2026·04·17
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Adegirekin, Elkargirekin eta Gipuzkoako Ganberarekin lankidetzan, trantsizio energetikoko doako prestakuntza programa bat jarri du abian, jardunean dauden eta arlo horretan prestakuntza tekniko espezifikorik ez duten profesionalentzat.
Barne langileak energia aurrezpen eta efizientzian, energia berriztagarrietan eta teknologia berrietan prestatuta egoteak, hobetzeko aukerak identifikatzea eta kostu operatiboak murriztea ez ezik, erabaki estrategikoak hartzea ere ahalbidetzen du. Hala ere, erakunde askotan, hainbat arlo funtzionaletako langileek hartzen dituzte beren gain energiaren kudeaketarekin lotutako zereginak, arlo horretako prestakuntza tekniko espezifikorik izan gabe. Ondorioz, energia kudeaketarekin lotutako funtzioak zeharka edo ohiko erantzukizunen osagarri gisa lantzen dira, eta horrek zaildu egiten du kudeaketa eraginkorra eta arau eskakizunekin eta energia efizientziako eta aurrezpeneko aukerekin bat datorrena egitea.
Horren jakitun, trantsizio energetikoari buruzko prestakuntza programa bat abian jartzen da, arlo horretan prestakuntza tekniko espezifikorik ez duten eta beren jarduera Gipuzkoako ETEetan garatzen duten profesional aktiboentzat. Programa honen bidez, energiaren arloan erabaki informatuak eta estrategikoak hartzeko behar diren ezagutzak, tresnak eta irizpideak eman nahi zaizkie profil horiei, erakundeen kudeaketa jasangarriagoa eta efizienteagoa lortzen laguntzeko.
Prestakuntza programa, alde batetik, berariazko edukiak dituzten 10 modulutan egituratzen da, hala nola: horniduren kudeaketa eta optimizazioa, energia aurrezpenaren ziurtagiriak (EAE), energia monitorizazioko eta kudeaketako sistemak, autokontsumoa eta metaketa, dirulaguntzak eta zerga arintzeak, etab. Bestalde, aurreko multzoetan eskuratutako ezagutzak aplikatzera bideratutako tailer presentzialak daude, kasu errealak, lankidetza dinamikak eta ariketa praktikoak aztertuz.
Interesdunek askatasunez eman ahal izango dute izena beren eta erakundearen beharretara hobekien egokitzen diren jardueretan.
Kontsultatu programa osoa eta egutegia esteka hauetan:
>> Prestakuntza programa
>> Egutegia
>> IZEN EMATEA <<