsizio ekologikoa guztion artean eraikitzen badugu bakarrik izango duelako zentzua”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklima Klima Aldaketaren aurkako Fundazioak BateraLabs aurkeztu dute gaur. Herritarrek parte hartzeko ekimen aitzindaria da, Gipuzkoan klima-aldaketaren erronkei elkarlanean aurre egiteko. Proiektua martxoan hasiko da, Bidasoa eskualdean, eta pixkanaka lurralde osora hedatuko da; guztira, 11 eskualde-prozesu izango dira.

BateraLabs helburu argi batekin sortzen da: klima-ekintza prozesu kolektibo, hurbil eta parte-hartzaile bihurtzea, herritarrak klima-aldaketaren ondorioei tokikotik aurre egiteko irtenbideen definizioaren erdigunean jarriz.

Herritarrek parte hartzeko benetako foroa da. Topaketarako, deliberaziorako eta ikaskuntza partekaturako gunea. Udalekin, eskualdeko garapen-agentziekin, gizarte-sarearekin, eragile ekonomikoekin eta herritarrekin elkarlanean lantzeko proiektua.

Erakundeen aurkezpenean parte hartu dute diputatu nagusiorde eta Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok, Gipuzkoako 88 udalerrietako alkate eta ordezkariek eta eskualdeko 11 garapen-agentzietako ordezkariek. Ekitaldian proiektuaren helburuak, metodologia eta egutegia ezagutarazi dira. Proiektua Bidasoaldea, Donostialdea, Oarsoaldea, Buruntzaldea, Tolosaldea, Goierri, Urola Garaia, Urola Erdia, Urola Kosta, Debabarrena eta Debagoiena eskualdeetan garatuko da.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensioren hitzetan, "BateraLabs klimaren aldeko herritarren partaidetzarako benetako foroa da, elkarrekin lan egiteko eta klima- ekintza proiektu kolektibo bihurtzeko gunea. Izan ere, trantsizio ekologikoak arrakasta izateko, ezinbestekoa da guztion artean eraikitzea, tokian tokitik, herritarrei entzunez eta askotariko errealitateei erantzunez. Gipuzkoa lurralde plurala da, eta erronka desberdinak ditu eskualde bakoitzean. Proiektu horri esker, irtenbide egokituak, bidezkoak eta eraginkorrak defini ditzakegu, pertsonak erdigunean jarriz eta klima-aldaketaren aurrean erantzunkidetasuna indartuz”.

Herritarrek parte hartzeko benetako foro bat, eskualde bakoitzari egokitua

BateraLabs eskualde- eta udal-mailan egituratzen da, funtsezko premisa batetik abiatuta: klima-aldaketaren inpaktuek ez diotela berdin eragiten lurralde osoari. Gipuzkoako orografia-, gizarte- eta ekonomia-aniztasunak tokiko errealitate bakoitzera egokitutako erantzun desberdinak eskatzen ditu.

Uholdeek, bero-boladek, itsasertzeko abisu meteorologikoek edo osasunaren, ekosistemen eta ekoizpen-sektoreen gaineko inpaktuek berariazko konponbideak eskatzen dituzte eskualde bakoitzerako.

Horregatik, BateraLabs-ek herritarren partaidetzarako eskualde-foro gisa funtzionatuko du, arazo zehatzak identifikatzera, jarduketak lehenestera eta ingurune bakoitzera egokitutako proposamenak eraikitzera bideratuta.

Metodologia parte-hartzailea eta irekia

Eskualde bakoitzeko lan-zikloak aurrez aurreko bi saio izango ditu. Lehen saioan, diagnostiko parte-hartzailea egingo da, eta prozesua abiaraziko da. Bigarrenean, eztabaida kolektiboa, proposamenen formulazioa eta ekintza zehatzen lehenespena landuko dira.

Gainera, postontzi fisiko ibiltari bat prestatuko da, material birziklatu eta jasangarriekin egina, hainbat udalerritan zehar ibiliko dena, herritarren parte-hartze zuzena errazteko.

Prozesuak plataforma digital bat ere izango du, lanen jarraipen irekia egiteko eta online ekarpenak jasotzeko, eta, horrela, parte hartzeko aukerak zabaltzeko.

Herritarrak, klima-trantsizioaren protagonista

BateraLab-ek erantzunkidetasuna indartu nahi du, eta herritarrak trantsizio ekologikoaren protagonista aktibo bihurtu. Partaidetza-prozesu horietatik sortutako proposamenak aztertu egingo dira, tokiko eta eskualdeko plangintzan sartu ahal izateko eta benetako proiektuetan gauzatu ahal izateko.

Ekimena Gipuzkoa Klima 2050 Estrategiaren, Klima Aldaketara Egokitzeko Foru Planaren eta Naturklimaren Behatokiaren txostenen esparruan garatutako aurretiazko lanean oinarritzen da, eta beste urrats bat ematen du ezagutza hori sozializatzeko eta adimen kolektibo bihurtzeko.

Proiektuak bidezko trantsizio ekologikoaren aldeko apustua egiten du, pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duena, kolektibo kalteberenak babestuko dituena eta lurraldean aukera ekonomikoak eta enplegua sortuko dituena.

BateraLabs ez da ekintza puntual bat, politika klimatikoa egiteko modu berri bat baizik: hurbila, gardena, parte-hartzailea eta lurraldean errotua. Guztion artean etorkizun bidezkoagoa, erresilienteagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko tresna, klima-aldaketaren aurrean.

Donostia, 2026ko otsailaren 18a