2026·05·25
2023tik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 25 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu bidegorrien foru-sarea handitzeko, modernizatzeko eta hobetzeko.
Hamar urtean, bidegorrien foru-sareak bikoiztu egin ditu joan-etorrien kopuruak (2025ean urtean 10 milioi baino gehiago), eta finkatu egin ditu bizikleta eta mugikortasun aktiboa, lurraldean eguneroko alternatiba seguru eta irisgarri gisa.
José Ignacio Asensio: “Legegintzaldiaren hasieran aurreikusitakoa betetzen ari gara, baina, horrez gain, 2027rako aurreikusitako obrekin, hasieran planifikatutakoa baino % 67 gehiago utziko dugu amaituta edo eraikitzen. Gipuzkoan mugikortasun seguruagoa, jasangarriagoa eta konektatuagoa lortzeko apustu politiko argi eta sostengatuaren erakusgarria da”.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua, berak hala eskatuta, Gipuzkoako Batzar Nagusietan agertu da gaur, Bidegorrien Oinarrizko Sarearen 2025eko erabilera-datuak eta Departamentuak bultzatutako obra eta proiektu nagusien egoera aurkezteko.
25 milioi baino gehiago foru-sarea handitzeko eta modernizatzeko
Legegintzaldiaren hasieratik, Jasangarritasun Departamentuak 25 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu bidegorrien foru-sarea handitu, modernizatu eta hobetzeko, tarte estrategiko berriak, argiztapen- eta segurtasun-jarduketak eta konektibitatearen hobekuntza bultzatuz.
Amaitutako jarduketa nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Villabona-Irura tartea, 3,1 milioi eurotik gorako inbertsioa izan duena eta N-1 errepidearen ardatzean 40 kilometro jarraitu baino gehiago konektatzea ahalbidetzen duena; Lezo-Pasaia tartea, 2 milioi baino gehiagoko inbertsioa duena Pasaia, Lezo eta Errenteria arteko lotura indartzeko; edo Bergara-Antzuola jarduketa, URArekin lankidetzan garatutakoa eta 2,6 milioi eurotik gorako inbertsio globala duena.
Departamentuak, gainera, argiztapena eta segurtasuna hobetzeko hainbat jarduera garatu ditu lurraldeko zenbait bidegorrietan, hala nola Eibar-Elgoibar, Ikaztegieta-Legorreta, Legorreta-Itsasondo edo Irun-Mendelu-Iparralde. 1,2 milioi euroko jarduketak, eragin oso zuzena dutenak gure bidegorrien segurtasunean, irisgarritasunean eta eguneroko erabileran.
Gipuzkoako eguneroko mugikortasuna eraldatzen duen sarea
Agerraldian aurkeztutako datuek foru-sarearen erabileraren errekor historiko berri bat islatzen dute: 2025ean 10.122.188 joan-etorri baino gehiago izan ziren, aurreko urtean baino % 12,6 gehiago, eta batez beste 27.732 joan-etorri egunean.
10 milioi joan-etorri horietatik, 8 milioi oinezkoei dagozkie eta 2,1 milioi txirrindulariei. Diputatuak balio berezia eman dio azken hamarkadan izandako bilakaerari. “2011-2015 aldian, sareak 5,3 milioi joan-etorri inguru erregistratzen zituen urtean. Gaur bikoiztu egin ditugu zifra horiek, politika aktiboei eta bizikletaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu sendo eta irmoari esker”, baieztatu du.
Era berean, Asensiok politika publiko horretara bideratutako baliabideen hazkunde handia azpimarratu du. “2023an bizikletan inbertitzeko ratioa 9 eurokoa zen biztanleko; 2024an 13,16 eurokoa izan zen, eta 2025ean 17 eurora iritsi ginen biztanleko. Bikoiztu egin ditugu bizikletaren politikara bideratutako baliabideak”, nabarmendu du.
Eguneroko erabilera handiagoa eta autoarekiko mendekotasun txikiagoa
Agerraldiak Gipuzkoan gertatzen ari den mugikortasun-ohituren aldaketa agerian uzteko ere balio izan du. Bizikletaren eguneroko erabilera 2023an % 33koa izatetik 2025ean % 37koa izatera igaro da, eta gero eta gehiago finkatu da eguneroko garraioaren benetako alternatiba gisa.
Era berean, lurraldeko bidegorrien pertzepzioari buruzko azken azterlanaren arabera, pertsonen % 34k gehiago erabiltzen du bizikleta azpiegitura horiei esker, eta, halakorik ez balego, % 38k autoa erabiliko luke joan-etorri horiek egiteko.
Datuen arabera, gainera, sarea egunerokoa eta soziala da: joan-etorrien % 67 lanegunetan egiten dira, eta horietako asko laneko joan-etorriekin, ikasketekin edo eguneroko kudeaketekin lotuta daude.
Abian diren obrak eta hurrengo jarduketak
Gaur egun, foru-sareko jarduketa garrantzitsuenetako batzuk egiten jarraitzen dute, besteak beste, Narrondo-Iraeta tartea, 3 milioi eurotik gorako inbertsioarekin; Lasarte-Urnieta, milioi eta erdi euroko inbertsioarekin, edo Errekalde-Galarreta tartea, Bide Azpiegituretako Departamentuarekin lankidetzan, inbertsioa 3, 5 milioi eurotik gorakoa izanik.
2026an, gainera, lurraldeko beste korridore estrategiko baten obrak hasi dira: Irun eta Gaintxurizketa lotuko dituen bidegorria, lehen bi tarteak eraikita (7 eta 8). Bi jarduketa horietarako inbertsioa 4,3 milioi eurokoa da. Era berean, Jasangarritasun Departamentuak aurrera egiten jarraitzen du tarte estrategiko berrien idazketan eta plangintzan, konexioak ixten jarraitzeko eta lurralde-mailan gero eta funtzionalagoa eta kohesionatuagoa den sare bat zabaltzeko.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu estrategikoa
Bere agerraldian, diputatuak azpimarratu du mugikortasun aktiboa “ez dela bigarren mailako gaia, ez eta soilik ingurumenekoa ere”, baizik eta osasun publikoarekin, lurralde-kohesioarekin, irisgarritasunarekin, bizi-kalitatearekin eta trantsizio ekologikoarekin zuzenean lotutako politika publikoa.
“Bidegorrien foru-sareak erakusten du politika publikoek mugikortasun-ohiturak eraldatzen dituztela erakundeen ikuspegia, inbertsioa eta konpromisoa dagoenean. Gipuzkoa mugikortasun-eredu jasangarriago, osasungarriago eta bidezkoago bat finkatzen ari da, non bizikletak eta mugikortasun aktiboak gero eta leku gehiago irabazten duten herritarren eguneroko bizitzan”, amaitu du Asensiok.
Donostia, 2026ko maiatzaren 25a