2026·03·27


ConBicik eta Jasangarritasun Departamentuak, 2027ko Bizikletaren Kongresu Iberikoa ekarri dute Gipuzkoara, mugikortasun jasangarrian Europan erreferente den ekitaldia

Topaketa erreferentea da bizikleta bidezko mugikortasunean, eta Europa osoko eragileak bilduko ditu, hiri osasungarriago, inklusiboago eta jasangarriagoetarantz aurrera egiteko.

400 parte-hartzaile baino gehiagok eta Europako hainbat herrialdetako 80 hizlari inguruk parte hartzea espero da.

José Ignacio Asensio: Gipuzkoan Bizikletaren Kongresu Iberikoa 2027an hartzeak lurraldean mugikortasun garbiagoa eta irisgarriagoa sustatzeko egindako lana aintzatesten du. Aukera bat da beste lurralde batzuekin esperientziak partekatzeko eta hiri osasungarriagoetarantz aurrera egiten jarraitzeko”.

ConBicik — Bizikletaren Defentsarako koordinatzailea — eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak aurrera egiten jarraitzen dute 2027ko martxoaren 4tik 7ra Donostian egingo den "Bizikleta eta Hiria" 23. Kongresu Iberikoaren antolaketan.

Prentsaurrekoan honako hauek parte hartu dute: José Ignacio Asensio, diputatu nagusiordea eta Jasangarritasuneko diputatua; Cristina Llorente, ConBici elkarteko presidentea; Belén Calahorro, Kongresuko koordinatzailea; eta Julen Izaguirre, Kalapie elkarteko ordezkaria. Topaketa hau antolatzeko egindako aurrerapenen eta Gipuzkoak lurralde anfitrioi gisa duen zereginaren berri eman dute.

Prestatzeko lan horien esparruan, ConBici taldeak lurraldea bisitatu du, eta topaketa tekniko eta instituzionalak izan ditu, bai eta Bizikletaren Kontseiluaren saio bat ere, non administrazio publikoetako ordezkariek eta bizikleta bidezko mugikortasunarekin lotutako gizarte-eragileek parte hartu duten. Jardunaldian, Kongresuaren irudi grafikoa ere aurkeztu da, eta hurrengo hilabeteetan zabalduko da.

Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiorde eta Jasangarritasun diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoan 2027ko Bizikletaren Kongresu Iberikoaren lekukoa hartzea pertsona guztientzako mugikortasun garbiagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa bultzatzeko egiten ari garen lanaren aitortza da. Kongresu honek aukera ematen digu Europako beste lurralde batzuekin esperientziak partekatzeko, praktika onenetatik ikasteko eta hiri eta herri osasungarriagoak, inklusiboagoak eta bizigarriagoak eraikitzen aurrera egiten jarraitzeko, bizikleta hiri aldaketarako benetako tresna izan dadin”.

Espainiako hiri-txirrindularitza zaharrenaren kongresua

“Bizikleta eta Hiria” Kongresu Iberiarra, 30 urtetik gorako ibilbidea ospatzen duena, Espainiako eta Portugalgo hiri-txirrindularitzari buruzko erreferentziazko topaketa da. Bi urtean behin, Espainiako ehunka parte-hartzaile biltzen ditu, ezagutza partekatzeko, politika publikoak bultzatzeko eta bizikletaren eguneroko erabilera sustatzen duten esperientzia berritzaileak zabaltzeko.

2027ko edizioa ConBici elkarteak antolatu du, Zikloturismoaren eta Bizikletaren Erabiltzaileen Portugalgo Federazioarekin (FPCUB) eta Kalapie tokiko bizikleta-elkartearekin lankidetzan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren lankidetza estrategikoa du.

400 parte-hartzaile baino gehiagok eta Europako hainbat herrialdetako 80 hizlari inguruk parte hartzea espero da.

Hiria bizikletaren bidez birpentsatzea

Kongresua bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko sortu zen – lanera edo ikastetxera joateko edo eguneroko kudeaketak egiteko –, baina haren irismena harago doa: bizikleta funtsezko tresna gisa kokatu nahi du espazio publikoa birpentsatzeko eta hiri bizigarriago, inklusiboago eta osasungarriagoetarantz aurrera egiteko.

Azken edizioek nazioarteko dimentsioa sendotu dute. Zaragoza, Valentzia, Bartzelona, Coslada edo Santiago de Compostela hiriek hartu dute kongresua azken urteotan, eta erakutsi dute bai metropoli handiak bai hiri ertainak izan daitezkeela mugikortasun jasangarriari buruzko eztabaidaren buru.

Gipuzkoa, txirrindularitza-kulturan erreferentea den lurraldea

23. Kongresuaren egoitza izateko Gipuzkoa hautatu da bizikletari lotutako tradizio luzearen ondorioz, bai industriaren ikuspegitik, bai bizikleta-mugikortasuneko politika publikoen garapenean.

Azken hamarkadetan, Foru Aldundiak tresna ugari sustatu eta garatu ditu (politikak, araudiak, teknikak, ekonomikoak, dibulgaziokoak, hezkuntzakoak...), Gipuzkoarako Bizikleta Sistema Integral baten zerbitzura, bizikletaren eguneroko erabileran oinarritutako mugikortasun jasangarri eta aktiboa — hirikoa eta hiriartekoa — bultzatzeko berariaz sortua.

Lurraldeak 2025-2032 Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia du, eta lehentasunezko jarduketa-ildoak dira, besteak beste, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarea osorik eraikitzea eta bizikletaren eta garraio publikoaren arteko intermodalitaterako neurriak garatzea. Nabarmentzekoa da, halaber, Gipuzkoak badituela beste lurralde batzuetatik bereizten duten gobernantza-espazioak, hala nola Gipuzkoako Bizikletaren Kontseilua, administrazioak eta gizarte zibila integratzen dituena.

Udal-eskalan egindako ahaleginak ere nabarmendu behar dira. Gipuzkoako zenbait herri, hala nola Donostia edo Zarautz, bizikletaren eguneroko erabileraren erreferente bihurtu dira.

Hirian bizi den kongresu bat

Saio teknikoez gain, “Bizikleta eta Hiria” Kongresu Iberiarrak herritarrentzat ikusgai dauden jarduerak sortuko ditu, bizikleta-irteerak izango dituztenak, hiri anfitrioian bizikleten kultura eta komunitate-bizitza indartzen laguntzeko.

Donostia, 2026ko martxoaren 26a