2026·02·23


José Ignacio Asensio: “Jasangarritasunean inbertitzea ongizatean eta etorkizunean inbertitzea da. Laguntza hauei esker, udalek, gizarte-erakundeek eta industria-sareak bizi-kalitatea hobetzen duten eta eredu bidezkoago eta jasangarriago baterantz aurrera egiten duten proiektuak bultza ditzakete”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 2026an aktibatuko dituen dirulaguntzen multzoa aurkeztu du gaur, 6.979.250 eurokoa, prentsaurreko batean. Bertan, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Mónica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariak, Gloria Vázquez Ingurumen Administrazioko zuzendariak eta Ernesto Martínez de Cabredo Obra Hidraulikoetako zuzendariak parte hartu dute.

Laguntzak lurraldeko udal, gizarte-erakunde, eskola, elkarte eta enpresei zuzenduta daude, eta trantsizio ekologikoan, mugikortasun jasangarrian, ekonomia zirkularrean, klima-aldaketara egokitzeko prozesuan eta ingurumen-hezkuntzan aurrera egitea dute helburu.

Laguntza-lerroak Trantsizio Ekologikoko, Ingurumen Administrazioko eta Obra Hidraulikoetako zuzendaritzen bidez egituratzen dira, eta eremu estrategiko hauek hartzen dituzte: bizikletaren eguneroko erabilera, itsasertzaren babesa, energia, deskarbonizazioa, ingurumenaren leheneratzea eta garapen jasangarria.

Jasangarritasuneko diputatuak azpimarratu duenez, “laguntza hauk erakusten dute trantsizio ekologikoa tokikotik eta baliabide publiko nahikoekin eraikitzen dela”. “Zazpi milioi euro dira udalei, gizarte-erakundeei, eskoleei eta industria-sareari eredu bidezkoago, jasangarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egiten laguntzeko”, adierazi du. Ildo horretan, nabarmendu duenez, “mugikortasun jasangarrian, energian, ekonomia zirkularrean, itsasertzaren babesean edo ingurumen-hezkuntzan inbertitzea ez da gastu bat, ongizatean eta etorkizunean inbertitzea baizik”.

Bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzea

Mugikortasun jasangarriaren esparruan, Jasangarritasun Departamentuak 971.000 euro bideratzen ditu bizikletaren erabilera sustatzeko dirulaguntzetara, hiru lerro bereizirekin:

  • 800.000 euro udalei laguntzeko, bidegorrien tokiko sareak garatzeko eta bizikletetarako azpiegiturak erosi eta instalatzeko.
  • 100.000 euro, "eguneroko bizikleta Gipuzkoako udalerrietan" deialdi berrirako, bizikletaren eguneroko erabilera sustatzekoa.
  • 71.000 euro elkarteentzako dirulaguntzetarako, bizikleta garraiobide gisa sustatzeko ekintzak finantzatzeko.

Itsasertza babestea eta ingurumena lehengoratzea

Jasangarritasun Departamentuak 1.700.000 euro bideratuko ditu kostaldeko udalentzako dirulaguntzetarako, lurraldeko hondartzak kudeatzeko, mantentzeko eta hobetzeko.

Gainera, 300.000 euro onartu dira eremu degradatuak lehengoratzeko eta azpiegitura berdea hobetzeko proiektuak gauzatzeko, ingurumen-erresilientzia eta ekosistemen kalitatea indartuz.

Ekonomia zirkularra eta trantsizio energetikoa

Ekonomia zirkularraren eremuan, guztira 1.130.000 euroko laguntzak jarriko dira abian, udalentzat, mankomunitateentzat, elkarteentzat eta enpresentzat, hondakinak murrizten dituzten, baliabideak optimizatzen dituzten eta ekoizpen-eredu jasangarriagoak sustatzen dituzten proiektuak bultzatzeko.

Trantsizio energetikoaren arloan, Jasangarritasun Departamentuak honako hauek bideratzen ditu:

  • 415.000 euro dagoeneko argitaratuta dauden udalerrientzako dirulaguntzetarako.
  • 1.491.000 euro energia-komunitateak bultzatzeko. Deialdia laster argitaratuko da.

Klima-aldaketa eta deskarbonizazioa

Departamentuak, halaber, 460.000 euro aktibatu ditu karbono-aztarna neurtzeko dirulaguntzetan, auditoretza energetikoetan eta deskarbonizazio-proiektuetan, dagoeneko martxan daudenak emisioak murriztera eta energia-eredu eraginkorrago eta jasangarriago baterantz aurrera egitera bideratuta.

Ingurumen Administrazioa

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak 2030 Agendari eta Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) lotutako laguntzak onartu ditu:

  • 230.000 euro udalentzat, GJHekin bat datozen jarduketak gauzatzeko.
  • 240.000 euro garapen jasangarrian hezten, prestatzen eta sentsibilizatzen laguntzen duten ekipamendu, instalazio eta espazioetan inbertsioak egiteko, bereziki ikastetxetan.
  • 42.250 euro, 2030 Agendaren helburuei lotutako proiektuak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat.