2026·03·26
Naturklima Klima Aldaketa Fundazioak eta Aldundiaren foru-eraikinak argiak itzaliko dituzte Planetaren Orduan, ekimen global honekin bat eginez.
José Ignacio Asensio: “Argia ordubetez itzaltzea keinu erraza da, baina oso indartsua. Gogorarazten digu guztiok lagun dezakegula klima-aldaketa geldiarazten eta gure ingurunea babesten”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bat egingo du aurten ere Planetaren Orduaren nazioarteko ekimenarekin. Datorren larunbatean, martxoak 28an, izango da, 20:30etik 21:30era.
Denbora horretan, erakunde, enpresa eta herritarrak gonbidatzen dira argiak itzaltzera, klima-aldaketaren aurrean eta ingurumenaren babesaren alde konpromisoa hartzeko keinu sinboliko gisa. Ekintza, maila globalean World Wide Fund for Nature erakundeak bultzatua, munduko ingurumen-sentsibilizazioko mugimendu handienetako bat bihurtu da.
Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “argia ordubetez itzaltzea keinu erraza da, baina oso indartsua. Gogorarazten digu guztiok lagun dezakegula klima-aldaketa geldiarazten eta gure ingurunea babesten. Gipuzkoako herritarrak animatzen ditugu bat egitera eta egunero modu jasangarriagoan nola bizi gaitezkeen hausnartzera”.
Planetaren Orduan, Naturklima Klima Aldaketa Fundazioak eta Aldundiaren foru-eraikinak argiak itzaliko dituzte, eta bat egingo dute ekimen honekin. Horrela, ikusgarritasuna eman nahi zaio ohitura jasangarriak hartzearen garrantziari eta klima-aldaketaren aurrean jarduteko premiari.
Planetaren Orduaren helburua da klima-krisiari eta biodibertsitatearen galerari aurre egiteko premiaz ohartaraztea, kontsumo-ohitura arduratsuak eta energiaren erabilera eraginkorragoa sustatuz.
Jasangarritasun Departamentuak azpimarratu du “keinu bakoitza garrantzitsua dela”, eta gogorarazi du eredu jasangarriago baterako trantsizioak erakundeen, ekonomia-sarearen eta herritarren baterako konpromisoa eskatzen duela.
Donostia, 2026ko martxoaren 26a